Matrikularen irabazlea, Donostiako Irrintzi AEKn

zozketa2017/18 ikasturteko matrikula zozketa Gonzaga Aristondok irabazi du. Dagoeneko ari da C2 maila lortzeko ikastaroa egiten, Donostiako Irrintzi AEK euskaltegian. Euskaltegi bereko ikasle Xabier Urteaga lagunari zor dio aukera hau eduki izana, Xabierrek proposatu baitzuen Gonzagaren izena AEKren Zu eta biok euskaraz, ederra kanpainaren baitan. Halaber, Urteagak % 50eko beherapena eskuratu du ikasturte honetako matrikulan.

Ahize-AEK, hiru proiektu berri esku artean

Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuak euskara planak sustatzeko aholkularitza eta normalizazio zerbitzua eskainiko ditu Oiartzungo enpresa txiki eta ertainetan. Udalak Lanin egitasmoa jarri zuen martxan pasa den urtean, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan euskararen erabilera handitzeko. Ahize-AEK beharrak aztertu eta egitasmoa diseinatzeko aholkularitza zerbitzua ematen ibili da sei hilabetez; ondoren etorri da kontratazioa, diseinu horren garapena egiteko. Plana bi urtean gauzatuko da. Halaber, Ahize-AEK Urola Kostako Udal Elkartea-Euskara eskura enpresa txikietan izeneko programako jarduerak egiteko aholkularitza zerbitzua ematen arituko da; baita Nafarroako Parlamentuko euskara planaren diagnostikoa, diseinua eta urtez urteko ebaluazioa egiten ere, hurrengo lau urteetan.

Ezagutu Gernika-Lumo eta inguruak, Berbalagunen eskutik

gernikaGernika-Lumoko Berbalagun proiektuak Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak izeneko gida kaleratu du. Hamabost ibilbide batzen ditu, guztiak ere Berbalagun taldeak egindakoak, batzuetan oinez, beste batzuetan garraio publikoa erabiliz, baina euskara beti ahoan.
Gernikako AEK-k, Aita Villasante Udal Euskaltegiak, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Busturialdean Euskaraz Bizi elkarteak 2003an jarri zuten martxan Gernika-Lumoko Berbalagun. Harrezkero, hainbat eta hainbat jarduera eta ekimen antolatu ditu, besteak beste bederatzi txango urtean. Horietako batzuk aukeratu dituzte gida osatzeko: “Bertoko baso ederrenak, haran erakargarrienak eta tontor maiteenak ezagutu ditugu. Kobetan izan gara, trikuharriak ikusi ditugu, Burdin Aroko gotorlekuak bisitatu ditugu, eta Erdi Aroko zubi eta galtzada zaharretatik ibili gara, euskara ahoan” adierazi dute gidaren aurkezpenean. Gonbita ere luzatu dute: “Gida txiki honetan, geuk egindako ibilbideetako batzuk eskaintzen dira, ikusi izan ditugun bazter zoragarriak edonork ezagut ditzan”. Gernika-Lumotik abiatu eta bertara bueltatzen dira ibilbideak, betiere egun erdiko plan txikiak. Hurrengoa, Astorkin hasi eta Gernika-Lumon bukatuko da, Albiz, Mendata eta Kanpantxutik igarota.

Errigora, zubigintzan

errigoraErrigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka udazkeneko kanpaina martxan da, urriaren 26az geroztik. Hil honen 14ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak AEKren euskaltegi guztietan. Kanpaina honetan, iazko berritasunari eutsiko zaio: kutxa zuria zein beltza izanen dira eskuragai.
Zubigintza leloaz jardungo du Errigorak ikasturte honetan: “Zubi berriak eraiki nahi ditugu Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleen artean, egunen batean euskaraz bizitzeko egitasmo berriak martxan jartzeko; baita ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantokien eta abarren artean ere, kanpainetatik harago merkaturatze bide berriak zabal daitezen”. Argazkian, urriaren 10ean Iruñeko Zentral aretoan egin zen aurkezpena.