Azoka, Durangotik at

ahotsenea

Ez, ez dugu burua galdu. Azaroan gaude, eta jakin badakigu Durangoko 52. Azoka abenduaren 6tik 10era izango dela, Durangon bertan. Haatik, 52. Azoka martxan da dagoeneko, baina ez Durangon. Sormenaren lurraldea DA! lelopean, herriz herri dabil Azoka, irailetik. Izan ere, Ahotsenea Sortzaileen guneak 10 urte bete dituela-eta, haren urteurrena ospatzeko eta kulturaren plaza zabaltzeko, lehen aldiz jarduerak antolatu ditu Azokak Euskal Herriko hainbat txokotan. Abendura bitartean, erakusketa ibiltariak eta musika emanaldiak izango dira han-hemenka. Batetik, urteotan egindako 25 argazkiekin erakusketa antolatu du Ahotseneak, Txelu Angoitia, Saioa Cabañas Gau Ilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilarien irudiak eta hainbat sortzaile eta kazetariren gogoetak uztartuta. Bestalde, lau kontzertu antolatu dituzte beste hainbat tokitan. Jarduerokin, Azokan gertatzen dena Euskal Herrian barrena erakutsiko dute, eta, aldi berean, bisitariak Durangora erakartzeko baliatuko dute, sormenaren lurraldea, kultura oinarri eta euskara ardatz duena, mugarik gabeko lurraldea dela erakusteko.

Hurrengo emanaldiak azaroaren 3an eta 16an izango dira. Hurrenez hurren, Gasteizen Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga
musikariak eta idazle bat izango dira; eta Azpeitian Gorka Urbizu musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea.
Argazki erakusketa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ikusi ahal izango da, azaroaren 3tik 19ra, eta Azpeitiko
San Agustin kulturgunean, azaroaren 20tik abenduaren 3ra.

Urdaibai

haritzZabalik da bertako basoak leheneratzeko diru kanpaina

Gure basoak, gure etorkizuna izenburupean, Urdaibaiko basoak leheneratzeko crowdfunding kanpaina abiarazi du Lurgaia Fundazioak, natur ondarearen kontserbazioan eta kudeaketan eragitea xede duen irabazi asmorik gabeko elkarteak. Zehazki, Undabaso izeneko parajean, Muxikan, 31 hektareako lursaila erosi nahi du. Eskuratuz gero, pinuak kendu eta haritzak landatuko dituzte. Lehendik badute beste 26 hektareako lursail bat, dagoeneko haritzekin birlandatua. Bi lursailak batuta, Urdaibaiko hariztirik handiena osatuko lukete. Proiektua gauzatzeko, baina, 108.000 euroko aurrekontua bete behar dute. Bazkideen kuoten bidez eta aurreko urteetan egindako lanari esker, dagoeneko lortu du zati handi bat Lurgaiak. Halere, diru guztia lortu ahal izateko, crowdfunding kanpaina ipini behar izan dute martxan, goteo.org plataforman. Guztira, 20.000 euro lortu nahi dituzte. Lurgaia Fundazioak ia hamar urte daramatza lanean Urdaibai Biosfera Erreserban bertako basoak leheneratzen. Urteotan lan handia egin arren, oraindik ere galtzak bete lan dute: Urdaibaiko azaleraren % 78 pinu eta eukaliptoz beterik dago. Oraingo kanpainak beste urrats bat ekarriko du hango basoen berreskuratzean, baldin eta beharrezko dirua biltzen bada. Kanpainari diru ekarpenak egiteko epea azaroaren 23an amaituko da, eta goteo.org gunean egin daitezke, non, halaber, egitasmoaren xehetasun guztiak ezagut daitezkeen.

Hizkuntz eskubideak

Euskara lurralde osoan ofiziala izateko dinamika abiatu du Kontseiluak

Euskara ofiziala Nafarroa osoan izeneko dinamika abiarazi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatzeko. Hots, euskaldunek Nafarroan bizi duten bereizkeria gainditu eta zonifikazioarekin amaitzeko. Bi urte dira legegintzaldi berria abian jarri zenetik, eta harrezkero zenbait aldaketa egin direla nabarmendu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, kanpainaren aurkezpenean. Esanguratsuena, Euskararen Legearen moldaketa, eremu mistoa delakora herri gehiago gehitzeko aukera ematen duena. “Edonola ere, euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu bereizkeriaren eragilea den eskualdekatzea”. Izan ere, soilik eremu euskalduna izenekoan da euskara ofiziala oraindik ere. Beste bietan, aldiz, euskaraz bizitzeko zailtasun handiak dituzte euskaldunek. Hori iraultzeko, “nahitaezkoa da euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa indargabetzea. Injustizia egiten ari da euskaldunokin. Euskararen lege berria behar dugu”. Hizkuntz eskubideetan nafar guztien berdintasuna aldarrikatzeko dinamika Iruñerriko zenbait herritan egingo da: Antsoain, Berriozar, Burlata, Mutiloa, Sarriguren eta Iruñeko herritarrek eskuorriak jasoko dituzte haien postontzietan urriaren amaieran. Zonifikazioari buruzko informazioa eskuratzeaz gain, udalei eskaria egiteko eskabidea izango dute. Azaroko lehen hiru asteetan jasoko dituzte, eta tokian tokiko euskalgintzako taldeek udalei eta Legebiltzarrari helaraziko dizkiete.

Herbehereak

zubia3D inprimagailuarekin egindako zubia ibilgailuetarako

Herbehereetako Gemert-Bakel herrian, zubi berezia zabaldu dute: 3D inprimagailu bidez egindako zubia ibilgailuetarako. Mota honetako lehena da munduan. Madrilen (Espainia) bada 3D inprimagailuarekin egindako beste zubi bat, baina oinezkoek baino ez dute erabiltzen. Herbehereetakoa, aldiz, ibilgailuek baliatzeko da. Alabaina, ez ibilgailu mota guztiek, soilik bizikletek. Izan ere, aski jakina denez, bizikleta garraiobide oso erabilia da Herbehereetan. 8 metro luze eta 3,5 metro zabal da zubia, eta bost tonako pisua euts dezake. Zementu konprimatuko 800 geruza ditu, eta hiru hilabete behar izan dituzte amaitzeko. Royal BAM Group eraikuntza partzuergoak eraiki du, Eindhovengo Teknologia Unibertsitateko instalazioetan. Egileek jakinarazi dutenez, 30 urte edo gehiago irauteko gai da zubia. Antza denez, sortzaileak gustura daude azken emaitzarekin. Hala, teknika bera erabiliz bost etxebizitza eraikitzeko asmoa agertu dute.

Txile

nerudaPablo Neruda ez zen minbiziak jota hil

Nola hil zen Pablo Neruda? Hil zenetik berrogeita lau urte igaro direnean, oraindik ere hizpide da poeta txiletar ezagunaren heriotza. 1973ko irailaren 23an hil zen, Augusto Pinochet jeneralak Salvador Allenderen gobernuaren kontra estatu kolpea jo eta egun gutxira, Santiagoko Santa Maria ospitalean. Ofizialki, prostatako minbiziaren eraginez hil zen. Haatik, eta Neruda Pinocheten aurka zegoela kontuan hartuta (Txileko Alderdi Komunistako kidea izan zen), askok zalantzan ipini dute bertsio ofiziala.  Pinocheten aginduz pozoitu zutela esan izan dute ahots ugarik, batez ere Nerudaren burkideek. Auzia argitu nahian, 2011tik ikerketa judiziala egiten ari dira Txilen. Horren baitan, 2013an, Nerudaren gorpuzkia hobitik atera zuten, azterketak egiteko. Orduko hartan, nazioarteko aditu talde batek ondorioztatu zuen ez zela pozoitua hil. Horiek horrela, ikerketaz arduratzen zen epaileak azterketa gehiago agindu zituen. Bada, berriki nazioarteko beste aditu talde batek proba horien emaitzak aztertu ditu, eta ondorioztatu du Neruda ez zela minbiziak eragindako kakexiagatik hil. Alegia, adituen arabera, heriotza ziurtagiriak ez zuen jaso heriotzaren benetako arrazoia. Zergatik hil zen ez dute argitu, baina jakinarazi dute orain toxina jakin bat aztertu behar dutela. Horrenbestez, epaileak agindu du azterketekin jarraitzeko. Adituek esan dutenez, urtebete barru jakingo dira emaitzak, eta baliteke orduan argitzea Nerudaren heriotzaren arrazoia.