2016an gaude

donostia

Bazirudien ez zela inoiz iritsiko, baina bai, hemen da, heldu da 2016. “Pellokeria galanta!” pentsatuko dute irakurle askok esaldia irakurtzean, baina ez, ez zaigu burua joan. Izan ere, 2016koa oso urte berezia izango da Donostian, Gipuzkoako hiriburua Europako kultur hiriburuetako bat izango delako urtarrilaren 20tik 24ra bitarteko inaugurazio ekitaldiaren ondoren. Izendapenaren berri jakin zenetik, Donostia 2016ren antolakun-tzak gorabeherez betetako bide malkartsua ibili du; askotan, gehiegitan, alderdi politikoen arteko tirabiren ondorioz baino ez. Politikariek kultura ahotan ibili bai, baina kultura bigarren mailan utzita, ezberdintasunak alde batera utzi eta maizegi kulturaren mesedetan jarduteko gaitasun eskasa erakutsita. Nolanahi ere, ailegatu da kultur hiriburutzaren benetako unea. Bideko ika-mikak eta haiek usu eragindako proiektuarekiko zalantzak atzean geratuko dira. Behingoagatik, kulturak hartuko du, edo hartu beharko luke, protagonismoa. Kritikatzeko ala txalotzeko, baina izan dadila kultura hizpide eta bizigai.

Ikerketa

sagardoaSagardoa ona izan daiteke osasunerako

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertalde batek egindako azterketaren arabera, sagardoa onuragarria izan daiteke osasunerako. EHUko Kimika Aplikatua Saileko talde batek egin du ikerketa, eta Journal of the Science of Food and Agriculture zientzia aldizkarian argitaratu dute. Euskal Herriko bost sagar mota baliatu dituzte ikerketan: Goikoetxea, Manttoni, Moko, Patzuloa eta Txalaka. Sagar mota horiekin egindako sagardoaren konposizio polifenolikoa eta gaitasun antioxidatzailea aztertu dituzte. Polifenolak antioxidatzaile naturalak dira, fruta guztiek izaten dituzte eta sagardoa egiteko prozesuan oso garrantzitsuak dira, eragina dutelako sagardoaren zaporean, itxuran eta kontserbazioan. Ikerketak ondorioztatu duenez, sagardoaren gaitasun antioxidatzailea laranja zukuarenaren antzekoa da, eta ardo gorriarena baino zertxobait handiagoa. Horrenbestez, sagardotegi sasoia hastear dela, nork emango dio ezezkoa kupel artean ibiltzeari, ona ez ezik onuragarria ere izan daitekeela jakinik?

Ipar Euskal Herria

Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoko aholku batzordea utzi du

Iazko azaroan sinaturiko Lurralde Kontratuan euskarari nahikoa garrantzi eman ez zaiolako, EEP Euskararen Erakunde Publikoko aholku batzordea uztea erabaki dute Euskal Konfederazioko eragileek, tartean AEK-k. Lurralde Kontratuaren bidez, Ipar Euskal Herriko hainbat egitasmo finantzatzen dira, eta azaroan sinaturikoa 2014-2020 epealdiari dagokio. Alabaina, Euskal Konfederazioak salatu duenez, hizkuntza-politika garatzeko borondate eskasa azaldu dute frantziar estatuko, Akitania eskualdeko eta Pirinio Atlantikoak departamentuko ordezkariek. Besteak beste, EEPren aurrekontua handitzea eskatu zuen Euskal Konfederazioak, baina aipatu Lurralde Kontratuan ez dizkiete euren proposamenak onartu. Horregatik erabaki dute EEP uztea. Nolanahi ere, zabalik utzi dute elkarlanera itzultzeko atea. Era berean, ontzat jo dute Ipar Euskal Herrian sor daitekeen herri elkargo bakarra euskararen garapenerako aukera ontzat jo dute.

Karta-jokoa

musMartxan da Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa

Herrietako kanporaketak amaitzeko zorian direla, martxoko final handiari so jartzear da Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa (http://ehmus.eus/). Euskal Herriko zazpi lurraldeak batzen dituen txapelketa azaroan hasi zen, eta urtarrilaren amaierara arte herrietako kanporaketak jokatuko dituzte. Otsailaren 20an zazpi lurraldeetako kanporaketak izango dira, eta final handia, berriz, martxoaren 5ean, Zuberoako Urdiñarbe herrian. Hain zuzen ere, Urdiñarbe izango dute buruan parte hartzaileek dagoeneko, nahiz eta gehienak bidean geratuko diren. Ez dira gutxi izango, gainera: aurreko edizioetan bezala, 2.000 bikote baino gehiago ari dira parte har-tzen. Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du txapelketa, mus jokoaren bitartez “Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak josteko” xedearekin. Federazioak antolatu aurretik, baina, Iparra Hegoa elkartearen, Orreaga Fundazioaren eta Bai Euskal Herriari ekimenaren ekinez hasi zen ibilian egun mus zaleen ezinbesteko hitzordua dena. Bidearen amaieran, Euskal Herriko txapeldun izateko ohorea ez ezik, sari paregabeak ere izango dituzte lehiakideek. Orotara, 50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan. Martxoan jakingo da nork beteko duen iaz Joseba Goikoetxea eta Patxi Salaxar legorretarrek hartutako lekua.

Telebista

ranboRambo badator berriro

Bueltan da John Rambo. 80ko hamarkadan zineman arrakasta polita erdietsi zuten filmetako protagonista, Sylvester Stallone aktoreak gorpuzturiko AEBetako soldadu ohi arnegaria, berriz ikusteko aukera izango da aurki. Oraingoan, baina, ez da zineman izango, telebistan baizik. Rambo: New Blood izenburuarekin, telesaila egingo du Fox kateak. Stallonek lekua izango du, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu nolakoa. Berez, ekoizpen exekutiboaren ardura hartuko du Stallonek. Halere, soldaduaren rola betetzeko aukera emango diote, aktoreak hala nahi izanez gero. Indarkeriaz beteriko odol festa hutsalak izanagatik, bere garaian jende ugari erakarri zuten zinema aretoetara Ramboren filmek. Akziozko film haiek omendu nahi omen ditu telesailak. Horrez gain, Ramboren eta semearen arteko harremanean sakonduko ei du. Ezin espero, ordea, drama existentzial sakon eta katramilatsurik pertsonaiei dagokienez. Aitzitik, nolako zura, halako ezpala. Semea ere soldadu ohia izango da, antza. Beraz, Rambotarrak poesiak idazten baino, bazterrak odolez zipriztintzen espero beharko… Bestela izan al daiteke, bada?