Mahai jokoetan euskaraz aritzeko saioa Donostian

jokoaldiaMartxoaren 9an, Mahai jokoaldia egingo dute Donostiako Gros auzoko Irrintzi AEK euskaltegian, mahai jokoetan euskaraz jokatzeko eta haien mundua ezagutzeko. Egun osoz, 10:00etatik eguerdira eta 16:30etik iluntze aldera, euskaltegiko geletan hainbat mahai joko izango dituzte erabilgai: haurrentzat, familia osoarentzat, eurogame motakoak, zail samarrak... Adin guztietarako saioa izango da (6 urtetik gorako haurrek gurasoen laguntzaz parte hartu beharko dute), doakoa, eta edozein unetan sartu ahal izango da, dela partida berri bat hasteko, dela martxan daudenak ikusteko. Antolatzaileek joko sorta prestatuko dute, baina norberak ere nahi duena eraman ahal izango du, eta, antolatzaileei baimena eskatuta, partida antolatu ahal izango du. Jakina, euskaraz egin beharko dute jokalariek; bai, behintzat, komunikatzeko. Mahai jokoetan euskaraz jarduteko ohitura eskasa izanik, aukera egokia izan daiteke Mahai jokoaldia. Gainera, mundu mailako primizia ere izango da: Durangoko Azokako sormen beka irabazi duen Atopiarpg rol jokoaren demoa jokatuko dute estreinakoz (aldez aurretik izena eman beharko da).

Maiatzean, barnetegia asteburuan

Hil honen 25ean hasiko da izena emateko epea maiatzean asteburuko barnetegia egiteko. Hiru aukera izango dira. Batetik, B2 eta C1 mailetako ahozko azterketak lantzeko barnetegia, Arantzan, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean; izena eman ahal izango da apirilaren 16ra edo toki kopurua bete arte. A2 eta B1 mailetako barnetegia ere Arantzan izango da, baina maiatzaren 10ean, 11n eta 12an; apirilaren 30era edo toki kopurua bete arte eman ahal izango da izena. Biek balio dute 135 euro. Azkenik, maiatzaren 18an eta 19an egingo dute hiri barnetegia, Iruñean, gutxienez B1 maila dutenek. Bestelako barnetegietan egiten diren jarduera guztiak egingo dituzte ikasleek, baina gaua bertan pasatu gabe (halere, norbaitek lotarako tokia behar badu, topatzeko laguntza eskainiko zaio). Eskolak Iruñezar AEK euskaltegian emango dira. Horretarako, 105 euro ordaindu beharko da, bazkariak barne, eta izena maiatzaren 7ra edo toki kopurua bete arte eman ahal izanen da. Informazio gehiago eskuratzeko, 948 274 160 telefono zenbakira  dei daiteke (Irrintzi AEK), edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta helbidera idatzi.

Mintzapraktikarako hainbat aukera martxoan

ipuinEz da mintzapraktikarako aukerarik faltako hil honetan. Esaterako, doako saio irekiak egongo dira Donostian, Iriki Atia ekimenaren baitan. Batetik Gatazkarik gabeko teknologia kanpainaren berri emango du Alboan GKEak, sakelako telefonoek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura ezagutarazteko. Martxoaren 5ean izango da lehen hitzaldia, 18:00etan, Antiguako AEK euskaltegian; 25ean, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean; eta 27an, 16:00etan eta 18:30ean, Antiguako AEK euskaltegian berriro.
Bestetik, Euskarazko baliabideak eta segurtasun informatikoa saioan, Xabier Martinek (www.iparra.eus gunearen kudeatzailea) aplikazioak eta jokoak euskaraz nondik deskargatu ahal diren azalduko du, baita gure gailuak, ordenagailuak eta sakelakoak euskaraz nola konfiguratu ere. Gainera, segurtasun informatikoan egon daitezkeen arriskuen berri emango du. Martxoaren 4an, 16:00etan eta 18:30ean, Antiguako AEK euskaltegian.
Azkenik, Basoaren alaba ipuin laburren bilduman oinarritutako ipuin kontaketa eta hizketaldia eskainiko ditu Leire Zinkunegik, martxoaren 7an, 19:15ean, Groseko Irrintzi AEK euskaltegian. Ipuin horiek jorratzen dituzte bizitza, heriotza, natura, lana, harremanak, bidaiak, hausnarketak, etab.
Bestalde, Kirola eta Natura zikloaren barruan, martxoaren 24an 8 kilometroko ibilaldi laua egingo da. Edozeinek egiteko modukoa da (hiru bat ordu), eta Bizkaiko Barbadun ibaitik izango da, Carlos Glariaren gidaritzapean. Muskizko Meatzari aretoan jarri dute abiapuntua, goizeko 10:00etan (oinetako erosoak, zira, ura eta hamaiketakoa eraman behar dira). Ibilaldia bukatu ostean, bisita gidatua egingo da El Pobaleko burdinolara. Guztia doan izango da, baina izena eman behar da, martxoaren 21a baino lehen, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidean edo 618 574 466 edota 663 080 995 telefono zenbakietan.