Mugan, pausalekua topaleku

aulkia

Tolosako Bedaio auzoak eta Nafarroako Azkarate kontzejuak bat egiten dute Zarateko lepoan. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga, mendeetan, bateko zein besteko biztanleen topaleku izan da. Izaera hori berreskuratu nahi izan du uda honetan Azken Muga egitasmoak. Hainbat artista plastikok bultzatua, natur gunea kulturaz bete, eta inguruko herritarren bilgune bilakatu dute berriro ere. Hala, udak iraun bitartean, hainbat eskultura ipini dituzte Zaraten, naturaren erdian. Guztien artean nagusi egitasmoaren ikur bihurtu den aulki erraldoia. Herriz herri ibili ostean, uda osoa eginen du Zaraten, pausalekua dena topaleku bihurtzeko. Jendea haren inguruan biltzeko. Halaxe ari dira uda osoan, zenbait kultur ekitaldiren bitartez. Tartean, duela hainbat hamarkadara arte paraje berean egiten zen erromeria. Egitasmoak irailaren 24an emango ditu uda honi dagozkion azkenak, Et Incarnatus Orkestraren emanaldiarekin, Zaraten bertan. Ondoren, lehen bezala utziko dute ingurua. Artelanen zantzurik geratuko ez bada ere, arrastoa utziko du. Izan ere, erromeria berreskuratu, eta urtero egiteko asmoa dute antolatzaileek. Mugak topaleku izaten jarrai dezan.

Finlandia

Tontorrik garaiena opari

halti2017an herrialdearen independentziaren mendeurrena ospatuko dutela-eta, ezohiko oparia jaso dezake Finlandiak Norvegiaren partetik: Halti mendiaren (samieraz, Haldi; suomieraz, Haltitunturi) tontorra. Hala izango balitz, Finlandiako gunerik garaiena bihurtuko litzateke Halti. Horretarako, baina, Norvegiak zertxobait aldatu beharko luke muga. Halti mendia Norvegiaren eta Finlandiaren arteko mugan dago, eta bi tontor ditu. Bata Finlandiako lurretan dago, 1.324 metro garai da eta herrialdeko tokirik garaiena da. Beste tontorra, 1.365 metrokoa, oso gertu dago, baina Norvegiako lurretan. Hartara, oparia egin ahal izateko, 40 metro inguru mugitu beharko luke Norvegiak muga. Eskaria 2015ean egin zuen Bjorn Geirr Harsson geofisiko eta topografo erretiratuak, eta ordutik babes zabala jaso du bai Finlandian, bai Norvegian. Halere, Norvegiako erakundeen hainbat ordezkarik azaldu dutenez, ez da erraza, herrialdeko legeak tarteko, aipatu muga mugitzea. Hain juxtu, gaiari buruz mintzatzean, ”arazo formalak” aipatu ditu berriki Norvegiako lehen ministro Erna Solbergek. Nolanahi ere, gobernua ”aukera aztertzen” ari dela esan du. Hori bai, ustez garrantzi gutxiko gai horrek beste auzi bat ipini du mahai gainean: sami herriarena. Eremu hartako jatorrizko biztanleak dira samiak, eta haientzat mugak ez du inolako zentzurik. Adibidez, euren elur-orein taldeak batera eta bestera ibiltzen dira mugez gaindi. Hala, sami askoren ustez, eremuak ez luke izan behar ez Finlandiarena, ez Norvegiarena. Kasu egingo ote diete?

Ikastolak

demasaKilometroak 2016, 'Demasa' izateko lanean

Bergarako Aranzadi ikastolak antolatuta, urriaren 2an izango da aurtengo Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Aranzadi ikastolak hirugarrenez antolatuko du, eta demasakoa, “ahaztuko ez duguna”, izatea nahi du, Demasa leloak ondo azaltzen duenez. Bi helburu nagusi izango ditu aurtengo jaiak. Jendarteari begira, ikastolen elkartearen, herriaren eta eskualdearen aniztasunetik abiatuta, “adimen, adin, pentsaera, sentimendu, joera, jatorri, hizkuntza... gaitasun horiek guztiak batzea eta elkarrekin lanean jartzea Kilometroen, euskararen eta ikastolen mesedetan”. Ekonomikoki, aldiz, duela zenbait urte ikastola eraikin bakar batean jartzeko egindako obrarako maileguak ordaintzea. Xehetasun guztiak www.kilometroak.eus guneak biltzen ditu. Tartean, urriaren 2ko hitzorduko egitaraua, jakina.

Bitxikeria

heavyZein dira heavy metal taldeen hitzik erabilienak?

Heavy metal musika estiloak eta haren eratorriek milioika zale dituzte mundu zabalean. Musika motaren ezaugarriak eta estetika direla-eta, askotan hitz gogorrekin lotu izan dira estilo horretako kantuak. Nolanahi ere, ez dirudi letrak hain gogorrak direnik; ez, behintzat, datu analisiak egiten dituen Degenerate State (http://www.degeneratestate.org) guneak jakinarazi duenez. Heavy metal taldeek erabiltzen dituzten hitzak aztertzeko, Darklyrics.com guneko datuak (metal taldeen abestiak biltzen dituen webgunea) eta ingelesezko corpus bat alderatu ditu. 7.364 talderen 22.314 disko baino gehiagotako 222.623 abesti aztertu ostean, kantuotan gehien erabiltzen diren hitzen zerrenda osatu du Degenerate State-k. Honatx hitz errepikatuenen hurrenkera: Burn (erreta/erredura), Cries (negar egiten du), Veins (zainak), Eternity (eternitatea), Breathe (arnasa hartu), Beast (piztia), Gonna (egingo dut/duzu), Demons (deabruak), Ashes (errautsak) eta Soul (arima). Kontrakoa ere egin dute. Hau da, batere “metaleroak” ez diren hitzen zerrenda. Horiek ez dirudite oso hitz erakargarriak, ez heavy metal estilorako, ezta beste askotarako ere: Particularly (partikularki), Indicated (seinalatua), Secretary (idazkaria), Committee (batzordea), University (unibertsitatea), Relatively (erlatiboki), Noted (ezaguna), Approximately (gutxi gorabehera), Chairman (presidentea/mahaiburua) eta Employees (enplegatuak).

Ikus-entzunezkoak

'Game of Thrones' Zumaian eta Bermeon grabatuko dute

itzurunIazko irailean Nafarroako Bardeak grabatzeko baliatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da HBO katearen Game of Thrones telesail ospetsua. Izan ere, aurtengo udazkenean Zumaian eta Bermeon grabatuko dituzte telesailaren zazpigarren denboraldiko zenbait eszena. Zehazki, bi paraje ezin ezagunagoetan egingo dute: Zumaiako
Itzurun hondartzan eta Bermeoko Gaztelugatxen. Grabaketak direla-eta, hainbat egunez itxi egingo dituzte bi guneak. Albisteak orotariko iritziak piztu ditu. Grabazioak eragingo dituen onura ekonomikoak nabarmendu dituzte gehien. Hasteko, estra moduan lan egiteko edota prestaketa lanetan aritzeko jendea kontratatuko dutelako. Horrez gain, telesaila hain arrakastatsua izanik, hala Zumaiara nola Bermeora bisitariak erakartzeko balioko duelako. Hots, turismoari mesede egingo diolako. Bardeetan, esaterako, grabazioa egin zutenetik % 41 ugaritu da bisitarien kopurua. Argudio horien aurrean kezka agertu duenik ere bada. Batetik, gehiegizko bisitarien etorrerak izan dezakeen eragin kaltegarriengatik. Bestetik, grabazioa babestutako inguruneetan egingo dutelako. Halere, Bermeoko turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak hainbat hedabidetan azaldu duenez, ekoizpen etxeak aintzat hartuko du ingurune babestuak direla. Zalantzen gainetik, ordea, bistakoa da grabazioak piztutako ikusmina. 2017ko udan jakin ahal izango da zelan moldatu diren Zumaiako flysch-etan eta Gaztelugatxen Stark, Lannister eta telesaileko gainontzeko familia protagonistak, orduan estreinatuko baitute zazpigarren denboraldia.