Iparraldean, AEK da euskara ikasleen erreferentzia

Ipar Euskal Herrian euskara ikasten ari diren helduen % 83 AEKn dabil. Iker zentroak eman du datu hori, besteak beste, kaleratu berri duen ikerketan. Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kosta-Aturri Hirigune elkargoak galdatu duten lanean, beste hainbat datu azpimarragarri ere ondoriozta daiteke, hala nola, euskara ikasten ari direnen edo berriki ikasi dutenen % 39 Euskal Herritik kanpo jaioak direla. Guztira 1.200 euskara ikasle heldu dabil gaur egun Ipar Euskal Herrian, eta aipatzekoa da % 90ek ingurukoekin mintzatzeko ikasi nahi dutela (gehienek badute inguru euskalduna). Oso hurbil dira, % 89, euskarazko abestiak eta hedabideak ulertu nahi dituztenak ere. Ondorengo motibazioen artean daude, hurrenez hurren, Euskal Herrian bizitzeko ikasi nahi izatea, umeei ikasten laguntzeko edota sustraiak aurkitzeko.

Korrikaren urtemuga-jaia otsailaren 11n

jaia1980ko azaroaren 29an abiatu zen lehenengo Korrika; 2017ko martxoaren 30ean, berriz, 20. Korrika abiatuko da. Orduan bezala orain, ekitaldi ezin bereziagoa da. Korrikaren partaideetako batek honela adierazi du: “Korrika lehenengo aldiz igaro zenean, bi sentimendu sortu zitzaizkidan: zirrara eta poza. Orain ere, berdin-berdin". Euskararen aldeko ekimen hau maite dugunon topalekua izan dadin, Korrikaren urtemuga-jaia ospatuko dugu 2017ko otsailaren 11n, larunbatean. Oraindik ere hainbat xehetasun lotzeke diren arren, dagoeneko izen-ematea abian jarri da. Beraz, adi ibili!

Garaziko eta Baigorriko Gau Eskolan, irudiekin ere ikasten!

ikasiIkasle eta irakasle langileak dira Garaziko eta Baigorriko Gau Eskolakoak. Egun, 70 bat ikasle dabiltza Donibane Garaziko eta Baigorriko ikastaldeetan, 9 irakasleren laguntzarekin, eta ikasgelan ez ezik, eskolatik kanpo ere makina bat ekitaldi egiten dute “euskararen oihartzuna zabaldu eta euskara praktikatzeko”: irteerak, mintzapraktika saio bereziak... Aurten, gainera, berritasun bat izan dute: argazki lehiaketa. Helburua izan da “gau eskolako talde guztiak ekintza baten inguruan biltzea eta, nola ez, ariketa horren bitartez euskara erabilaraztea”. Ikasleak eurak arduratu dira antolaketaz, A2-1 mailako gaueko taldekoak, zehazki. “Ikasi” gaiaren inguruan egin behar izan dituzte argazkiak parte hartzaileek, baldintza bat kontuan hartuta: laranja koloreak, AEKren koloreak, nahitaez agertu behar zuen argazkietan. Guztira, 15 argazki aurkeztu ziren lehiaketara eta epaimahaiak, “bi oreneko buruhausteen ondotik”, honako hau izendatu zuen irabazle: irudian ikus daitekeen Ikasi Nahasi izeneko argazkia, A2-2 mailako eguneko taldearena. Urtero egin ohi duten Eguberriko afarian jaso zuten irabazleek “sari polita bezain ahaztezina”. Zorionak denei!