Mintzodromo birtuala abian!

Iragan otsailaren 1ean, mintzodromo birtuala egin zuten E-uskaltegian online ikastaroetan euskara ikasten ari diren ikasleek, baita aurrez aurreko eskolak jasotzen dituztenek ere, birtualki bildu eta elkarren artean solasean jarrita. E-uskaltegiak iaz ere antolatu zuen mintzodromo birtuala, eta esperientzia hura ona izan zenez, aurten hiru aldiz antolatuko dute. Lehen hitzordua iragan da, baina beste bi geratzen dira. Beraz, adi E-uskaltegiari (www.egela.aek.eus), bertan agertuko dira-eta hurrengoak!

VIII. Didaktika Topaketa burutu du AEK-k

Azken urteotan ohikoa denez, AEK-ko irakasleek Didaktika Topaketan hartu dute parte, otsaileko lehenengo larunbatean, beren prestakuntza hobetzeko asmoz. Lau saio izan dituzte aukeran, gehienak hizkuntzari lotuak, iaz euskara batuaren 50. urteurrena ospatu zela aprobetxatuta. Hala, besteak beste, hizkuntzaren gaineko lanketa nola egin planteatu da Topaketan: Zer da euskara batua eta nola jokatu beharko genuke? Hizkuntza lantzeko orduan, nola argitu gure zalantzak? Nora jo? Zer da zuzena eta zer ez? Nola landu hizkuntza ikasgelan? Zein paper betetzen dute ikuspegi komunikatiboan gramatikak eta hiztegiak? Galdera horien inguruan hausnartzeko, Euskaltzaindiko Miriam Urkiak eta Andres Alberdik Euskara Batuaren eskuliburua aurkeztu dute, IRALEko Jule Garmendiak hizkuntzaren gaineko kontsulta zerbitzuaren berri eman du, eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako Roberto Mielgok gramatika eta hizkuntza edukiak gaur egun nola lantzen diren azaldu du. Bestalde, ikastalde baten barruko gatazkak nola bideratu lantzeko aukera ere izan dute bertaratutako irakasleek.

AEK-ko ikaslea zara? Barnetegira merkeago!

euskalduntzenAsko falta dela dirudi, baina gainean ditugu udako barnetegiak. Apirilaren 1ean irekiko da izena emateko epea, baina ikasturte honetan AEKn dabiltzan ikasleek % 25eko deskontua izango dute matrikula prezioan, izena otsailaren 4aren eta martxoaren 4aren bitartean ematen badute. Euskalduntze barnetegietan, B1, B2 eta C1 mailak eskainiko dira, uztailaren 1etik 14ra eta 15etik 28ra (A2 maila ere bai hamabostaldi honetan), baita abuztuaren 5etik 18ra, abuztuaren 19tik irailaren 1era, eta irailaren 2tik 15era ere. Beherapena kontuan izanda, matrikula prezioa 378,75 eurokoa izango da, ez 505ekoa.  Familia barnetegietan, berriz, helduek 360 € eta haurrek 213,75 € ordainduko dute deskontuari esker. Barnetegi horiek uztailaren 1etik 12ra eta 15etik 26ra, eta abuztuaren 5etik 16ra egingo dira.

Urtea ondo hasteko

otzaraAEK-ko bost ikaslek ustekabe polita izan zuten Gabonetako oporretatik itzultzean: urtea hasteaz batera, otzara bana jaso zuten, euskara ikasteko egiten ari diren ahaleginagatik zoriontzeko. Herrialde bakoitzean otarre bat zozkatu zuen AEK-k ikasle guztien artean, eta hauek izan ziren sarituak: Amaia Gauna (Amurrioko AEK), Mª Carmen Garcia (Pirinioetako AEK), Eva Diez (Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegia), Pantxoa Sagaspe (Baionako AEK gau-eskola) eta Jon Alonso (Bilboko Indautxu-Irala AEK). Saskian, besteak beste, produktu hauek aurkitu zituzten: Elkar opari txartela (15 €), Korrikaren jantzi bat, Errigora produktuak eta Korrika mahai jolas kooperatiboa.