18/19 ikasturtean, % 5 merkeago

AEK-k datorren ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina jarri du abian. Horren baitan,  izena ekainaren 19a baino lehen ematen duten ikasleek % 5eko deskontua izango dute matrikularen prezioan; horrez gain, lehentasuna edukiko dute ikastaldeak osatzeko garaian. Hala ere, azkenean ikastaroa ez egitea erabakiko balu, aurreratutako dirua osorik itzuliko zaio ikasleari, irailaren 26a baino lehen jakinarazten badu. Xehetasun gehiago jakiteko, AEKren euskaltegietara jo daiteke.

Barnetegiko esperientziak saria du

udakoBarnetegien udako kanpainan murgilduta, AEK-k sariketa bat prestatu du inoiz barnetegi batean izandako ikasleen artean egiteko: Barnetegitik, zein da zure oroitzapenik maiteena? Galdera horri erantzunez parte hartzen duten guztien artean egingo da zozketa: bi lagunendako bi eguneko egonaldia Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean. Barnetegi batean izan den edozeinek har dezake parte, eta kontakizunik onena sarituko da, jakina. Ezaugarri hauek izan behar ditu narrazioak: gehienez minutu bateko grabazioa, eta audio edo bideo bidezkoa (parte hartzailearen ahotsa ongi entzuteko moduan). Grabazioa Whatsapp edo Telegram bitartez igorri beharko da 630 477 400 telefono zenbakira edo aek.komunikazioa@gmail helbidera, maiatzaren 17a baino lehen.

AEK Ar Redadeg ekimenean

redadegAbiatzear da bretoieraren aldeko Ar Redadeg ekimena (maiatzaren 4tik 12ra izango da). Aurten, hamar urte eta 5 edizio beteko dituela ospatzeko, mahai-ingurua antolatu, eta Europan egiten diren Korrikaren antzeko ekimenak gonbidatu dituzte parte hartzera. Hauek izango dira partaideak: Korrika (Euskal Herria), Correlingua (Galizia), Correlengua (Katalunia), Course Lingua (Val d'Aran), Le Passem (Bearn), Ar Redadeg (Bretainia), Ras Yr Laith (Gales) eta An Rith (Irlanda). Esperientziak partekatzeaz gain, beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratuko dira mahai-inguruan. Batetik, ofizialki sortuko da Hizkuntzen aldeko lasterketen Europako sarea. Bestetik, bilkura amaituko da Hizkuntzen aldeko lasterketen Europako sare horretako partaideek elkarrekin osatuko dituzten proposamenak eginez eta jasoz, ekintza hauek nazioartean aurrerapausoak egin ditzaten.
Mertxe Mugika (AEKren koordinatzaile nagusia), Asier Amondo (Korrika arduraduna) eta Jakes Bortayru (Iparraldeko koordinatzailea eta Korrika batzordeko kidea) izango dira bertan. Halaber, elkarrekin korrituko dute, edizio bakoitzean ohikoa izan den moduan, Ipar Euskal Herriko AEK-k erositako kilometroa, maiatzaren 12an.