Gazteluaren jabe, euro baten truke

etxauzia

Horrela esanda, erakargarria dirudi, ezta? Bada, are erakargarriagoa da Etxauzia elkartearen ideia: Baigorriko Etxauzia jauregia Nafartarren Etxea bilakatu nahi dute, bertan proiektu zabala garatzeko. Egun jabetza pribatua dena “euskaldun guzien esku” utzi nahi dute, eta pentsatua dute zer-nolako erabilera edukiko lukeen gazteluak. Alde batetik, euskal historia, kultura eta ekonomia suspertzeko tresna izango litzateke (bisita gidatuak, erakusketak, artxibategia, ikerketa genealogikorako gunea, bertako lantegien eta ekoizpenen erakusleihoa...). Bestetik, elkarbizitzarako toki bihurtuta, euskal diasporaren eta bertoko euskaldunen arteko zubi lanak egingo lituzke (ostatua, urruneko euskaldunen aterpetxea, kontzertuak, ikastaldiak...). Eraikina erosi eta atontzeko, ordea, hiru milioi euro behar dira, hots, euskal herritar bakoitzeko euro bat. Xede hori lortzeko abiatu dute Euskaldun bat, euro bat – Konda gaitezen! kanpaina. Elkartekoen moduan “Euskalduna naiz eta... Etxauzia dut maite!” sentituz gero, www.euskaldunbateurobat.com atarian egin daiteke ekarpena.

Paris

paris

‘Maitasunaren giltzarrapoak’ bueltan dira

Bada maitasuna betierekoa dela dioenik. Kontu oso eztabaidagarria, dudarik gabe. Are gehiago maitasuna giltzez itxitako giltzarrapoekin irudikatzen denean. Bada, maitasunaren ikuspegi beldurgarri hori eternala bilakatzear dago Parisen, maitasunaren giltzarrapoen afera berriz ere piztu baita. Federico Moccia idazlearen eleberri bat oinarri, eta munduko beste zenbait lekutan gertatu den bezala, Parisko Pont des Arts giltzarrapoz josi zuten milaka lagunek, nagusiki turistek: maitemindutako bikoteek kandaduak lotzen zituzten zubiaren barandetan, euren maitasunaren “hilezkortasuna” irudikatzeko. Iaz, baina, Parisko agintariek kendu egin zituzten, eta kandadu gehiago jartzea debekatu, haien pisuak kalte handiak eragiten zizkiolako zubiari. Haatik, orain beste zubi batean hasi dira agertzen giltzarrapoak: Pont Neuf zubian, hiriko zubirik ezagunenetakoan. Zehazki, zubiaren erdian dagoen plaza txiki batean. Leku hori ere turistez mukuru izaten denez, giltzarrapoak ugaritzen hasiko direla ia ziurtzat jo daiteke. Kandadu saltzaileak ere ibiltzen dira inguruan, nahiz eta polizia salmentak saihesten ahalegindu. Akaso, isunak jarri beharrean, maitatzea ez dela inori lotua egotea gogoratu beharko zaio maitemindu saldoari… Zubien egoera ez ezik, giza harremanak ere hobetuko lituzke horrek, ziur.

Osasuna

loEgunero sei ordu lo eginda ez da atarramenturik

Lo ez egiteak bezainbeste eragiten dio gaitasun kognitiboari egunero sei orduko loaldia egiteak. Batean zein bestean, errendimendu eta kognizio defizita antzekoa izaten da. Hala ondorioztatu du Pensylvaniako Medikuntza Unibertsitatean (AEB) eginiko lan batek. Lo eta atseden faltak gizakion errendimenduan duen eragina aztertzeko, ia 50 lagunen loaldiak aztertu dituzte. Bi astez, boluntarioak lau taldetan banatu zituzten: adituek aholkatu ohi duten moduan, egunero zortzi ordu lo egin zutenak; egunero sei orduko loaldia izan zutenak; eguneroko loa lau ordutara mugatuta izan zutenak; eta bi egunez jarraian lo egin barik egon zirenak. Jakina, talde guztien artean, zortzi ordu lo egiten zutenek erakutsi zuten jardun eta errendimendu normala. Hortik behera, zenbat eta lo ordu gutxiago, orduan eta errendimendu eta kognizio gabezia handiagoak espero zituzten ikertzaileek. Baina hamargarren egunetik aurrera joera aldatu egin zen: egunero sei ordu lo egin zutenen errendimendua bi egunez  batere egin ez zutenena bezain kaskarra izan zen. “Portaera kognitibo eskas berbera izan zuten”, ikertzaileen hitzetan. Halaber, horrek erakusten du, ikerketaren egileen ustez, ez dagoela alderik bigarren eta laugarren taldeen artean. Hau da, sei ordu lo egiteak eta ia deus ez egiteak antzeko eragina dauka gure jardunean.

Txirrindularitza

pantaniMafiak Marco Pantaniren dopin analisiak aldatu zituen

Bizirik zenean idolo eta hil ostean mito, Marco Pantani Pirata txirrindulariak (Cesena, Italia, 1970 – Rimini, Italia, 2004) zeresan handia eragiten du oraindik ere. Oraingoan, Pirataren kirol eta giza gainbeherari hasiera eman zion gertakaria da hizpide: 1999ko ekainaren 5ean, Italiako Giroaren amaieraren bezperan, maglia arrosaren jabe zela eta Giroa nagusitasun handiarekin irabaztear zegoela, lasterketatik kanporatu zuten, onarturiko hematokrito maila gainditu zuelako analisi batzuetan. Ordutik eta 2004an hotel bateko logelan hilik aurkitu zuten arte, eskalatzaile bikainak ez zuen bururik altxa. Bada, Camorra Napoliko mafia 1999ko gertakari harekin lotu du Forliko (Italia) fiskaltzak, La Gazzeta dello Sport egunkariak jaso duenez. Sergio Sottani fiskalaren ustez, Camorrako klan batek aldarazi zituen analisi haiek, Pantanik positibo eman zezan. Hala, Pantaniren kontra egindako apustuak irabazi eta dirutza eskuratu zuten. Hau da, legez kanpoko apustuak tarteko, Camorrak ez zuen nahi Pantanik 1999ko Giroa irabaztea. Hortaz, mediku bat mehatxatu zuten Pantaniren analisien emaitzak alda zitzan. 2014tik ari da ikertzen afera Forliko fiskaltza, mafiaren iruzurrak tartean zirela susmatuta. Besteak beste, kartzelaturiko mafiako kide baten autobiografian idatzitakoak izan dituzte susmo iturri nagusi: Rento Vallanzasca mafiosoaren arabera, kartzelan zela, 1999an Pantaniren aurka apustu egiteko aholkatu zion beste kide batek. Beldurrez, Vallanzascak ez die ikertzaileei inolako laguntzarik eskaini. Haatik, beste zenbait ikerketa egin ostean, mafiaren parte hartzeaz ziur agertu da fiskaltza. Pantaniri buruzko kontuekin gertatu ohi den lez, zaila da aferaren atzean zer dagoen asmatzea. Oso maite dute italiar tifossiek Pantani eta, beraz, mitoaren erorketa iluna zuritzeko ahalegintzat jo daiteke kontu hau guztia, mafiaren kontrako ekinbidetzat baino. Gainera, bide judiziala ere motza izango da: deliturik izan bazen, jada preskribatua dago, eta, ondorioz, auzia artxibatu beste irtenbiderik ez du izango fiskaltzak.

Sagardoa

blackJanari lasterra eta txotxa uztartuko ditu AEBetako jatetxe batek

Euskal Herriko sagardotegietako giroa ezagutu ahal izango dute, neurri batean, Ipar Carolinako Durham hirian. Izan ere, Matthew Beason sagardoetan adituak eta John Eisensmith sukaldariak Black Twig izeneko sagardotegia zabaldu zuten martxoaren amaieran. Sagardotegia bai, baina berezi samarra: sagardoa eskainiko dute “kalitatezko janari lasterrarekin uztartuta”, Beasonek EuskalKultura.com atariari azaldu dionez. Hau da, bakailaoa, txuletak, gazta, intxaurrak eta irasagar-gozokia beharrean, hainbat saltxitxa mota, patata frijituak eta antzeko jakiak jan ahal izango dira jatetxean. Hori bai, sagardoa txotxetik edateko aukera ez da faltako. “Nik dakidanez, Euskal Herrian egiten den bezala edalontziak sagardoz betetzeko mahaikoak altxako diren AEBetako lehen jatetxea izango da” zehaztu du aipatu webgunean Beasonek. Duela hamar urte ezagutu zuen berak euskal sagardoa, eta, ordutik, ahal duen gehienetan etortzen da Euskal Herrira bertoko janariez gozatzera. Dena dela, jatetxean ez dituzte soilik Euskal Herriko sagardoak izango, munduko beste hainbat herrialdetakoak ere eskainiko baitituzte: Alemaniakoak, Italiakoak, Frantziakoak, Asturiasekoak (Espainia), Ingalaterrakoak, AEBetakoak bertakoak... Sortuko ote dute “txooootx!” oihukatzeko ingelesezko aldaerarik?