Agipad eta Nuevo Futuro Gipuzkoa, Ahize-AEKren bezero

ateaAgipad eta Nuevo Futuro Gipuzkoa erakundeak elkarlanean hasi dira Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarekin, haien jardueran euskararen erabilera areagotuko duen plana martxan jartzeko. Irabazi asmorik gabeko elkarte horiek gizarte zerbitzura bideratzen dute euren lana, eta harreman handia dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Sailarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta hainbat udalekin.
Agipad Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea da, eta, haur-nerabeentzako prebentzio tailerrak emateaz gain, Haize-Gain eta Haurtxoak komunitate terapeutikoak kudeatzen ditu. Nuevo Futuro Gipuzkoak, berriz, haur eta nerabeak hartzen ditu kudeatzen dituen etxeetan eta, Aldundiaren irizpideei jarraituta, babestu eta beren garapen integralean laguntzen die.
Biek ala biek euskararen erabilera bermatzeko pausoak emanak zituzten aurretik, baina sistematizatu gabe. Diagnostikoa egin ondoren, 5 eta 4 urteko plana onartu dute, hurrenez hurren. Lehen pausoa erakundearen irudia eta hizkuntza paisaia hobetzera zuzenduko da, eta, ondoren, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien harrera eta zerbitzua hobetuko dira. Agipadek lortu nahi du norbanakoei eskainitako tratamenduak euskaraz ere eskaini ahal izatea; Nuevo Futuroren kasuan, lehentasuna emango zaio haurrak bizi diren etxeetako funtzionamendua euskaraz izateari.

Ekarri laguna eta irabazi matrikula

zozketaZuk euskara praktikoa, norekin? izeneko ekimenaren bidez, AEK-k 15/16 ikasturteko matrikula bat zozkatuko du AEK-ko ikasleek proposatzen dituzten lagunen artean. Oso funtzionamendu erraza du: AEK-ko ikaslea baldin bazara, nahi adina lagun proposa dezakezu, www.aek.eus webgunean dagoen formularioa betez. Gainera, nahi beste aldiz egin dezakezu; beraz, anima itzazu lagunak, familiakoak, lankideak... euskaltegira joan daitezen. Proposatzen diren lagun guztien artean, AEK-k 15/16 ikasturterako matrikula bat zozkatuko du. Era berean, sariduna “animatu” duen ikasleak % 50eko beherapena izango du 15/16 ikasturteko matrikulan. Proposamenak irailaren 23ra arte jasoko dira, eta saridunaren berri irailaren 28an emango da. AEKren webguneko atal batean daude formularioa nahiz nondik norako guztiak. Hortaz, biok lor dezakezue sari bikoitza: matrikulan ageriko abantailak eta zuen harremana euskaraz egiteko bultzada bikaina.

Nork esaten du agurrak tristeak direla?

albisteakAmaitu da ikasturtea. AEKren udako eskaintzaren lekukoa hartuko dutenen zain, ikasgelak hutsik utzi dituzte ikasleek. Ikaskideak eta irakasleak agurtu eta, ikasitakoa mingainean, ate joka diren oporrak hasteko sasoia iritsi zaie. Hori bai: agurretan, malko gutxi AEKn. Batetik, ikasle askok jarraituko dutelako euskalduntzen datorren ikasturtean. Bestetik, ikasturteari agur esateko modu aski atseginak dituztelako euskaltegiek. Horren adibiderik ez da falta: Oarsoaldeko AEK-k, esaterako, barnetegitxoa antolatu zuen Lekeition. Asteburu ederra igaro zuten Errenteria-Oreretako Xenpelar, Pasaiako Txirrita, Oiartzungo Intxixu eta Lezoko Oroitzene AEK-ko ikasle eta irakasleek, Lekeitio ez ezik, Ondarroako hainbat txoko ere ezagututa: Lekeitioko itsasargia, Ondarroako Arraun Elkartearen egoitza eta arrain lonja... Bisitaldiez gain, jolaserako, ibilaldia egiteko eta parrandaz gozatzeko tartea izan zuten, baita kirola egiteko ere. Izan ere, izan zen kanoan eta stand up paddle delakoan ibiltzera ausartu zenik.
Bilboko Indautxu AEK euskaltegikoek ere Bizkaiko kostaldea hautatu zuten asteburu pasa egiteko, eta Urdaibaira jo zuten: itsasadarra itsasontziz ezagutu, Gaztelugatxera bisita egin, Busturian Basajaunaren Ibilbidea egin... Asteburu ederra, ikasleak “errepikatzeko gogoz” utzi zituena.
Urtero errepikatzen dute Bilboko AEK-koek Ikasleen Jaia. Aurten, ekainaren 11n ospatu zuten. Goizean, photocall-etik pasa ostean, Bilborocken batu ziren: Berbaditza diktaketa egin zuten lehenik, Iñaki Irasizabal idazlearen laguntzarekin, eta, gosariaren ostean, Ez dok hiru taldearen Desentxufatuak lana ikusteko aukera izan zuten. Arratsaldean, aldiz, kalejiran eta Zortziak bat jokoan aritu ziren Zazpi Kaleetan, giro onean lehian. Korrika materialaren eta Errigoraren produktuen zozketak ere ez ziren falta izan.
Astigarragako AEK-k ere izan du zer ospatu. Urteroko hitzorduari eutsita, Gurasolagun eta Mintzalagun egitasmoetako partaideak omentzeko ekitaldi bana egin zuten ekainean. Gurasolagunei askari ederra eskaini eta haurrentzako jolasak antolatuta zituzten; eta euskara praktikatzeko urte osoan bildu direnei omenaldia eskaini zieten.
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak, aldiz, barrez agurtu du ikasturtea. Beste ekintza askoren artean, Ordiziako Udalarekin batera antolaturiko XXIV. Euskarazko Txiste eta Pasadizo Idatzien Lehiaketako sariak banatu zituzten. Horrez gain, txiste irabazleak ere entzun ahal izan zituzten Ordiziako Barrena jauregira bertaratutakoek. Txisteok ezagutu nahi? Jo http://goiztiri.blogspot.com.es/ gunera fite!