E-uskaltegian ere, Inaute!

inauteSasoian sasoikoari erreparatuta, E-uskaltegiko taldeetan ere inauteriak lantzen aritu dira azken egunotan. Hala, erronka polita jaso zuten e-ikasleek, Euskal Herriko hainbat herritan inauteriak nola ospatzen diren ikusi ostean: mozorrotzea, baina osagai komun gisa kapela hartuta. Bada, bistan denez, ikasleek ez diote muzin egin erronkari!

Zakurrak, nagusia milikatuz, ogi puska izaten du

esaeraHori da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa aurkezteko aurtengoan aukeratu duten atsotitza. Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegiek apirilaren 1erako antolatu dute 24. edizioa izango dena. Goizeko 10:30ean Udaletxeko Plazatik abiatuta, Maddi Sarasua eta Xumai Murua bertsolariak izango dituzte lagun bertan parte hartzera animatzen diren taldeek (bi, hiru edo lau lagunez osatuak). Izena emateko epea martxoaren 24ra arte dago zabalik, 618 574 445 eta 695 774 015 telefono zenbakietara deituz, edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikoetara idatziz. Informazio osagarri guztia www.aek.eus webgunean eta Facebooken (Esaera Zaharren Txapelketa Sopela) dago eskuragarri.

Udaberria heldu zaio Errigora kanpainari

errigoraErrigorak udaberriko kanpainari ekin dio. Hala, martxoaren 1etik 14ra bitarteko epea dugu  Nafarroako hegoaldeko uzta eskutik eskura jasotzeko. Datorrena inoizko oparo eta berritzaileena da. Izan ere, aurtengo kanpainan eskaintzen diren produktu guztiak (olioa, orburuak, potxak, barazki-menestra, pikillo piperrak, tomate frijitua eta kremak) era konbentzionalean ez ezik, ekologikoan ere eskuratu ahal izango dira. Hain eskaintza zabala egin ahal izateko, ekoizle gehiagorengana jo behar izan dute eta, ondorioz, kanpaina honetan hamabost etxek hartuko dute parte.
Olioari dagokionez, lehen aldiz lau oliba motarekin  egindako olioak eskainiko dira. Horretarako, bost litroko lau bidoiz osatutako lotea dago: bi bidoi konbentzionalak izango dira (pikual eta enpeltre olibekin egindako olioak) eta beste bi ekologikoak (arbekina eta arroniz barietateekin egindako olioak).
Kontserba loteak, berriz, kutxa berde eta laranjetan banatuko dira: lehenengoetan, kontserba lote ekologikoak; eta bigarrenetan,  kontserba lote konbentzionalak.
Bestalde, aurten lehendabizikoz, Errigoraren udaberriko kanpaina bat eta bakarra izanen da. Alegia, olioa eta kontserbak batera eskatu beharko dira (esan bezala, martxoaren 1etik 14ra), baina banaketa zein ordainketa, beste urteetan bezala, bi txandatan egingo da: olioarena, martxoaren 29tik apirilaren 1era bitartean; eta kontserbena, ekainaren 1etik 7ra.