Bilborocken, ikasleen jaia

bilborockIkasturteari agur esateko, Bilboko AEK-ko ikasleek jai giroan bizi izan zuten ekainaren 14koa, Bilborocken. Goizean hainbat jolas eginda eta Nomofobikoak antzezlana ikusita, arratsaldean Txan magoaren bisita jaso zuten. Bukatzeko, BerbazBiran, Bilboko Zazpi Kaleetan hasi eta erdiguneko Indautxu plazan bukatu zen ginkana dibertigarria egin zuten. Guztira, 220 ikasle inguruk hartu zuten parte ikasturte amaierako jaian.

Slogan lehiaketak badu irabazlea

sloganIrrintzi AEK euskaltegiko Antton Tardagila ikasleak irabazi du VI. Euslogan lehiaketa, Geza, gozo edo mingots, egingo dugu txoootx sagardoa sustatzeko esloganarekin. Hala, Sagardo Tourrerako bi pertsonarentzako bonua eskuratu du. Bejondeiola!
Bigarren lekuan, bi AEKide gelditu dira, ex aequo: batetik, Sagardoaren aparra, bizipozerako garra leloarekin, Oskar Elizburu debagoienarra; bestetik, Sagarretik, sagardoa; sagardotik, poz-giroa esloganarekin, Aitor Fdez. de Martikorena getxoztarra.

Aurtengo AEK jendea, Arabakoa

jendeaAurten, AEK-k Arabari erreparatu dio AEKjendea topatzeko, euskararen normalizazioa ziztu bizian bizkortzen ari den lurraldeari, hain zuzen ere. Hala, Gasteizko AEK-ko euskaltegietan ari diren hiru ikaslerekin hitz egin du, hiru emakumerekin: Tamara Delgado, Leire Uribe-Etxebarria eta Ainhoa Fernandez.
Delgado eta Uribe-Etxebarria Arana AEK eta Aixkiria AEK euskaltegietako ikasleak dira, hurrenez hurren. Tamara, Nafarroako hegoaldeko herri txiki batekoa bera, Gasteizen bizi da, eta bertan euskaldundu da. Jende askori gertatu bezala, lorpen horrek harro sentiarazten du, eta pertsona irekiagoa izateko bultzada eman dio. Leirek, berriz, bestelako bidea egin du euskararekin: txikitatik ikasi du euskaraz, eskolan nahiz unibertsitatean. Dena den, guztiz bat dator euskaltegietan ugaritzen ari den profil jakin batekin: C1 mailako egiaztagiria eskuratzeko azterketa prestatzeaz gain, euskara maila hobetzeko asmo tinkoarekin hurbildu da AEKra. Biek eusten diote, tinko, euskaraz bizitzeko konpromisoari.
Bestalde, Ainhoa Fernandez Zadorra auzoan bizi da, eta bertako euskaltegian ikasten ari da. Euskara gero eta gehiago erabiltzen du bizitzako hainbat arlotan. Horien artean, alabak rol garrantzitsua jokatzen du, euskara ikasteko eta hobetzeko arrazoi nagusietakoa baitu. Hori dela eta, Ainhoa eta alaba ohikoak dira udako familia barnetegietan. Guztien testigantzak daude ikusgai AEKren Youtube kanalean.