365

eguna

Duela zenbait hilabete, aldizkari honetako Ez da hain fazila gehigarrian, Galde Debalde atalean, ondoko galdera jaso genuen: Zuzena da “Agate Deuna OSPATUKO dugu” esatea? Ia mundu guztiak esaten du...”. Bada, AIZU!ko hizkuntza arduradun prestatuek prestuki erantzun zioten “ez fidatzeko mundu guztiaz, badaezpada ere...”. Lehen zentzuzko aholkuaren ostean, itaunari artez erantzun zioten: “Gure ustez, egunak (jaiak, ospakizunak) ospatzen ditugun moduan, pertsonaiak (baita santa/santuak ere) omendu egiten ditugu”. Abenduaren 3a Euskararen Eguna izango da. Hizkuntzaren arauei jarraikiz, ospatzea litzateke zuzenena, bistan denez. Akaso, euskara omendu nahiko duenik izango da. Haatik, euskarak ez du sakralizaziorik behar. Egon bitez santuak zeruan eta euskara lurrean. Ez arrastaka, bizirik baizik, ahoz aho saltoka, hitzetik hortzera. Orduan bai, orduan izango dugu ospatzeko motiborik. Bien bitartean, egitea eta eragitea hobe. Egunero.

Hizkuntza

tribua‘Tribuaren berbak’, telebistatik ikasgelara


Soziolinguistikaren bidetik, euskarari buruzko jakingarri ugari zabaldu zituen ETB1eko Tribuaren berbak saioak. Orain, eskoletan ere landu ahal izango da, saioa oinarri hartuta prestatu dituzten hamar sekuentzia didaktikoei esker. Saioaren gidariak berak, Kike Amonarrizek, zuzendu du proiektua, eta EITBren eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren laguntza izan dute. Orotara, 60 saio eman zituzten telebistan, eta haietan jasotakoa 10 sekuentzia didaktikotara ekarri dute. Telebista saioetako edukia ikastetxe eta euskaltegi askotan baliatzen zutela ikusita, beste erabilera bat eman nahi izan diote jakintza horri guztiari. Hala, ikus entzunezko materiala material pedagogiko bilakatu dute. Helburu didaktikoa oinarri, sekuentzien helburua da ikasleek “gure errealitate soziolinguistikoa ezagutzea eta gogoeta egitea”, Amonarrizek aurkezpenean esan zuenez. Sekuentzia didaktikoen koordinatzaile Iñaki Zapirainek azaldu zuenez, alderdi soziolinguistikoa eta alderdi komunikatiboa lantzea dute xede sekuentziek, betiere modu kooperatiboan. Horretarako, ordenagailuan erabiltzeko prestatu dute material guztia, programako bideoak tarteko. Azken horiek, gainera, transkribatu egin dituzte, ezintasunen bat dutenek edota euskara ikasleek ere erabili ahal izateko. “Material sinple eta erabilgarria izatea lortu dute” zehaztu zuen Amonarrizek. DBHra begira atondu dituzte sekuentziok. Halere, ikastetxeetan ez ezik, euskaltegietan eta interesa duten leku guztietan ere balia daitezke. Interneten eskura daitezke, doan. Zehazki, Eimaren katalogoan: http://www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak/.

Italia

asisHoteletako gelak doan haurrak eduki nahi dituztenentzat


Herrialdeko jaiotza-tasa txikia irauli nahian, ekimen bitxia abiarazi dute Italiako Asis hirian: haurdun geratzeko ahaleginetan dabiltzan bikoteei musu-truk utziko dizkiete hoteletako logelak. Hiriko zenbait hotelek sortua, Fertility Room (Ugalkortasun Gelak) izena ipini diote. Funtzionamendua oso erraza da: hotelean egon eta bederatzi hilabetera, umea jaio dela ziurtatu behar dute bikoteek, jaiotza-agiria erakutsita. Hori egiten duten bikoteei hoteleko egonaldiaren dirua itzuliko diete. Asisko Udaleko turismo zinegotziaren proposamen bati erantzunez sortu dute Fertility Room. Munduko herrialdeen artean, jaiotza-tasa txikienetakoa du Italiak, eta, ustez, kezka horrek bultzatuta egin zuen proposamena aipatu zinegotziak. Horrekin batera, turismoa bultzatzeko asmoa ere badu ekimenak, noski. Ikusteko dago jaiotzak ugaritzeko balioko ote duen. Turismoa erakartzeko, berriz, eraginkorra izan daiteke. Azken batean, albiste xelebre baino xelebreagoa aisa zabalduko da nazioartean. Publizitatearen ikuspuntutik, ekimen emankorra, zalantzarik gabe.

Errenteria-Orereta

santomas30. San Tomas egunean, ‘AEKtxo’ erregin

Abenduaren 21ean, omenaldi berezia jasoko du Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiak: San Tomas eguneko protagonista nagusiak, egun horretako feriaren erdian paratzen duten txerri emeak, AEKtxo izena edukiko du. Izendapen xelebre eta dibertigarri horrekin, San Tomas egunaren alde urte luzez egindako lana aitortuko diote Xenpelar AEKri. Izan ere, hark ekin zion, duela 30 urte, herrian San Tomas eguna antolatzeari. Ordutik, jai berezia bilakatu da. Baserritarren azokaren eta txistor postuen inguruan jendetza bildu ohi da urtero, festa giroan. Duela bospasei urte Xenpelar AEK-k jaia antolatzeari utzi bazion ere, herritarren parte hartzeari esker egin du aurrera Errenteria-Oreretako San Tomas egunak. Propio sorturiko batzordeak antolatzen du egun, herriko hainbat elkarte, eragile eta norbanako bilduta; tartean, Xenpelar AEK, jakina. Pozik dira herriko euskaltegian 30. urteurrenaren harira jasoko duten omenaldiarekin. Ohituta ere bai, ziurrenik; izan ere, San Tomas eguna antolatu izan duen urte luzeetan euskaltegiko irakasle edo ikasle baten izena hartu izan du txerriak urtero. Aurten, hortaz, denek izango dute tokia AEKtxo izenaren pean: ikasle, irakasle eta AEKtik igarotako lagun guztiek. Bejondeiela!

Indonesia

arratoiArratoi erraldoien ehiza hasi dute Jakartan

Osasun arazo larriak eragiten dituztela eta, arratoi erraldoiekin kezkatuta dabiltza Indonesiako hiriburu Jakartan. Azkenaldian, asko ugaritu dira arratoi erraldoiak hirian; horrekin batera, gaixotasunak, batik bat arratoien txizaren bidez zabaltzen direnak. Iaz, esaterako, arratoien txizarekin lotutako gaixotasunengatik 40 lagun hil ziren Jakartan. Gainera, azkenaldian eskualdean uholdeak ere ugaritzen ari direnez, gaixotasunak hedatuko diren beldur dira agintariak. Horren aurrean, erabaki tinkoa hartu du hiriburuko gobernadoreak: ehizaturiko arratoi erraldoi bakoitzarengatik 20.000 errupia indonesiar ordainduko dituzte. Hots, 1,4 euro inguru. Gutxitxo dirudi, baina kontuan hartu behar da Jakartako biztanleen % 40 inguru bizi dela egunean 2 euro baino gutxiagorekin. Beraz, ordainsari aski erakargarria da. Jendearen artean izandako harrera ona ikusita kezkatu denik ere bada. Adibidez, hiriko poliziak eskatu die hiritarrei ez erabiltzeko su armarik arratoiak harrapatzeko, inor zauritu ez dezaten.