Kirola eta Natura egitasmoa

kobaAEK-ren Praktikatu zerbitzuaren Kirola eta Natura egitasmoaren baitan, egun ederra igaro zuten 60 lagunek (horietatik hamalau umeak) Mairulegorretako kobazulora egindako txangoan. Ibilaldiaz eta bisitaz gain, Igor Arzuagaren kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izan zuten kobazuloan bertan.

Txotxindau jaia

indautxuIragan martxoaren 9an ospatu zuten Bilboko Indautxu AEK euskaltegian Txotxindau jaiaren aurtengo edizioa. “Itzela” izan zela adierazi dute bertakoek: “Hirurogei bat lagun bildu ginen, sekulako giroa sortu zen, eta bertaratuen iritziak oso onak izan ziren. Pentsa, batzuek hamabostean behin-edo egin nahi dute...”. Azalpen gutxi behar da horren ondoren, ezta?

E-uskaltegiko Blog-Blog bloga aurrerabidean

egelaUrtebeteko ibilbidea osatuko du, hil honen amaieran, AEKren E-uskaltegiko blogak. Euskara online ikasten dute E-uskaltegiko ikasleek, eta bertako irakasleekin partekatzen eta argitaratzen dituzte, Blog-Blog izeneko blogean, interesgarriak iruditzen zaizkien kontuak, testuak, irudiak… gehienak euskararen eta hizkuntzaren ikasprozesuaren ingurukoak. Haatik, gune irekia da; beraz, edonor sar daitekeenez, gustura jasotzen dituzte E-uskaltegiko kide ez direnen ekarpenak ere, www.egela.aek.eus/blog helbidean. Hainbat kontu aurki daitezke bertan: elkarren ondoan egon ez arren, inauterietan mozorrotuta agertzeko prest izan diren ikasleen argazkiak; mintzamena lantzeko, AIZU!ko berriak ondo baino hobeto kontatzen dituzten ikasleak; inguruko paisaia elurtuen argazkiak bidaltzen dituztenak... Guztiak balio du, jakina, euskara modu atseginean ikasteko.