Bilboko Lizardi AEKn, matrikula doan

irabazleakAEK-k doakotasuna ikasle guztientzat eskatzen badu ere, momentuz Miren Jone Ernagak izango du aukera hori ikasturte honetan. Izan ere, Lizardi AEK euskaltegiko Amparo Lozano ikasleak haren izena proposatu zuen AEKren Zu eta biok euskaraz, ederra izeneko  matrikula zozketarako, eta hari egokitu zaio 16-17 ikasturtean euskara dohainik ikasteko saria. Lozanok, gainera, % 50eko beherapena eskuratu du bere matrikulan, lagunaren izena emateagatik. Hor ari dira biak jo eta su euskara ikasten. Zorionak bioi!

Errigoraren udazkeneko kanpaina martxan

errigoraUdazkeneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina urriaren 24tik azaroaren 8ra izango da aurten. Urtero legez, Zazpiak bat, Sortzen, AEK eta Ikastolen Elkartea ariko dira elkarlanean, baina aurtengoak hainbat berritasun izango ditu, eskaintzari eta diru-ekarpenaren helburuari dagokienez, batik bat. Zuri esker leloa ardatz, eremuko euskalgintzako egitasmoen beharrez eta euskarak behar lukeenaz jardungo dute, bai eta auzolanak beharrok asetzeko zereginean duen ezinbesteko betekizunaz ere.
Orain arte, udazkeneko kanpainan, Nafarroako hegoaldeko baratzeetako 13 bat produktuz osatutako saskia eskaini izan da. Aurtengoan, baina, betiko filosofia baztertu gabe, sustatzaileek erakargarriagoa bihurtu dute eskaintza: urterokoaren estiloko saski beltzaz gainera, saski zuria ere banatuko dute. Saski biek izango dituzte sei produktu berdin, baina gainerako zazpiak desberdinak izango dira (aurten erantsiko direnak saski zurian egongo dira). Produktu berrien arteko zenbaiti dagokienez, gutxik dakigu hemengoak bertokoak ditugula, egunerokoan erabili arren (arroza eta ozpina, esaterako); beste batzuk, berriz, bertoko lehengaiekin prestatuak dira (pastak, teilak...). Ez galdu aukera eta galdetu zure euskaltegian!

 

 

 

 

Praktikatu eta Bizi jardunaldia

Azaroaren 4an izango da Bilboko Ondare aretoan Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa, AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta. Aurreko edizioetan, motibazioaren gaiari heldu zitzaion; aurtengoan, berriz, eragiteko errezetak topatzen saiatuko dira han batuko diren dinamizatzaile, euskara teknikari, euskara elkarteetako kide, euskaltegietako irakasleak... hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik.
Horretarako, eremu biri erreparatuko diete: batetik, entzungo dute zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun hirigune nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dute nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, eta jardunbide egokiak ere ezagutuko dituzte. Lehen-lehenik, baina,  norberaren motibazioan zer den akuilu antzematen eta partekatzen ahaleginduko dira.
Jardunaldian, zenbait adituren ekarpenak entzuteaz gain (Eduardo Apodaka, Gemma Sanginés, Mikel Urdangarin eta Amaia Agirre izango dira bertan), ondoko kontuen gaineko gogoeta ere egingo dute: egitasmoen egoera, bidelagun zein bidelarien aktibazioa eta berbalagun programen moduko etorkizuna.