Euslogan lehiaketak badu irabazlea

eusloganIV. Euslogan Lehiaketa Donostiako Irrintzi AEK euskaltegiko Ander Suberbiola C2 mailako ikasleak irabazi du. Edizio honetako erronka kirola sustatzeko euskarazko esloganak sortzea zen, eta Suberbiolak proposatutako hau suertatu da garaile: Mugi, bizi, goza; kirola bizi-poza! Hori dela-eta, Irrintzi AEK-ko ikasleak Apalategui Kirolak dendan erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela eskuratu du sari. Euslogan lehiaketak euskarazko sormena lantzea du helburu, erdaraz pentsatutako goiburu edo esloganak nagusitzen zaizkigulako egun publizitate arloan.

Araba Euskarazek Aguraingo AEK omendu du

agurainPasa den ekainaren 19an ospatu zen Agurainen Araba Euskaraz, Arabako Ikastolen aldeko jaia. Aurtengo edizioa berezia izan da AEKrentzat, antolatzaileek Lautadako AEK omendu dutelako, Agurainen bertan eta Lautada osoan euskararen alde egiten duen lanagatik. Honela azaldu zuen ikastolako arduradun batek omenaldi horren zergatia: “AEK-koek izugarrizko lana egiten dute, txapela kentzekoa. Ez da erraza euskara hainbeste urtez sustatzea; lan handia eskatzen du, militantzia. Eredu dira. Gogoan ditut gaztea nintzeneko gau eskolak. Askotan, herri txikietan eta jende kopuru txikiarekin aritzen dira, baina, halere, lanean jarraitzen dute. Egitasmo ugari antolatzen edo sustatzen dituzte. Gainera, besteok lantzen ez dugun esparru batean ari dira: helduen euskalduntze- alfabetatzean”.

I. Bikoizketa Lehiaketako sariak banatu dira

oarsosariaOarsoaldeko AEKren I. Bikoizketa Lehiaketaren sei sariak banatu dira dagoeneko. Hala, La Señorenak taldearen Elkarrekin lanak irabazi du sari nagusia (otordua Lezoko Iriarte-Enea erretegian); graziosoenaren saria, berriz, Egun On Oroitzene taldearen Etxezuri Errazu obrak jaso du (otordua Pasai Antxoko Leunda tabernan); eta frikienaren saria (otordua Oreretako Oarso sagardotegian) Abeslariak taldearen Amamia lanari eman diote. Bestalde, epaimahaiak erabaki du Goldberg taldearen Dirdira lanak erabili duela euskara politena, eta horregatik otordua irabazi dute Pasai Antxoko Dani tabernan. Antxoko korrokoiak taldeko kideek sarrerak irabazi dituzte Oiartzungo Elorsoro kiroldegiko termetarako, Bart eta 1go perfila lanagatik. Azkenik, publikoak Peto-petoak taldearen Euskararen tenplua lanari eman dio saria (otordua Oreretako Sindikato tabernan). Lehiaketak arrakasta handia izan du; izan ere, 37 bideo aurkeztu dira guztira, Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK euskaltegietako ikasle eta irakasleek eginak.