Utikan, txoritzarra!

arranoa

Bilboko Moyua plazan hasi dituzte lanak Espainiako Ogasun Ministerioaren egoitzako armarri frankistatik arranoaren burua, hegoak, hankak eta koroa kentzeko. Badirudi, Memoria Historikoaren Legeari men eginda, abuzturako desagertuak izango direla elementu horiek. Bazen garaia! Izan ere, ez diote berehalakoan heldu gaiari. Esaterako, 2002an Espainiako Ogasun Agentziak obra egiteko baimena eskatu zionean Bilboko Udalari, historialariek eta udal arkitektoek osatutako Ondare Batzordeak ez zuen onartu, eraikina “kultur ondarea” zelakoan. Iazko abenduan, ordea, obra egiteko baimena eman zuen Udalak, eta Gurtek enpresa hasia da 136.500 euroko aurrekontua duten lanak egiten. 2007koa da Memoria Historikoaren Legea, baina ez da beste araudi batzuk bezain azkar aplikatzen ari, ez Hego Euskal Herrian, ez Espainiako estatuko beste hainbat lekutan ere.

Zelebrekeria

loGimnasiora, lotara

Ariketak egin eta egin, izerdi patsetan amaitu arte? Gimnasioetan halakoak egiten dira eskuarki, baina ez du zertan beti horrela izan. Ez, behintzat, Erresuma Batuko David Lloyd gimnasio katean. Izan ere, napersice izeneko jarduera eskaintzen hasi dira: 60 minutuko saioan, lehen 15 minutuetan luzatze ariketak egiten dituzte, eta ondorengo 45 minutuak ohe batean lo ematen dituzte (nap eta exercise hitzen elkarketatik dator berba; ingelesez “siesta” eta “ariketa”, hurrenez hurren). Ondorioz, napersice delakoa egiteko aretoan oheak, lotarako mozorroak eta giro egokia sortzeko soinuak izaten dituzte. Aretoko tenperatura ere zaintzen dute. Esperimentu fasean dago jarduera, eta, batez ere, gurasoentzat sortu dute. Zehazki, ume txikiak izanda, lo gutxi edo gaizki egiten duten gurasoentzat. Izan ere, katearen gimnasioetan egindako inkesta baten emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi: guraso zirenen artean, % 86k onartu zuten gaizki egiten dutela lo. Nolanahi ere, interesa duen orori zabaldua dago napersice jarduera. Oraingoz eta, esan bezala, esperimentu fasean dagoenez, doan eskaintzen dute, eta gimnasio bakarrean. Hala eta guztiz ere, arrakasta izan du, itxaron zerrenda baitute. Kontuan hartuta gaizki edo gutxi lo egiteak osasun arazoak sortzen dituela eta, hainbat ikerketaren arabera, ekonomian ere eragina duela, ez da harritzekoa hain harrera ona eduki izana. Nork ez du laket kuluxkatxoa egitea? Hori bai, nahiz eta gimnasioan egin, jarduera fisikoa deituko zeniokete?

Ikastolak

arabaEkainaren 18an egingo dute Araba Euskaraz, Bastidan

2004an, 2008an eta 2012an antolatu ostean, aurten laugarrenez atonduko du Araba Euskaraz jaia Bastida Ikastolak. Wow! ingelesezko harridura adierazpena lelotzat hartuta egingo dute Arabako ikastolen aldeko jaia. Harridura, hainbeste Araba Euskaraz jarraian egin ostean oraingoan ere “gogo handiz” ari direlako jaia prestatzen. Harridura, halaber, “zailtasun ekonomikoak eta egiturazkoak gaindituz” ikastola aurrera ateratzen eta hezkuntza proiektu berriak garatzen jarraitzen dutelako. Egun, 13 irakasle eta Bastidako zein inguruko herrietako 164 ikasle biltzen ditu Bastida Ikastolak. Ekainaren 18ko hitzorduaren helburua izango da proiektua garatzeko baliabideak lortzea, eta lurraldean euskararen erabilera bultzatzea eta hedatzea. Egitarau osoa zein jaiari buruzko nondik norako guztiak www.arabaeuskaraz.eus gunean jaso dituzte.

Erresuma Batua

ahuakateAhuakatearen arriskuez ohartarazi dute medikuek

Egon lasai: ahuakatea fruitu osasungarria da, neurrian janez gero. Beraz, ez espero ahuakatearen kontrako aldarririk. Fruituari baino, fruitua jaten dutenen iaiotasunari lotu behar zaio Erresuma Batuko medikuen ohartarazpena. Tontakeria dirudi, baina BBC kateak jaso duenez, ahuakateak kezkatuta dauzka mediku britainiarrak. Zergatik? Ahuakatearen hazia ateratzean, gero eta jende gehiago zauritzen delako. Uste baino kasu gehiago artatzen dituztela eta, izena ipini diete ezaugarri klinikoei: avocado hand edo ahuakate eskua. Ez da aparteko ahaleginik egin behar azalpena ulertzeko: ahuakatearen hazia ateratzeko, labaina erabiltzen du jende askok, eta, halakoetan, ebakiak egitea ez da arraroa. Kontua da zenbait kasutan ebakiak larriak izaten direla, eta zurdei edota nerbioei eragiten dieten zauriak artatu behar izaten dituztela. Adituen ustez, ahuakatea modan jarri izanak eragin du zauri mota horiek ugaritzea. Inork ez du neurtu ahuakateak zauritutako lagunen kopurua, baina BBCn bertan aipatzen zutenez, Londresen, Chelsea eta Westminsterreko Ospitalean, astero lau bat lagun artatzen dituzte. Xelebrekeria hutsa dirudienak, halere, britainiarren umorea zorroztu du, ahuakateen haziak kentzeko aiztoen antzera. Hala, sare sozialetan askotan aipatu ei dute avocado hand delakoa erdi-mailako klaseen edota hipster-en gaitza dela. Gehien nori eragiten dion, auskalo. Baina istripu gehiago saihesteko, akaso ahuakateei argibideak ipini beharko dizkiete aurrerantzean.

Osasuna

zarataTxinako Guangzhou da munduko hiririk zaratatsuena

Guangzhou lehena, New Delhi (India) bigarrena eta Kairo (Egipto) hirugarrena. Horiexek dira munduko hiririk zarata-tsuenak, Entzumenaren Mundu Indizearen (The World Hearing Index) arabera. Mimi Hearing Technologies enpresa alemanak egin du zerrenda. Entzumenari loturiko teknologien alorrean dihardu, eta 200.000 entzumen probatako baino gehiagotako datuak eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) hainbat ikerketa hartu ditu oinarri zerrenda egiteko. Horri esker, aztertutako 50 hirietako biztanleen entzumen gaitasunaren galera zehazten saiatu da. Guangzhou, New Delhi eta Kairoren ostean, hauek dira zerrendan ageri diren hiririk zaratatsuenak, hurrenkera honetan: Mumbai (India), Istanbul, Pekin, Bartzelona, Mexiko Hiria, Paris, Buenos Aires, Mosku, Shanghai, San Petersburgo, Taipei, Erroma, Madril, Hong Kong, Los Angeles, Seongnam (Hego Korea) eta Singapur. Kutsadura akustikoa oso zabaldua dago munduan, batez ere hiri eta herri handietan. Halere, askotan, ez zaio behar bezainbesteko arreta paratzen: desatsegina izaten da, gogaikarria, baina gutxitan erreparatzen zaio eragiten dituen osasun kalteei. Bada, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Makina bat ikerketa egin da kalteak aztertzeko. Esaterako, Europako Ingurumen Agentziak dioenez, Europako Batasuneko herrialdeetan gutxienez 10.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero. Edota, Entzumenaren Mundu Indizearen egileek azaldu dutenez, herri handietako biztanleek galera izaten dute entzuteko gaitasunean: batez beste, norberaren adina baino 10 eta 20 urte gehiago izatearen parekoa. Bistan denez, ez da entzungor egiteko moduko kontua...