Nola gelditu hau?

bilbobus

Autobusa gelditzea erraza da, txirrina jo eta kito. Momentuz, gaitzagoa dirudi, ordea, kalean gauez lasai ibiltzea. Hori dela eta, Bilboko autobusetako bidaiariek aukera izango dute, laster barru, gauez geralekuetatik kanpo jaisteko. Modu horretan, etxerako bidean paira ditzaketen erasoak saihestu nahi dira, batez ere emakumeen aurkakoak. Hau da, gaueko zerbitzuetan, eta erabiltzaileek hala eskatuz gero, etxetik gertuen dagoen tokian jaitsi ahal izango dira, nahiz eta bi geltokiren artean izan. Halaxe erabaki du Bilboko Udalak, EH Bilduren proposamena onartuta. Halere, neurria ez da berehala sartuko indarrean. Ziurrenik, urte amaieran izango da martxan, lehenengo nola gauzatu aztertu behar dutelako. Egun, Gautxori izenpean, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan eskaintzen da. Bilbon izandako harrera ona ikusita, bide bera hartu du Gasteizko Udalak ere, eta neurria aztergai izango du Tuvisako Gautxori zerbitzuan ezartzeko. Munduko beste zenbait hiritan ere eskaintzen dira antzeko zerbitzuak. Neurria txalogarria da, baina tristea aldi berean, argi erakusten baitu emakumeek, oraindik ere, kalean erasoen beldurrez ibili behar dutela.

Europa

biziBizikletetarako zenbat eta bide gehiago, orduan eta heriotza gutxiago

Europako hirietan bizikletetarako bideak ugarituz gero, milaka heriotza ekidin daitezke. Zehazki, hirietako joan-etorrien % 24,7 bizikletaz egingo balira, urtero 10.000 heriotza saihestuko lirateke. Hala ondorioztatu du ISGlobal Institut de Salut Global Barcelona erakundeak, Europako 167 hiritako egoera aztertu ostean: bizikleta bideen sareen luzera, hiritarren garraio aukeraketa eta aukerok osasunean nahiz ekonomian dituzten onurak. Ikerketak, Preventive Medicine aldizkarian argitaratuak, ondorio garbia atera du: bizikletetarako azpiegiturak areagotuta, jende gehiagok aukeratuko luke hara eta hona ibiltzeko, eta horrek ondorio onuragarriak izango lituzke osasunean eta ekonomian. Datu gehiago ere jaso ditu ikerketak, eta azterturiko hirietako kale guztietan bizikletetarako bideak ipintzearen eraginak nabarmendu ditu: Londresen, 1.210 heriotza gutxiago urtean; Erroman, 433; eta Bartzelonan, 248. Bizikletaz ibiltzea ona da osasunerako, batetik; kutsaduraren zein istripuen ondorio kaltegarriak arintzen ditu, bestetik. Hain zuzen, horrek eragingo luke, nagusiki, heriotza gutxiago gertatzea. Horrenbestez, hiritarren osasuna eta ongizatea hobetzeko, autoen erabilera gutxitu beharko litzateke,  garraio publikoa eta bizikleta sustatzeaz batera, ikerketaren egileen aburuz.

Euskara

Euskaltzaindiak egungo errealitatera egokituko ditu hainbat definizio

Hiztegiko zenbait definizio berrikusi ostean, aldatzeko proposamenak egin ditu Euskaltzaindiak. Zehazki, familia harremanei loturikoak. “Gaurko errealitatera moldatu” ditu definiziook, genero berdintasunari bereziki erreparatuta; izan ere,  “gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere moldatu egin dira”. Hala, adibidez, aitaginarreba lehen “Senarraren aita emaztearentzat, edo emaztearena senarrarentzat” zen, eta oraingo proposamenean, berriz, “Ezkontideetako baten aita beste ezkontidearentzat”; edo erraina, lehen “Semearen emaztea” zena, orain “Semearen edo alabaren emaztea” izatea proposatu da, “gizarte ereduaren aldaketa hiztegira ekarrita”. Halako moldaketez gain, dinastia kontuekin lotutako proposamenak ere egin dira. Esaterako, infanta, orain artean “Erregearen alaba, erreginagaia ez dena”, aurrerantzean “Monarka baten alaba, erreginagaia ez dena” izan daiteke. Euskaltzain osoek hilabeteko epea izan dute, abendua eta urtarrila artean, proposamenei oharrak egiteko. Kontrakorik ezean, proposamenak ontzat eman eta hiztegian aldatuko ditu Euskaltzaindiak.

Euskaraldia

euskaraldiaZabalik da herriek izena emateko epea

Hizkuntza ohiturak eraldatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko asmoz, Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimena egingo da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean. Azken urteotan hainbat herritan garatu izan diren antzeko egitasmoak eredu, oraingo hau Euskal Herri osoan egingo da. Alegia, auzoetan, herrietan zein eskualdeetan antolatu ahal izango da, xedea baita ahalik eta leku gehienetan egitea. Hala, dagoeneko zabaldu dute epea herriek ekimenean parte hartzeko izena eman dezaten, https://euskaraldia.eus/ atarian. Halaber, herriren batek parte hartu nahi, baina ekimena antolatzeko baldintza egokirik ez baldin badu, entitate gisa izena emateko aukera ere izanen du. Oraingoz, herriek izena emateko epea baino ez dago. Herritarrei begirakoa irailean irekiko dute. Guztira, 27 entitatek (tartean, AEK-k) eta erakundek sustatu dute Euskaraldia.

Suitza

seafoodKozinatzerakoan, otarrainak ur irakinetan bizirik sartzea debekatu dute

Otarrainak prestatzeko ohikoa da: animaliak bizirik direla, ur irakinetan sartzen dira. Bada, Suitzako jatetxeek ezin izango dute egin, martxoaren 1etik aurrera. Halaxe erabaki du Suitzako Gobernuak, animaliak babesteko legeria berraztertu ostean. Hemendik aurrera, otarrain eta krustazeoak hil aurretik, zorabiatu egin beharko dituzte. Horretarako, bi metodo baliatu ahal izango dituzte: deskarga elektrikoak edo garunaren “suntsitze mekanikoa”. Animalien eskubideen aldeko elkarteen eta zenbait zientzialarien argudioei jarraiki onartu dute lege berria, krustazeoek jasaten duten mina saihesteko. Gainera, legea indarrean sartzen denean, bizirik dauden krustazeoak garraiatzeko modua ere aldatu egin beharko dute: ezin izango dira ur hotzetan edo izotz gainean garraiatu. Legeak dioenez, “itsas espezieak beren berezko ingurunean eduki behar dira”. Legeak ez die soilik krustazeoei eragingo; izan ere, bestelako neurriak ere hartu dituzte animalien eskubideak urratzen dituzten hainbat jardun desagerrarazteko, esaterako: animaliakumeen haztegiak edota zaunka egiteagatik txakurrak zigortzen dituzten gailu automatikoak.