Berrasmatzen

ehz

Eguraldi petralak hala behartuta, iaz bertan behera utzi behar izan zuten EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Kolpe gogorra izan zen hura jaialdiaren antolatzaileentzat, baina ondoren jasotako elkartasun itzela bizigarria ere izan zen. Nolanahi ere, 2018. urtea trantsizio urtetzat hartu eta jaialdirik ez antolatzea erabaki zuten. Hala, gogoeta eta eztabaida fasean daude. EHZ berrasmatzen izenburupean, 2019ko EHZ nolakoa izango den eztabaidatuko dute, epeka, ekainera bitartean. Prozesu “zabal eta parte hartzailea” izango da, eskualdeka egingo dutena, EHZ elkarteak hala erabakita. Hori bai, dena ez da gogoeta eta eztabaida izango: ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean, jaialdia ospatu beharko litzatekeen egunetan, festibal ibiltaria egingo dute Ipar Euskal Herriko hiru herritan. EHZk, hortaz, aurten ez du hitzordurik izango, hitzorduak baizik: eztabaidatzeko izango direnak eta jaialdi ibiltariaren baitakoak. Denak ezinbestekoak, jaialdiak jarrai dezan erakusten merkatuaren logikatik at badagoela bestelako bideak urratzea. Bestelako mundua eraikitzen jarraitzeko berrasma dadin. Berrasmatu, berrindartzeko.

Hizkuntza gutxituak

rithGaelikoaren alde... Rith badator!

2018an, ez da Korrikarik izango Euskal Herrian. Bai, ordea, Irlandan. Izan ere, martxoaren 11tik 17ra, Rith egingo dute, gaelikoaren aldeko lasterketa, zeinak irla osoa zeharkatuko duen; hots, bai Ipar Irlandan bai Irlandako Errepublikan zehar ibiliko da. Belfastetik abiatuko da martxoaren 11n, eta Kerryn amaituko 17an, San Patrizio egunez. Egun horietan, 1.500 kilometro inguruko ibilbidea osatuko du Rithek (gaelikoz, “korrika egin”). Laugarren aldia izango du lasterketak aurtengoa; 2010ean egin zuten lehenengoz, AEKren Korrika eredu hartuta. Ordutik, bi urtetik behin antolatzen dute, jendea gaelikoa erabiltzera animatzeko asmoz. Hain zuzen, parte hartzeari dagokionez, aurten helburu zehatza ipini dute antolatzaileek: 25.000 “korrikalari” elkartzea gaelikoaren aldeko lasterketan. Horrekin batera, nola ez, dirua biltzeko ere baliatuko dute. Euskal Herriko Korrikaren antzera, kilometroak ipintzen dituzte salgai, eta etekinak gaelikoaren aldeko egitasmoak laguntzeko baliatzen dira. Gehiago jakin nahi? Bada, jo egitasmoaren webgunera: www.rith.ie.

Euskara

Euskaltzaindiak bere hiztegiko 446 sarrera berrikusi eta osatu ditu

Euskaltzaindiaren Hiztegia osatu du Euskaltzaindiak, 446 sarrera zuzenduta eta beste 31 gehituta. Askotariko gaiei loturiko sarrera eta azpisarrerak dira, bai zuzenduak bai lehenengoz jasoak. Tartean dira, otsaileko AIZU!n jakinarazi genuen moduan, familia harremanei dagozkien hainbat sarrera. Izan ere, genero berdintasunari arreta berezia eskaini dio Euskaltzaindiak hiztegiaren zuzenketa eta osatze lanean. Erakundeak nabarmendu duenez, “gizartea aldatuz doan bezala, forma horien definizioak ere aldatu egin dira”. Esaterako, hemendik aurrera, erraina ez da izango “semearen emaztea”, “semearen edo alabaren emaztea” baizik. Genero berdintasunaren esparrutik kanpoko sarreren eta azpisarreren artean, aurki daitezke, esaterako, ahatzarazi, apo hotz edo apo-hontz, basarrosa, deflazio, amilotx urdin, kultura-aniztasun, behe hodei edo behe-hodei... Euskaltzaindiaren abenduaren 22ko Osoko Bilkuran aurkeztu zituzten aldaketok, eta urtarrilaren 26koan onartu. Hala, Hiztegiaren bertsio elektronikoari (www.euskaltzaindia.eus) gehitu dizkiote dagoeneko. Aurrerantzean, urtean bi aldiz eguneratuko dute Hiztegiaren bertsio elektronikoa.

Ondarea

portugaleteBizkaia Zubiak urte osoan ospatuko du 125. urteurrena

Bizkaiko Zubiak, Portugalete eta Getxo lotzen dituenak, 125 urte beteko ditu aurten. Zehazki, udan, 1893ko uztailaren 28an inauguratu baitzen. Haatik, ospakizun ekitaldiak urte osoan egingo dituzte. Horretarako, ekimen bateratua bultzatu dute hainbat erakundek: zubiaren kudeatzaile Bizkaia Zubiak, Portugaleteko eta Getxoko Udalek, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak. Helburuak izango dira zubiaren berezko balioa azpimarratzea eta, era berean, ahalik eta bisitari gehien erakartzea. Oraingoz, ez dute egitarau zehatzik jakinarazi, baina bai nondik norako nagusiak. Besteak beste, kultur eta kirol ekitaldiak antolatuko dituzte, baita aisialdiari loturikoak ere: musika jaialdiak, bertsolaritza, literatura, estropadak, erakusketak, herri lasterketak, festak, jarduera gastronomikoak... Horrez gain, Munduko Zubi Transbordadoreen II. Kongresua egingo da uztailean, eta Industria Turismoaren Foroa 2018ko azken hiruhilekoan. Urteurrena, gainera, 2018 Kultur Ondarearen Europako Urtearen barnean kokatuko da. Balio handiko ondarea da Bizkaia Zubia, eta ez soilik urteotan guztiotan Ibaizabalen ertzak lotuz emandako zerbitzuarengatik. XIX. mendeko Bizkaiko industrializazioaren eta burdin kulturaren ikono, arkitektura eta ingeniaritza lan berezia da. Halako lehena izan zen munduan, eta gaur egun martxan diren 8etako bat da. 2006tik, gizateriaren ondare ere bada, Unesco-Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak izendatuta.

Europa

erlojuaUdako eta neguko ordu aldaketak, ezbaian

Energia aurrezten den aitzakian, urtean bitan ordua aldatzen da, urtero, Europako herrialdeetan. Martxoan, ordubete aurreratzen da, eta urrian, berriz, atzeratu. 90eko hamarralditik, Europako Batasuneko araudiek koordinatzen dute ordu aldaketa. Bada, berriki, Europako Parlamentuak zalantzan jarri du aldaketa, Finlandiak eginiko eskaera bat aintzat hartuta. Urtarrilean, herrialde horrek ordu aldaketa bertan behera uzteko eskaria aurkeztu zuen, 70.000 sinadura baino gehiago jaso zituen eskaera batek hala bultzatuta. Ordua aldatzeari uztearen aldekoek argudiatzen dutenez, osasun arazoak eragiten ditu. Besteak beste, lo egiteko arazoak eta lanean produktibitate urriagoa izatea. Aldaketaren aldekoek, aldiz, energia aurrezten dela diote. Argudio horiek eta gehiago aipatu ziren Europako Parlamentuan eginiko eztabaidan. Debatearen ostean bozketa eginda, ordu aldaketa aztertzearen alde agertu zen Europako Parlamentua, aldeko 384 botorekin eta kontrako 153rekin. Ondorioz, Parlamentuak eskatu dio Europako Batzordeari (Europako Batasuneko gobernua, nolabait esatearren) ordu aldaketaren ondorioak aztertzeko, eta, beharrezkoa balitz, ohitura aldatzeko plangintza osatzeko. Bien bitartean, martxoan eta urrian erlojuaren orratzak aurrera eta atzera mugitzen jarraitu beharko!