Amalurraren altxorra

altxorraGarazi eta Baigorriko AEKn, burutu dute urteroko argazki txapelketa. Aurtengoan, Garaziko B1-2 mailako taldea izan da garailea, Altxorra izeneko argazkiarekin. Parte hartzaileek bi baldintza bete behar zituzten lehiaketan parte hartzeko: gaia (Amalurra zaindu), aipatzea eta hori kolorea agertzea argazkian. Orotara, 21 argazki aurkeztu dituzte, eta, esan bezala, Altxorra izenekoak irabazi du.  Iazko irabazleek osatu dute epaimahaia, Garaziko A2-1 mailako ikasleek, hain zuzen. Bai argazki irabazlea bai beste guztiak Gau Eskolaren blogean jarri dituzte ikusgai: www.aekgarazi.blogspot.com.

Txangoa elkarlanean

iturraranIragan abenduaren 6an, Pagoetako Iturraran Parketxea ezagutzeko aukera izan zuten Oarsoaldeko eta Urola Kostako AEK-ko ikasle eta irakasleek, bi eskualdetako AEK euskaltegiek antolatutako trukeari esker. Guztira, eta eguraldia lagun, 50 lagun baino gehiago ibili ziren Aia inguruko paraje zoragarrietan, aspertzeko betarik gabe. Lehenik, taldetan banatuta, orientazio ibilbideak egin zituzten, eta, ondoren, Agorregi burdinola martxan ikusteko aukera izan zuten. Goiz pasa ederra egin zuten, baina, trukea izanik, elkarlana ez da txango horretan amaituko: udaberrian, Urola Kostako lankide eta ikasleek bisita bat prestatuko diete Oarsoaldekoei, eskualde horretako zoko-mokoak konpainia onean ezagutzeko.

Kirola eta natura, euskara praktikatzeko

AEKren Praktikatu zerbitzuak Kirola eta Natura egitasmoaren bigarren edizioa abiatu du. Iazko esperientzia ona aintzat hartuta, beste sei txango prestatu ditu, urtarriletik ekainera bitartean egiteko. Helburua da, iaz bezala, Euskal Herriko kultura eta parajeak euskaraz ezagutzea, eta, natura errespetatzen ikasiz, egun atsegina igarotzea.
Hala, Artxandan hasiko da zikloa, urtarrilaren 20an. Bi eta bost kilometroko orientazio ibilbideak egingo dira, familian, taldean nahiz bakarka. Otsailaren 24an, berriz, 11 kilometroko ibilbide zirkularra egingo da Gorobel mendilerroan (Ledoño Goikoa-Tologorri-Menerdiga-Ledoño Goikoa), argazki lehiaketa eta guzti. Hurrengoa martxoaren 24an izango da: 12 kilometroko ibilaldia Barbadun ibai ondotik, El Pobaleko burdinolarako bisita barne. Maiatzaren 12an, Entzia mendilerrora joango dira parte-hartzaileak, Kristinoen koba bisitatu eta 12 kilometroko ibilbide zirkularra egitera. Bukatzeko, ekainean egingo dira azken bi txangoak: 9an, Urkiolatik Ipiztera 14 kilometroko ibilbidea egingo da, eta Santa Kruz apaizaren ezkutalekua bisitatuko; 23an, Itxinako zeharkaldia, 11 kilometroko ibilbide zirkularra (Atxulaur-Supelegor koba-Itxina-Kargaleku).
Parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da izena ematea. Partaide guztiek jasoko dute opari bat, txangoa abiatzerakoan. Halaber, adituen taldeak izango dira beti bidean laguntza emateko.
Izena emateko: www.praktikatu.eus