Sagardo berriaren zipriztinen zain

sagardoa

Urtarrilarekin batera ekingo diote Euskal Herriko sagardotegiek txotx sasoiari, sagardo berria dastatzeko aukera zabalduta. Hala, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 11n Astigarragako Zapiain sagardotegian ospatuko dute Sagardo Berriaren XXIV. Eguna, aurtengo sagardoa dastatu eta ezaugarriak ezagutzeko balioko duena. Ohi denez, pertsonaia famatu batek emango dio hasiera denboraldiari, edalontzia eskuan “Gure sagardo berria!” oihukatuz. Orriok idazteko tenorean, antolatzaileek jakinarazi gabe zuten nor izango den aurten pertsona hori. Izena jakiteko, baita aurtengo sagardoaren ezaugarriak ezagutzeko ere, hilaren 11ra arte itxaron beharko. Hori bai, sagardo faltarik ez da izango, behintzat: Sagardoaren Lurraldetik jakinarazi dutenez, aurten guztira 12,5 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte Hego Euskal Herrian. Lurraldez lurralde ere egiten dituzte tokian tokiko txotx denboraldiaren aurkezpenak, lurralde bakoitzeko ekoizleen eskutik. Hilaren 11tik aurrera, beraz, izango da guztien berri jasotzeko aukera, eta, batez ere, haiek dastatzekoa. On dagigula!

Hedabideak

thebaldeAgur ‘The Balde’ aldizkariari

Hamabost urtean 89 zenbaki kaleratu ostean, azaro-abenduko zenbakiarekin bere ibilia amaitu berri du The Balde aldizkariak. Euskal prentsako gainontzeko hedabideen aldean, aldizkari berezia izan da: elebiduna (euskaraz eta ingelesez), diseinu aldetik berritzailea, edukietan sorkuntzari ateak parez pare zabaldu dizkio. Doan banatzen zen. Aldizkariaren zuzendari Koldo Almandozek Berria kazetan azaldu duenez, jarraitzeko aukera bazuten. Halere, hainbat arrazoi tarteko, uztea erabaki dute. Zorionez,  www.thebalde.net webguneak biltzen du 2001etik 2016ra bitartean ondutako guztia. Utzitako hutsunea gozatzeko balioko ahal du! Hori bai, oraingoz, 87 zenbaki  daude. Azken bi zenbakiak zintzilikatzeko esperoan... eskerrik asko, The Balde!

Crowdfunding

ehzEHZk diru bilketa abiarazi du

2014an ekaitz batek eragindako diru galerei aurre egin eta etorkizuneko martxa ziurtatzeko, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak crowdfunding bidezko diru bilketa hasi du. Zuloa eragin zuen ekaitz hark, eta ordutik egoera ekonomiko larrian izan da Euskal Herria Zuzenean elkartea. Zehazki, 100.000 euroko zorra kitatu nahi du. Kinka larrian izanik ere, festibala errotik berrantolatu eta formula egokitzearen aldeko apustua eginda, aurrera jarraitu du azken bi urteotan. Formula egokitzat dute, “epe luzera bizigarria eta iraunkorra”. Halere, zulo ekonomikoak proiektu berria garatzea oztopatzen die.  Zorraren zama bizkarretik kentzeko abiarazi dute diru bilketa https://www.helloasso.com plataforman. Abenduaren 8an hasi zuten, eta hiru hilabetez izango da diru ekarpenak egiteko aukera. Ekarpenaren kopuruaren arabera, sari bat edo beste jasoko dute laguntza ematen dutenek: afixa serigrafiatua, elastikoa, sarrerak... Bien bitartean, aurtengo edizioa prestatzeko lanak hasi dituzte. Aurten, ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da, Lekornen, ohi bezala. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, urteon berrikuntzak izango ditu “musika festibal bat baino gehiago, gizarte eredu bat” den  EHZk.

Txirrindularitza

podiumEmakume modelorik ez Down Under Tourreko podiumean

Lasterketaren amaiera. Podiumaren goialdean, ziklista garailea. Albo bakoitzean, laguntzaile lirain bana. Txirrindularitzan oraindik ere oso ohikoa den irudia ez da ikusiko aurten Australiako Down Under Tour lasterketan (urtarrilaren 17tik 22ra). Antolatzaileek erabaki dute podiumean ez dela izango emakumezko modelorik txirrindularien aldamenean. Modeloen ordez, junior mailako txirrindulariek lagunduko diete txirrindulariei etapa bakoitzaren amaieran podiumera igotzen. Australiako Hegoaldeko gobernuak bultzatu du aldaketa halako ekimenei babesa kenduz, administrazioa bera  kontrako bi jokabide sustatzen aritu dela ohartu baita. Izan ere, irudi fisikoa dela-eta arazoak dituzten neska gazteei laguntzeko programak dituzte martxan, baina, aldi berean, emakumezko laguntzaileak erabiltzen dituzten txirrindularitza eta auto eta motor lasterketak babesten dituzte. Hain zuzen, Down Under Tourraren aurretik kendu zituzten modeloak auto lasterketa ezagun batetik. Txirrindularitzan, lasterketa ugaritan ikus daitezke emakume modeloak podiumean. Gizonezkoak ere bai, emakumezkoen zenbait lasterketatan, baina askoz ere gutxiagotan. Alabaina, pertsonak, ia beti emakumeak, objektu bezala erabiltzearen kontrako ahotsak ugaritzen ari dira. Zenbait lekutan eta maila apalagoetan, pixkanaka ari dira ohitura horiek aldatzen. Halere, Down Under Tourra UCI Pro Tour-eko lasterketa da, maila gorenekoa, alegia; beraz, oihartzun handiagoa har dezake, onerako. Gainerakoek ere eredu horri jarraitzea falta, ordea.

Teknologia

robotPolinizatzeko gai den robot intsektua sortu dute

Loreak topatu, polena jaso eta polen hori beste lore batzuetara zabaldu. Erleen eta beste zenbait intsektu polinizatzaileren antzera joka dezakeen robota sortu dute Varsoviako Unibertsitate Politeknikoko (Polonia) zien-tzialariek. Arrakastaz, gainera. Iragan udan probatu zuten landa eremu batean eta, robotaren sortzaileek azaldu dutenez, robotak polinizatutako landare baten hazia lortu dute. Haien ustez, robota lagungarria izango da mundu osoan gertatzen ari den arazo bati aurre egiteko: polinizazioan funtsezkoak diren erleen populazioaren murrizketa. Sortzaileek diotenez, robotak ez ditu erleak ordezkatuko, baina haien lana osatu ahal izango du. Bi robot intsektu sortu dituzte: batak hegan egiten du eta bestea lurrean ibiltzen da. Biek ere oso modu zehatzean lan egin dezakete. Programa informatiko bati esker, eremu konkretuetan jardun eta lore espezie jakinak bila ditzakete. Sortzaileen iritziz, doitasun handiko nekazaritzan jarduteko baliagarriak izango dira. Ongarri eta pestizidak landare edo kokaleku jakinetan zabaltzeko, adibidez. 2017an prototipo gehiago egin nahi dituzte, eta bi urte barru seriean ekoizten hasi nahi dute.