Hainbat barnetegi mota aukeran

Gauza jakina da barnetegia tresna ezin hobea dela euskararen ikas-prozesuan azkarrago egiteko aurrera. Bada, AEK hasia da lanean aurtengo udako barnetegiei begira. Hala, AEKren udako barnetegietan izena emateko epea apirilaren 24an hasiko bada ere, ikasturte honetan AEKren euskaltegietan dabiltzan ikasleek matrikula lehenago egiteko aukera izango dute. Izena otsailaren 17a eta martxoaren 17a bitartean ematen badute, % 25eko beherapena izango dute beren matrikula prezioan. Halaber, lehentasuna izango dute lekua gordetzerakoan.
Bestalde, uda heltzen den bitartean, maiatzean ere izango da asteburuko barnetegiak egiteko aukera. Hilaren 12tik 14ra, Arantzan bilduko dira B2-C1 mailako eta EGAren ahozko proba prestatu nahi duten ikasleak. Maiatzaren 20 eta 21erako, berriz, hiri barnetegia antolatuko da Iruñean. Azkenik, 26, 27, 28ko asteburuan, Arantzan egongo dira A2 eta B1 mailako ikasleak. Bitartean, Foruko barnetegiak ere urte osoan ditu ateak zabalik.

Berbalagun talde gehiago Bizkaian

mungiaUrte hasierarekin batera, Berbalagun eta Gurasolagun talde gehiago sortzen ari dira Bizkaiko hainbat herritan. Egitasmo hauek gauzatu dira Udalek AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuaren proposamena onartu eta hitzarmenak sinatzearen ondorioz. Esaterako, dagoeneko 24 lagunek eman dute izena Mungian, eta sei taldetan banatu dira. Urtarrilaren 20an egin zuten aurkezpena herrian. Bestalde, Bakion, Artean eta Areatzan, orain ari dira taldeak osatzen, eta zabalik dago izena emateko epea.

Eusle metodologiak interesa piztu du Galesen

arwelBangor-eko Unibertsitateko (Gales) Arwel Tomos Williams ikerlariaren bisita jaso zuten pasa den hilean AEKren Ahize zerbitzuko teknikari Gorka Barrenetxeak eta Eusle metodologia lantzen ibili diren Lemoako Udaleko bost langilek. Williams gizarte psikologian aritzen da, eta aipatu unibertsitatean ari da tesia egiten. Bere gaia lantokiko hizkuntza erabilera da, galesarekin lotua.
Bangorreko Unibertsitatean, Eusle metodologian oinarritutako lanaren antzeko zerbait jarri nahi dute martxan, departamendu bateko irakasleen artean galesaren erabilera sustatzeko asmoz. Hala, Williamsek, Soziolinguistika Klusterrean egitasmoaren oinarri teorikoak ezagutu ostean, Eusle metodologiaren esperientzia izan dutenekin bildu nahi izan zuen, praktika zelan bideratu duten bertatik bertara ezagutzeko. Horren guztiaren berri argi eman eta jaso ahal izateko, Patxi Martinez aritu zitzaien interprete lanetan.