Pratikatu AEK-k, oporrik ez

udaAEKren Praktikatu zerbitzuak dagoeneko ekin dio udan euskaraz lotsarik gabe jarduteko izen emateari. Zabalik dago udako mintzalagun edo berbalagun taldeetan apuntatzeko epea, ekainaren 13ra arte, bai praktikatu.eus gunean, bai AEKren euskaltegietan. Izan ere, ikasturtea amaitzearekin batera, mintzapraktika talde batzuk desagertu egiten dira; beste batzuk, aldiz, partaide berriak hartu eta birsortu egiten dira. Horietakoren batean parte hartu nahi duenak, beraz, badauka nora jo.
Mintzapraktika egitasmoak aukera paregabea dira ikasturte osoan euskaraz hitz egiteko ohitura hartzeko, baina zer esanik ez uda partean, batzuek euskaltegian oporrak hartzen dituztenean. Bukatzear dagoen ikasturte honetan ibili diren bi mila “praktikatzailek” baino gehiagok ere badakite hori, eta argi islatu dute euren iritzi positiboa duela gutxi erantzundako inkestetan. Hala, balorazio orokorra 4,7koa izan da, 1 eta 5 arteko baremoan. Batzuek, gainera, aparteko saria ere jaso dute inkestari erantzuteagatik. Esaterako, Gernikako bidelari Inma Ruiz Teranek tableta irabazi du; Urnietako bidelagun Maite Otaño Urkizuk, Argia aldizkariko urteko harpidetza; eta Sestaoko bidelari Ana Garcia Perezek AIZU!ko urteko harpidetza.

Oroitzene AEK-ko irakasleen bazkaria

lezoLezoko Oroitzene AEK euskaltegiko irakasle ohiek eta gaur egungoek elkarrekin bazkaltzeko parada izan zuten pasa den apirilaren 23an. Otordu ederra dastatzeaz gain, sekulako barreak egin omen zituzten garai bateko ikasleen esamolde xelebreak eta bestelakoak gogoratzen. Partaide baten aldetik liburu bana jaso zuten opari, eta zigilatuta utzi zuten liburuxka batean urtebete barrura arte irakurri ezingo duten idazki bana. Ea ohitura bihurtzen duten Liburuaren Egunaren inguruko bazkari hitzordua!

Gero eta gazte gehiago praktikatzen

Lehen eta bigarren batxilergoko berrehun gazte inguru bildu ziren Los Llanos pilotalekuan, pasa den apirilaren 15ean, Portugaleteko Gazte Mintzodromoan. Asti Leku ikastolako, Ballonti institutuko, Santa Maria ikastetxeko eta Zunzunegi institutuko ikasleek hartu zuten parte, kirola, maitasuna eta etorkizunari buruz ordubetez hitz eginez. Helburuak euskara praktikatzea, ondo pasatzea eta jendea ezagutzea zirelarik, pozik burutu zuten ekitaldia, aurreikuspenak beteta. Gainera, ETB1eko Gu ta Gutarrak saioko Aitor Ormazabal Artzai eta Lain Lopez izan zituzten lagun.
Halaber, apirilaren 19an beste 110 lagun elkartu ziren Gallartan egindako mintzodromoan. Berbalagunak eta AEK-ko eta Dolores Ibarruri institutuko ikasle eta irakasleak gustura aritu ziren hainbat gairen gainean mintzatzen.

Euskaraz bizi nahi dugunon festa Iruñean

karpaEgun osoko jaia izanen dute Iruñean maiatzaren 7an Kostalapeko AEKarpara (Biurdana ikastetxearen atzealdean) hurbiltzen direnek. Iruñerriko AEK-k antolatuta, orotariko ekitaldiak izango dira 10:30etik aurrera Euskaraz bizi nahi dugunon besta delakoan. Goizean, Nafarroako hainbat dantza talderen emanaldia, hala nola dantzari txikiak, pintxo lehiaketa, ardo feria, mus txapelketa, mintzodromoa, haurrentzako txokoa... Bazkalostean, bingo jokoan aritzeko aukera izango da. Azkenik, jaia behar bezala amaitzeko, dantzan aritzeko parada izango dute bertaratzen direnek Trikidantz, Benation eta Muskharian taldeen kontzertuetan. Hori bai, gogoan izan zenbait ekitalditarako aldez aurretik eman behar dela izena! Zehazki, bazkarirako txartelak eskuratzeko eta mus txapelketan zein mintzodromoan parte hartzeko; horretarako, interesdunek E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi beharko dute.