Ondo merezitako omenaldia

dorsala

1980ko udazkenean, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen lehenengo Korrika haren 1.529. kilometroa egin zenean, gutxi falta zen lehen edizioa amaitzeko: guztira, 1.580 kilometro izan ziren. Harrezkero, makina bat egin ditu lekukoak, eskuz esku. Korrika egiteko ideia eduki zutenek ez zuten berehalakoan irudikatuko ekitaldi hark izango zuen arrakasta, ezta zenbateraino luzatuko zen etorkizunean ere! Are gutxiago, Euskal Herriak esportatuko zuen ideia zoragarri eta zorogarrienetakoa izango zenik. Korrikaren sortzaileek, gainera, helburua bete zuten: AEKrentzako dirua bildu, erakundea kinka larrian baitzegoen. Hortaz, bazen lagun haiek omentzeko garaia! Hala, 20. Korrikaren omenaldi ekitaldian bilduko gara Korrikazale guztiok, datorren otsailaren 11n, Irungo Ficoban. Besterik ez bada ere, “artista” haien ekina irribarre eta  txalo zaparrada artean aitortu eta eskertzeko. Izan ere, haiek izan zirelako gara gaur egun milaka eta milaka Korrikazale.

Elikadura

burgerEuskal janari lasterra sortzeko ideiarik bai?

Hanburgesak, pizzak, kebabak... nork ez ote du fast food edo janari lasterrik dastatu? Jateko ohiturak aldatu ahala, ugaritu egin da janari lasterraren kontsumoa euskaldunon artean. Hori dela eta, euskal janari lasterra sortzea du xede Jakiberri proiektuak: azkar prestatzeko jakiak, eta “naturalak, osasungarriak, anitzak eta nutritiboak”, betiere euskal sukaldaritza oinarri. Lan horretan, ideia lehiaketa antolatu du Jakiberrik. Zehazki, zazpi atal izango ditu lehiaketak. Produktu berriak sortzeko ideia berritzaileak sarituko dituen maila orokorraz gain, honako beste hauek: azkenburukoak, gosari edo hamarretakoa, askaria, afaria, edaria eta umeen janaria. Maila bakoitzeko sari bana izango da, eta guztira 4.000 euro banatuko dituzte saritan. Nolanahi ere, lehiaketaren xehetasun guztiak https://www.elkarbide.com/eu gunean kontsulta daitezke. Martxoaren 30ean amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea, beraz, euskal janari lasterraren xerka, bizkor ibili beharko!

Japonia

phoneKomuneko paperaren alboan, “sakelako papera”

Tokioko nazioarteko aireportuko komunak erabiltzen dituztenek garbiketarako zerbitzu berria topatuko dute: sakelakoak desinfektatzeko papera. Japoniako telefono konpainia batek ipini ditu, NTT Docomo-k, hain zuzen. Laurogeita sei komunetan ipini dute, eta aurtengo martxora arte izango dituzte, proba gisa. Ohiko komuneko paperaren ondoan ipinita, paper berezia da, eta nagusiki turistentzat. Finean, segapotoaren pantaila garbitzeko balio du. Hori bai, papera baliatzen dute enpresari buruzko publizitatea egiteko. Japoniako komunek sona dute, dela oso garbiak egoten direlako, dela teknologia berrikuntza ugari eransten dizkietelako. Sakelakoak garbitzeko paper berezia ipintzea bitxitzat har daiteke, baina badu bere arrazoia. NTT Docomo enpresak berak jakinarazi du datua: sakelako baten pantailan, komun bateko eserlekuan baino bost aldiz germen gehiago topa daitezke. Beraz, komeni da sakelakoarekin txukun aritzea...

Ekonomia

euskokart‘Euskoa’, txartelean ere bai

Ondo bidean, esku dirutan ez ezik, txartelean ere erabili ahal izango da eusko moneta soziala. Euskal Moneta elkarteak 2013ko urtarrilean jaulki zuen euskoa, xede argiarekin: ekonomia ekologiko, solidario eta euskalduna sustatzea, baita tokiko ekonomia bultzatzea ere. Egun, 3.000 lagunek darabilte, eta 660 enpresa, elkarte eta saltokitan onartzen dute. Orain, beste urrats bat eman nahi dute, EuskoKarta izeneko txartela sortuz. Monetaren antzera, euskoa onartzen duten lekuetan erabili ahal izango da txartela. Alta, EuskoKarta martxan jartzeko, 30.000 euro behar ditu elkarteak, eta kopuru hori lortzeko diru bilketa abiarazi du, euskokart.org webgunean. Urtarrilaren 19an ipini zuten martxan, eta bi hileko iraupena izango du. Hain juxtu, kanpaina amaitzen denean, martxoaren 19an, Eusko Eguna egingo dute, Baionan.

Teknologia

hushme‘Hushme’, belarriluzeak saihesteko gailua

Sakelakoaz hitz egitean inguruko inork ez entzuteko, jendearengandik aldentzea edo baxu hitz egitea beste erremediorik ez da izaten. Urtarrilaren hasieran Las Vegasen (AEB) egindako CES 2017 (International Consumer Electronics Show) teknologia azokan aurkezturiko gailu batek, ordea, bestelako irtenbidea proposatzen du. Ukrainako gazte batzuek sortua, Hushme du izena. Maskara edota muturreko itxura du; ahoaren parean paratzen den entzungailuaren antza ere har dakioke. Telefonoz hitz egiterakoan, erabiltzaileak ahoan jarri behar du. Hala, gailuak haren hitzak estaltzen ditu, ingurukoek ezertxo ere entzun ez dezaten. Gainera, bozgorailu txiki batzuk ere baditu, erabiltzailea hizketan ari den bitartean musika edota bestelako soinuak (animalienak, naturan entzun daitezkeenak...) zabaltzeko. Horrela, belarri fineneko kuxkuxeroenak ere ez du tutik entzungo. Jakina, gailuak entzungailuak ere baditu, hizketan ari denak telefonoaren beste aldean dagoenaren kalaka besterik ez dezan entzun. Bluetooth bidez konekta daiteke segapotoarekin. Oraingoz, prototipoa baino ez dute aurkeztu. Halere, crowdfunding kanpaina egin nahi dute, gailua ekoizten hasi eta aurten bertan merkaturatzeko. Sortzaileen aurreikuspenak betez gero, 190 euroan baino zertxobait gutxiagoan ipiniko dute salgai.