Aurrerapausoa, baina ez nahikoa

nafarroa

Vascuence-aren Legea Euskararen Legea da dagoeneko, Nafarroako Parlamentuak hala erabakita, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdien botoekin. Izena bakarrik ez, edukia ere aldatu da, noski: 44 herri eremu ez-euskaldunetik mistora igaro dira, eta bat mistotik euskaldunera. Hala, aurrerantzean, 45 udalerritako biztanleek babes handiagoa izango dute euskarari dagokionez. Tamalez, horrek ez du bermatzen herritar horien hizkuntza eskubideak errespetatuko direnik, legeak ematen dituen aukerak baliatzea beti egongo baita borondate politikoaren mende.
Gainera, Nafarroako zonifikazioak bere horretan jarraituko du, alegia, eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna bereizten, hartutako erabakiak ez duelako herritarren arteko berdintasun printzipioa bermatzen. Horri amaiera emateko aldarria ozena da: ofizialtasuna Nafarroa osorako. Ea laster ikusten dugun!

Toponimia

pirinioakAragoiko Pirinioetako hirumilakoen izenak, aragoieraz

Aragoin, aragoieraz. Hala beharko luke, baina Aragoiko Pirinioetako 160 hirumilakoen izenen kasuan, ez da halaxe izan. Gailur askok izen ofizialik ez zutenez, askotan, jatorrizko aragoierazko izenen ordez bestelako izenak eduki dituzte: batzuk frantsesezko izenetik eratorriak, beste batzuk eskalatzaileen izenekin berrizendatuak... Gainera, mapa, gida, liburu eta argitalpen ugaritan agertzen direnez, jatorrizko toponimia erabat desitxuratua zegoen. Orain, Aragoiko Gobernuak anabasa horrekin amaitu eta lurraldeko 160 hirumilako tontorren izendegi ofiziala ezarri du. Adituen laguntzaz, eta ikerketa sakona egin ostean, jatorrizko toponimiari loturiko izenak ipini dizkiete, oraingo izen aldatu edota eratorriak baztertuta. Kasu anitzetan jatorrizko toponimia berreskuratu badute ere, zenbaitetan jatorrizkoak ez diren izenak onetsi dituzte, dagoeneko oso ezagunak direlako. Hori bai, aurrerantzean, orain ezarritako izen horiek erabili beharko dira argitalpen ofizial guztietan. Esaterako, Aneto ezaguna Tuca d’Aneto izango da; Monte Perdido, berriz, Punta de Treserols/Monte Perdido; Soum de Ramond, Pico d’Añisclo...

Sagardogintza

sagardoaEuskal Sagardoa botiletan eskuragai

Dagoeneko eskura daiteke saltokietan Euskal Sagardoa, jatorri deitura berria duen sagardoa. Berez, urte hasieran aurkeztu zuten, txotx garaiari ekin zitzaionean. Ekainaren hasieratik, baina, botilan eros daiteke. Orain arteko Eusko Label zigilua ordezkatuko du deitura berriak, eta bi bereizgarri nagusi bermatuko ditu: tokikoa eta kalitatezkoa dela, hau da, % 100 bertoko sagarrekin egina dagoela eta kalitate kontrol zorrotzak egin zaizkiola. Oraingoz, 36 sagardogile batu dira Euskal Sagardoaren zigilupean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusien babesa ere jaso dute. Aurten, 1.320.000 litro merkaturatu dituzte  Euskal Sagardoa deiturapean. Halere, ondorengo urteetan kopurua handitzeko asmoa agertu dute ekoizleek. Azken batean, bertoko sagarraren ekoizpena areagotu eta sendotzeko helburua du jatorri deitura berriak. Oraingoz, Euskal Herriko 115 sagar mota onartu dituzte Euskal Sagardoa jatorri deituraren barnean. Uda sasoi betean, aitzakia askorik ez da behar sagar horien guztien zukua botilatik fresko-fresko dastatzeko...

Euskara

Herri Administrazioan langile elebidunak eskatu ditu Behatokiak

Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko, herri administrazioetan bestelako kontratazio politika izan dezaten eskatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Hau da, langile elebidunak kontratatzea. Datozen urteotan, langile askok hartuko dute erretiroa Hego Euskal Herriko erakunde publikoetan. Haiek ordezkatzerakoan, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen kontratazio politika beharrezkotzat jo du Behatokiak, alegia, lan deialdietan hizkuntza eskakizun egokiak ezartzea, langileek, hizkuntza eskubideak beteta, herritarrak berdintasunez arta4 ditzaten. Halako aldaketarik egin ezean, “hizkuntza eskubideen bermea hipotekatu eta urraketa egoera betikotzeko arriskua handia da” azaldu zuen Behatokiaren zuzendari Garbiñe Petriatik, hizkuntza eskubideei buruzko urteroko txostenaren (Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2016an) aurkezpenean. Txostenari dagokionez, inoiz baino dosier gehiago zabaldu dituzte; guztira, 1.616. Gehienak herri administrazioei lotutako kexak izan dira. Ohikoak, alegia: Osakidetza EAEn eta Osasunbidea Nafarroan, polizia, udalak... Orotara, bost kexatik hiruk dute zerikusia esparru publikoarekin. Arlo pribatuan ere izan dira, hamarretik lau. Dena dela, 2016an Behatokira iritsitako jakinarazpenen artean dena ez zen kexua eta arrangura7 izan, eta 133 zorion mezu ere jaso ziren. Helbide honetan kontsulta daiteke txostena: https://issuu.com/hizbeha/docs/urteko_txostena_2016.

Zientzia

eguzkiaNASA, eguzkira gerturatzeko prest

Parker Solar Probe izeneko misioarekin, eguzkira inoiz baino gehiago gerturatzeko saiakera egingo du, 2018an, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak. Horretarako, Parker deritzon zunda bidaliko du, zeina eguzkiaren koroa zeharkatu eta izarraren lurrazaletik 6,2 bat milioi kilometrora hurbilduko den, hainbat neurketa egiteko xedez. Hots, sekula aztertu gabeko eremura ailegatuko da. Mugarritzat jo dute misioa. Izan ere, hainbat arrazoi tarteko, orain artean ezinezkotzat zuten halakorik egitea: tenperatura altuak, irradiazioa, abiadura handia... Ez zegoen materialik halako baldintzei eusteko. Haatik, Parker zunda muturreko egoeratan lan egiteko diseinatu dute. Eguzki haize supersonikoen teoriak garatu dituen Eugene Parker astrofisikariaren omenez jarri diote izena. Datorren urteko uztailean jaurtiko dute, Delta IV suzirian. Lehendik ere beste zunda batzuk gerturatu izan dira eguzkira. Ez, ordea, Parker iritsiko den bezain gertu. Hortaz, adituek uste dute baliagarria izango dela izarrari buruzko jakingarri berriak biltzeko; besteak beste, eguzki haizeak eta eguzki ekaitzak hobeto ezagutzeko.