Ingurumenaren aldeko aldarriari saria

Marijo Esnaola bidaniarrak irabazi du V. Euslogan lehiaketa, Donostiako AEK-k antolatua, Ingurumena amilka, Lurra intzirika esloganagatik. Ingurumenaren zaintzaren aldeko esloganak eskatu dituzte antolatzaileek aurten, eta, lehiaketara aurkeztu diren hogeita hamaika esloganen artean, epaimahaiak Esnaolarena saritzea erabaki du. Hala, Mahala baserriko produktuez osatutako saskia eskuratu du bidaniarrak. Bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren, Donostiako Irrintzi euskaltegiko alfabetatze taldeak proposaturiko hauek: Haizea, lurra eta ura, geure ardura eta Maitatu natura, zurea baita onura. Zorionak irabazleari, eta on dakiola!

Ezkerraldeko Berbalagunak, berriro txikota erriatzen V. Berbabordajean

berbabordajeEzkerraldeko berbalagunek aingurak jaso eta euskara Zazpi Itsasoetatik barreiatu zuten beste behin, Berbabordajea egitasmoaren bosgarren edizioan. Ekintza honek, ikasturteko amaiera jaia ospatzeko, itsasontzi batean biltzen ditu Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko ikasle, berbalagun eta euskaltzaleak, eskualdearen eta itsasoaren arteko lotura irudikatu nahian. Aurtengoan, Goizeder Pellicer, Sendoa Gil eta Manu Iturregiren musikaz lagunduta, Ibaizabal itsasadarrean zehar ondo baino hobeto astindu zuten mihia parte hartu zuten 70 lagunek. Bitartean, bazterrei erretratuak egiten ere ibili ziren, irudirik ederrena harrapatu eta antolatzaileek proposatutako Argazki Rallyan parte hartzeko. Aritz Diez Portugaleteko berbalagunaren esanetan, “Berbabordajea leku bikaina da eskualdeko euskaldunak ezagutzeko, giroa oso aproposa baita horretarako”. Aukera interesgarria, zalantzarik gabe, aurtengo mintzakideak sendotzeko eta, datorren urterako, berriak ezagutzeko.

Ikasturte amaierako jaia Bilboko AEKn

berbaditzaBerbaditza txapelketarekin eta ontzian bidaiatuz agurtu zuten ikasturtea Bilboko AEK-ko ikasleek. Berbaditzaren VIII. edizio honetan, hainbat proba egin ziren: Leku ezkutua, Kantu Kantari, Atsotitzak osatu... guztiak ere Bilboko AEKren euskaltegi guztietako partaideen hizkuntz eta kultur ezagutza proban jartzeko modukoak. Saridunak ere izan ziren, jakina (argazkietan). Arratsaldeko bidaia, berriz, sorpresa izan zen, inork ez baitzekien nora eta nola joatekoa izango zen, baina ontzia gainezka bete zen (80 lagun inguru bildu ziren). Xilipurdi clown taldeak gidatu zuen tropela Bilborocketik San Anton zubiko nasaraino, eta gero bidaia osoa dinamizatu zuen. Itsas museoan lehorreratu eta hortik Deustuko San Pedro plazaraino ere gidaritza lanak egin zituen, Lehenak egiten duena izeneko jokoaren laguntzaz. Behin plazan, zumba saioa egon zen.

Goiztiri AEK-ko ikasleak, sukaldari lanetan

pintxoakBeasaingo Goiztiri AEK euskaltegiak VI. Pintxo Lehiaketa antolatu zuen, Ordiziako plazan, ekainaren 7an. Ikasleak fin-fin aritu ziren sukalde lanetan eta, osagaiekin bikain jolastuta, itxura ederreko pintxo hotzak sortu zituzten. Gainera, aurkezpenari ere garrantzi handia eman zioten. Epaimahaikoek mokadu guztiak dastatu eta lanak amaitutakoan, epaiaren berri eman zuten. Hala, Tximeleta taldeak eskuratu zuen bigarren postua, Eskaintza izeneko pintxoarekin. Irabazleak, berriz, Aizkorri eta Pinpilinpauxa taldekoak izan ziren, Ostadar pintxoari esker. Ondorioz, lehiaketaren oroigarria lortu zuten: sukaldari kapela bana. Giro ederrean, primeran pasatu zuten arratsaldea pintxoak egiten eta jaten. Datorren urtean ere, ziur elkartuko dira pintxoaren festa paregabean!