Ahize-AEKren Serrats bezeroa, Bermeon saritua

serratsBermeoko Serrats kontserba enpresak XIX. Hegaluze Saria jaso zuen pasa den hilean Bermeoko Arrain Azokan. Serrats Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzaren bezeroa da 2007tik, kontserba enpresak orduan erabaki baitzuen bere hizkuntza paisaian euskararen presentzia areagotzea.
Arrain Azokako epaimahaiak, Hegaluze Sariaren bitartez, “enpresaren ibilbidea eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna” aitortu gura izan zituen, besteak beste. Esan beharra  dago Serratsek euskarari dagokionez ere jakin duela egokitzen. Izan ere, Ahize-AEK aholkularitzak proposatutako plangintzaren baitan, iaz urrats garrantzitsua eman zuen, produktuen etiketetan euskararen presentzia bermatuta. Enpresaren salmenten gehiengoa kanpo merkatura bideratuta dagoen arren, kontsumitzaile euskaldunak ere kontuan hartu nahi izan zituen Serratsek aurrerapauso horrekin. Beste urrats bat iazko Euskararen Egunean eman zuen, .eus domeinua erosita. Hala, dagokion tokia eskaini zion euskarari bere webgunean. Serratsek balio erantsia aitortzen dio gaur egun euskararen presentziari kalitatezko arrain kontserbak kontsumitzaileen esku jartzerakoan eta Bermeoren izena munduan zehar zabaltzerakoan.

Euslogan lehiaketaren III. edizioan, landa turismoa

eusloganDonostiako AEK-k euskarazko eslogan lehiaketa antolatu du donostiar euskaldun eta euskara ikasleen Iriki atia topalekuaren ekintza osagarri moduan. Euskarazko sormena lantzea du helburu, eta III. edizio honetan landa turismoa sustatzeko esloganak osatu beharko dira. Eredu moduan, gogora dezagun I. lehiaketan, euskararen erabilera bultzatzeko leloak asmatu behar zirenean, ondokoak irabazi zuela: “Euskararen giltza, elkarrekin mintza”. Bigarrenean, berriz, bertoko produktuen kontsumoa sustatzekoan, irabazleek hauxe sortu zuten: “Nahi baduzu gozatu, hemengo produktuak dastatu”.
III. lehiaketan parte hartzeko, nahi adina eslogan bidali ahal izango dira ekainaren 12ra bitartean E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera. Irabazleak landa etxe batean bi lagunentzako bi gau eta gosariak biltzen dituen egonaldirako bonua jasoko du Nekatur elkartearen eskutik. Informazio gehiago  www.irikiatia.blogspot.com orrian.

Datorren ikasturteko matrikula, orain merkeago!

AEK-k aurrematrikula kanpaina jarri du abian. Horren baitan, euskaltegian hurrengo ikasturterako izena ekainaren 19a baino lehen ematen duen ikasleak % 5eko deskontua izango du matrikula prezioan; horrez gain, lehentasuna edukiko du ikas-taldeak osatzeko garaian. Matrikula ordaintzerakoan, berriz, ohiko ordainketan baino epe bat gehiago izango du: lehenengo ekarpenean, 120 €  ordaindu beharko dira 240 ordutik gorako ikastaroetan; eta 100 €, 240-120 ordu bitartekoetan. Dena den, azkenean ikastaroa ez egitea erabakiz gero, osorik itzuliko zaio ikasleari orain aurreratutako dirua, betiere irailaren 26a baino lehen jakinarazten badu.