Zubian, zubi-lanean

zoko

Ez da 20. Korrikako kilometro garrantzitsuena izango, guzti-guztiak baitira berebizikoak: aurrena, azkena, hiriburuetakoak, herri txikietakoak, jendetsuak, intimoak, eguzkipekoak, euri eta elur azpikoak, egun argitsuetakoak edota gau beltzetakoak. Alabaina, edizio honetan berezia izango da Hendaia eta Irun arteko kilometroa, Santiago zubikoa. Leku horrek betidanik izan du sinbologia handia Korrikan, Euskal Herriko lurraldea zatitzen duen muga ezerezean uzten dutelako Korrikazaleek, baina 20. Korrikan are indar handiagoa hartuko du. Izan ere, eta AEK-k egindako proposamenari oniritzia emanda, euskalgintzako eragileek eta Euskal Herri osoko herri erakundeen ordezkariek elkarrekin egingo dute 1.198. kilometroa, apirilaren 4an. Euskararen lurraldea irudikatu nahi du AEK-k kilometro horretan, eta azpimarratu posible dela euskararen geroa bermatzea, elkarlanean eta auzolanean arituz gero. Ez ahal dira beste 20 Korrika beharko hori lortzeko!

Hizkuntza

Egungo Euskararen Hiztegia gorpuzten ari da

Euskara-euskara hiztegirik zehatzena izango dena, EEH Egungo Euskararen Hiztegia, osatzen ari da pixkanaka. B letra amaitu berri dute, eta beste bi letra falta dira hiztegia amaitzeko: A eta E. Gainerako letra guztien orrazketa ere egin dute. Hiruzpalau urte beharko dituzte hiztegia osorik amaitzeko. Gainerako euskal hiztegiekin alderatuta, EEH hiztegiaren datuak urrun ageri dira. Besteak beste, 56.425 sarrera, 203.666 azpisarrera eta adiera, 419.886 adibide eta 342.925 hitz multzo ditu. Material hori guztia paperean jarriz gero, "10.000 orrialde baino gehiago beharko genituzke”, EHUko iturriek azaldu dutenez. Hain justu, EHUko Euskara Institutua ari da hiztegia garatzen, Ibon Sarasola ikertzailearen ardurapean eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Gaur egungo testuak, XXI. mendekoak, ditu oinarri EEHk. Ildo horretan, “EEH hiztegia da une honetan XXI. mendeko euskara-euskara hiztegirik zehatzena”. Duela zortzi urte hasi ziren osatzen, Sareko Euskal Gramatika (SEG) abian jarri zuten urtean. Amaiturik gabe egon arren, sarean dagoen euskal gramatikarik osoena da SEG. Bi baliabideak, SEG eta EEH, sarean kontsulta daitezke, doan.

Espazioa

ilargiaTuristak ilargira bidean

Datorren urtearen amaieran, bi turistak buelta emango diote ilargiari. Asmo hori du, bederen, AEBetako SpaceX enpresak. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak Cañaveral lurmuturrean (Florida, AEB) dituen instalazioetatik abiatuko dira, eta, ilargiaren inguruan itzulia eman ostean, astebeteren buruan bueltatuko. Zehazki, NASAren Apolo 8 misioak 1968an jarraitutako ibilbidearen antzekoa egingo du. Horretarako, SpaceX enpresaren Dragon espazio-ontzia baliatuko dute. Oraingoz, ilargira joango diren bi turisten izenak ez dituzte ezagutarazi, baina adierazi dute ez direla izango Hollywoodeko izarrak eta bidaia egin aurretik prestakuntza zorrotza jasoko dutela. Bidaiaren prezioa ere isilean gorde du enpresak. Hori bai, diru kopuru nabarmena eman ei diote enpresari, gordailu moduan. Ikusteko dago egitasmoa gauzatzen den edo enpresari publizitatea emateko iragarpen arranditsua besterik ez den.

Teknologia

phone5.000 milioi lagunek darabilte sakelakoa munduan

Ezbairik gabe, eskuko gailuak izugarri azkar hedatzen ari dira munduan. Horren adibide berriki Bartzelonan egindako Mobile World Congress biltzarrean, sakelako telefono eta tabletei eskainitako nazioarteko azokan, jakinarazi dituzten datuak: GSMA elkartearen (sakelakoekin loturiko enpresak biltzen dituen nazioarteko elkartea) arabera, 2017a amaitu aurretik 5.000 milioi lagunek izango dute gailu eramangarri bidezko konexioa munduan. Neurria jartzeko, kontuan hartu behar da gure planetan 7.500 milioi pertsona inguru bizi garela. Erabiltzaile kopuruak gora egin duen neurri berean, gailuenak ere halaxe egin du. Hala, urtea amaitzen denerako, ia 10.000 milioi sakelako izango dira Lurrean, GSMAk dioenez. Alegia, pertsonak baino trepeta6 mugikor gehiago. Aurreikuspenek ere goranzko joera erakusten dute: 2020. urterako, munduko populazioaren % 75 inguruk edukiko du sakelakoa. Elkarteak jakinarazi duenez, hazkunderik handiena garatze bidean diren herrialdeetan gertatuko da, batik bat Asian. Finean, herrialde aberastuetan ohikoa dena beste herrialde askotan ere halakoxea bilakatuko da. Datuak deigarriak dira, baina ez harrigarriak. Txundigarriagoa da, egun, eskuko telefonorik gabeko jendea topatzea... Inork ezagutzen al du segapotorik gabeko inor?

AEB

beerGaragardoa nahinon izango duen hotela eraiki nahi dute

Garagardozaleentzako aukerako hotela izango da Doghouse Hotel & Brewery, Brewdog artisau garagardo ekoizle eskoziarrak AEBetan eraiki nahi duen hotela. Columbus-en (Ohio) egin nahi du, enpresak leku berean duen fabrikaren ondoan, eta garagardoari erabat emana egonen da. Esaterako, 50 logela izango ditu, eta bakoitzean kañak ateratzeko iturri bat. Hori gutxi ez eta logeletako dutxetan garagardoz ongi hornitutako hozkailuak jarriko dituzte. Hau da, garagardoa edan nahi duen bezeroak hoteleko ia edozein txokotan topatuko du non egin. Gainera, zerbezarekin loturiko beste hainbat zerbitzu ere eskainiko dituzte: lupuluan oinarritutako spa zerbitzuak, garagardoa zahartzeko baliatzen diren kupelen egurrarekin egindako hidromasajeko bainuontziak... Hori bai, oraingoz proiektua baino ez da. 6 milioi dolarreko aurrekontua izango du, eta 2018an zabaldu nahi dute. Egitasmoa garatzen hasi eta lehen urratsak egin ahal izateko, sustatzaileek crowdfunding kanpaina abiarazi dute Interneten (apirilaren hasieran bukatuko da). Eta ezin esan porrota izaten ari denik: 75.000 dolar batzea zuten helburu, baina, kanpaina amaitu baino hamabost egun lehenago, 200.000 dolar baino gehiago zituzten bilduta. Antza denez, garagardozaleen artean harrera bikaina izan du proiektuak.