Euskaraz eta hurbil

haureskolak

Ezohiko prentsaurrekoa eman zuen Iruñeko Euskalgintzak iragan otsailaren 23an. Ezohikoa, berri pozgarri baten berri eman zutelako: Iruñeko Udalak handitu egin du haur eskolen euskarazko eskaintza 2016-2017 ikasturterako. 30 urtez, eta eskaria egon arren, bi haur eskolatan baino ez da eskaini izan. Datorren ikasturtean, aldiz, lau izango dira. Orain artean, hautu gaiztoa egitera behartu dituzte umeen heziketan euskara lehenesten zuten gurasoak: umeak euskaraz hezi nahi izanez gero, etxetik urrun joan edota haur eskola pribatuetara jo beharra; ala etxetik gertu egin nahi izanez gero, gaztelaniaz hezi beharra. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik azaldu bezala, berri ona da, nahiz eta oraindik euskarazko plaza gehiago behar izan. Nolanahi ere, Iruñeko Udalak eman du lehen urratsa urteetan jasandako bidegabekeria gainditzeko, egoera baztertzailean eroso egon direnek zalaparta eragin arren. Urrats gehiago beharko dira, bai, baina hasi da aldatzen herritarren zati baten bazterketa ahalbidetzen zuen egoera zentzugabea. Izan ere, euskara hurbil sentitzen dutenek euskaraz eta hurbil hezi ahal izango dituzte euren seme-alabak.

Argentina

rugbiErrugbiko ohiturak, futbolera

Futbolaren aitzakian, indarkeria kasu ugari izaten dituzte Argentinan. Epaileei eta jokalariei erasoak, zaleen arteko borrokak, jokalarien artekoak, erailketak… Bortizkeria Argentinako futbolean sakon erroturik dagoelakoan, horri aurre egiteko errugbira jo dute Cordoba hiriko Fundación Pueblo Rugby elkartekoek: hirugarren denbora delakoa futbolean ere ezarri dute. Errugbiko aspaldiko ohitura da hirugarren denbora. Partiden amaieran, bi taldeetako jokalariak eta epaileak batu egiten dira, elkarrekin zerbait hartu eta joko-zelaian gertaturikoak giro adiskidetsuan gainditzeko. Cordoban halaxe hasi ziren duela lau urte behe mailetako taldeekin. Egitasmoak harrera ona izan duenez, orain herrialdeko lehen mailako taldeetara zabaldu nahi dute. Gainera, agintarien babesa ere jaso dute. Finean, partidaren ondoren talde aurkarietako jokalariak batu nahi dituzte, eta topaketen irudiak hartu eta zabaldu. Horrela, eta askorentzat eredu direla kontuan hartuta, futbolariek erakutsiko lukete lehia zelaian amaitzen dela, baita etsaitasuna ere. Herrialde osoko gazte mailetan ere egin nahi dute. Gaztetatik ohituz gero, gazteek arerioekiko enpatia garatuko dutela uste dute, eta, ondorioz, indarkeriazko portaerak gutxitu egingo direla. Nolanahi ere, ikusteko dago goi mailako talde eta jokalariek hartuko duten jarrera, ezinbestekoa izango baita ekimena gauza dadin. Asmo onik, behintzat, ez zaio falta egitasmoari. Halere, eraginkorragoa izango litzateke futbolean sortzen den indarkeriaren arrazoiak sakon aztertzea eta modu serioan lantzen hastea.

Mugikortasuna

ziklotekaMartxan da Zikloteka, bizikletaren dokumentazio gunea

Zabalik da Zikloteka, Gipuzkoako Bizikletaren Dokumentazio Zentroa. Donostiako Kristina Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean  ireki dute, eta bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko dokumentuak biltzen ditu. Kristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu dute egitasmoa, Gipuzkoan azken bi hamarkadotan gaiari buruz sorturiko dokumentazioa leku bakarrean bildu eta herritarren eskura uzteko asmoz. Hala, toki askotan sakabanatutako materiala bateratu dute. Orotara, 1.200 erreferentzia baino gehiago jaso dituzte, hainbat euskarritan: idatzizkoak, ikus-entzunezkoak, grafikoak… Gaiak ere orotarikoak dira, betiere bizikleta eta mugikortasuna oinarri: agiri administratiboak, teknikoak, dibulgatzaileak, aldarrikapenezkoak, zientifikoak… Interesa duen orok kontsultagai du ondare hori guztiori, dela Ziklotekaren egoitzan bertan, dela zentroaren webgunean: http://www.cristinaenea.eus/zikloteka.

Gastronomia

okinMunduko okinik onenak Hego Koreakoak dira

Ogi onena, Hego Korean egiten dutena. Hala diote, behintzat, Parisen jokatu den Munduko 9. Okintza Txapelketaren emai-tzek. Izan ere, Hego Koreako okin talde batek irabazi zuen lehiaketa. Otsailaren 5etik 9ra Parisen eginiko Europain 2016 okintza eta gozogintza erakusketaren baitan jokatu zuten txapelketa. Denera, nazioarteko hamabi herrialdetako okinek hartu zuten parte, hiru ataletan: baguetteak eta munduko ogiak; opilak; eta lan artistikoak. Hiru ataletan, hurrenez hurren, hiru okin hegokorearrok erdietsi zuten urrezko domina:  Chang-Min Lee, Jong-Ho Kim eta Yong-Joo Parkek. Bigarren postua Taiwango taldeak eskuratu zuen, eta hirugarrena, berriz, Frantziakoak.  Ogi kontuetan munduko txapelketarik garrantzitsuena da hego korearrek irabazitakoa, eta lau urtetik behin jokatzen da. Hortaz, datozen lau urteotan, aintzat hartu beharko dira emaitzak. Dena dela, primerako ogitartekoa jateko ez da derrigorrez Hego Koreara joan beharko. Batetik, okin txapeldunek Frantzian ere badituztelako okindegiak. Bestetik, Euskal Herrian ere ogi on askoak topa daitezkeelako, ezta?

Bideo-jokoak

arcadeJolas-makinen zaleek badakite non hartu ostatu Amsterdamen

80ko hamarraldian loraldia izan zuten arcade jokoek. Jolas-aretoetan jaun eta jabe bihurtu ziren jolas-makinak, eta gazte ugari zaletu ziren bideo-joko haietara. Teknologia garatu ahala, bideo-kontsola geroz eta hobeek eta bideo-joko askoz konplexuagoek ia desagerrarazi egin zituzten. Haatik, batzuek nostalgiaz gogoratzen dituzte oraindik ere, eta zale sutsuak ere badituzte. Horiek guztiek aukerako ostatua dute Amsterdamen: Arcade hotel zabaldu berria. Izenak azaltzen duen moduan, garai hartako bideo-jokoei eskainia dago: harrera-lekuan eta tabernan garai hartako bideo-kontsolak eta bideo-jokoak dituzte bezeroen eskura, baita hoteleko 36 geletan ere. Gainera, bideo-joko zaharren menu zabala ere eskaintzen zaie. Komiki liburutegi bat ere badu hotelak. Jabeen hitzetan, “bideo-jokoei eskainitako Europako lehen hotela da”. Ostatua eskaintzeaz gain, bideo-jokozaleen bilgune ere bilakatu nahi dute hotela. 80ko hamarraldian horrelako makinetan paga xahutzen zutenak erakarriko al ditu orain?