Lemoiz, haztegi

lemoiz

Izango zenaren baina izan ez zenaren lekuko, sekula ireki ez zen Lemoizko zentral nuklearraren azpiegiturek hortxe daramatzate ia 40 urte, beren horretan, itxita. Urte gutxiren buruan, ordea, bestelakoa izan daiteke egoera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bestelako erabilera eman nahi dio tokiari. Hala, arrain haztegi bat eraikitzeko proiektua aurkeztu berri du. Bertan, erreboiloak, mihi arrainak, izokinak, izkirak eta otarrainxkak haziko lituzkete. Xehetasun gehiago ere jakinarazi ditu: kapital pribatuak sustatuko luke; egun Iberdrolarenak diren lurrak eskuratzeko arazo handirik ez legoke; bi proiektu daude aukeran, eta tamainaren arabera 350 eta 550 lanpostu bitartean sortuko lirateke; proiektua gauzatzekotan, hemendik zenbait urtera egingo litzateke. AZTI ikerketa zentroak ere, ingurunea ikertu ostean, egokitzat jo du kokalekua. Zentral nuklearra eraikitzeko proiektua bezain polemikoa izango denik ez dirudi, ezta bere garaian Euskal Herrian eragin zuen kontrako uholdea piztuko duenik ere. Ez da ahaztu behar, ordea, arrain haztegiek eztabaida ugari sortu ohi dituztela, ingurumenean ondorio txarrak eragiten dituztelakoan. Hala mintzatu da, adibidez, Equo alderdia, eta egitasmoari buruzko informazio gehiago eskatu du. Ikusi egin beharko zertan geratzen den!

Australia

uluruUluru haitzera igotzea debekatuko dute

Berezia da Australiako Uluru haitza, Ayers Rock izenez ere ezaguna. Uluru-Kata Tjuta Parke Nazionalean kokatua, hareharrizko haitz erraldoi eta gorrixka munduko monolitorik handiena ere bada. Ikusgarria izaki, milaka turista erakartzen ditu: urtean, 300.000 inguru. Horietako asko, gainera, 348 metroko garaieran dagoen gailurrera igo ohi dira. Haatik, turismo gune garrantzitsua izateaz gain, Australiako aborigenentzat leku sakratua da Uluru. Horregatik, aborigenek ez dute begi onez ikusten turisten joan-etorria, eta 1985etik dabiltza borrokan Ulurura igotzeko debekua ezar dezaten, alegia, inork ez dezan leku sakratua profanatu. Izan ere, turista askok eta askok bertako harriak eramaten dituzte oroigarri, nahiz eta espreski debekatua egon. Hainbeste urteren ostean, aborigenen eskariak aintzat hartu ditu Australiako gobernuak, eta, hala, haitz sakratura igotzeko debekua ezarriko du. Zehazki, 2019ko urrian sartuko da indarrean debekua. Modu horretan, haitzak Australiako jatorrizko biztanleen artean dituen esanahi eta balioa babestu nahi dituzte agintariek, eta lekua parke tematiko bilakatzea saihestu.

Hirigintza

bilboEuropako Hiririk Onenaren Saria Bilbori

The Academy of Urbanism erakundeak Europako Hiri Onena izendatu du Bilbo, The Urbanism Award lehiaketan beste bi finalistei, Viena (Austria) eta Ljubljana (Eslovenia) hiriei, gailendu ostean. Hiri jasangarriak eta berritzaileak bultzatzea du xede The Academy of Urbanism nazioarteko erakundeak, eta urtero banatzen ditu sariok. Batez ere, hirigintza kontuak aztertzen dituzte lehiaketan. Horiekin batera, giza balioak, berrikuntza, nortasuna eta hiri-gobernantza ere aintzat hartzen dituzte. Epaimahaikideak irailean izan ziren Bilbon, eta hainbat alor aztertu zituzten: zerbitzuak, azpiegiturak, garraio sistemak, bizi kalitatea, ingurumen parametroak... Ikusitakoa egokitzat joko zuten, azaroaren 8an Londresen egindako ekitaldian Europako Hiririk Onenaren Saria eman baitzioten. Zorionak, beraz, Bilbori eta bilbotarrei!

Gizartea

kaltzadaJulen Kaltzada hil da

Albiste tristea utzi du iragan berri den azaroak: Julen Kaltzada hil zen hilaren 13an, beste gauza batzuen artean AEK-ko buru eta Korrikaren sortzaileetako bat izan zena. 1935eko uztailaren 18an Busturian jaioa, frankismo garaian apaiza eta militante antifrankista izan zen, eta diktadura osteko urteetan helduen euskalduntzearen sustatzailea. Frankismoaren aurka egiteagatik espetxeratua, Burgosko prozesuan epaitu zuten. Hain justu, frankismoaren kontra Argentinan zabalik den kereilan parte hartu zuen: bere testigantza eskaini zuen, Elisa arrebarekin batera, Maria Servini epailearen aurrean, 2014ko maiatzean. 1976ko amnistiari esker aske geratu ostean, helduen euskalduntze-alfabetatzean aritu zen buru-belarri. Hala, AEKren arduradunetako bat izan zen lehen urte haietan, baita Korrika sortu zutenetakoa ere. Ekintzaile konprometitua, azaroaren 13an zendu zen, esan bezala, Umezurtzen aberria (Txalaparta) autobiografia aurkeztu eta astebete eskasera. Samina eragin dute bere heriotzak eta utzitako hutsuneak. Nolanahi ere, hutsunea baino handiagoa da haren ekarpena. AEK-k eskaini dizkion hitzak hona ekarrita, “zuk ereindako hazia ureztatzen jarraituko dugu, Euskal Herria guztiz euskaldundu arte! Agur eta ohore, Julen, eta mila esker eman diguzun guztiarengatik”.

Ikus-entzun

eraztuna‘Eraztunen jauna’ telesail ere izango da

Peter Jackson zuzendariaren eskutik zineman trilogia arrakastatsua bihurtu ostean, pantaila handitik txikira igaroko da Eraztunen Jauna, J. R. R. Tolkienek idatzitako eleberri ezaguna. Deadline hedabideak jakinarazi duenez, Amazon konpainia erraldoiak Tolkienen eskubideak eskuratu ditu 200 milioi dolarren truke, Eraztunen Jauna oinarri hartuta telesaila egiteko. Amazonekin batera ariko dira Tolkien Estate and Trust (Tolkienen eskubideak kudeatzen dituen erakundea), HarperCollins argitaletxea eta New Line Cinema. Behin telesaila eratutakoan, Prime Video bitartez eskainiko dute, Amazonek edukiak sarean emateko duen zerbitzuaren bidez, hain zuzen. Edukiei dagokienez, trilogiako kontakizunen aurreko istorioak izango ei ditu ardatz, betiere Tolkienen idatzietan oinarrituta. Gainera, zenbait denboraldi izango dituenez, jatorrizko kontakizunetik eratorritako telesailak sortzeko aukera izango dute. Tolkienen lana zukutzearen zukutzeaz, martxa honetan izena aldatu beharko diote trilogiari, eta Eraztunen Matraka ipini.