Lehen hamaikakoa, prest

euskaraldia

Hauek dira lehen hamaikakoko kideak: Mikel Arrasate, Arianne Unamuno,
Zuriñe Gil, Alex Txikon, Dani Alvarez, Pedro Miguel Etxenike,
Toti Martinez de Lezea, Eneko Sagardoy, La Basu, Aretz Igiñiz eta Cris Lizarraga.

Euskaraldiak badu lehen hamaikakoa. Partida azaroaren 23tik abenduaren 3ra jokatuko da, Euskal Herri osoan, eta dagoeneko hasiak dira entrenamenduak bazter askotan. Lehen hamaikako kideak, denak ere ezagun eta erreferentzialak, hasi dira luzaketak egiten, hitzordua ailegatzen denerako ahobizi eta belarriprest izateko prestatzen. Hala azaldu dute Euskaraldiaren lehen hamaikakoa osatzen duten pertsonek; Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenenaren enbaxadore izango dira, eta haren berri emango diete inguruko kideei. Horrez gain, jakina, Euskaraldia abiatutakoan, ahobizi edota belarriprest izango dira. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera hazteko ariketa soziala izango da Euskaraldia, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina. Bada, lehen hamaikakoak jada zabaldu du herritarren partaidetza aktibatzeko deia: ekimenean parte hartu nahi dutenek ere hamaikakoak osatu beharko dituzte. Beraz, hasi berotze ariketak egiten, partida luzea izango da eta. Euskarak ez du jokoz kanpo geratu behar.

Arkeologia

atxurraAnimalien 113 horma irudi topatu dituzte Atxurra leizean

Altxor paregabea aurkitu dute arkeologoek Berriatuko (Bizkaia) Atxurra kobazuloan: 113 animalia irudi. Bisonte eta zaldien irudiak dira ugarienak. Animalia gehiagorenak ere badira, baina kopuru apalagoetan: oreinak, ahuntzak, uroak... Aurkikuntza honekin, Euskal Herrian irudikapen gehien dituen kobazuloa da Atxurra. Horma irudiez gain, giza jardueraren arrastoak ere topatu dituzte; esaterako, 500 ikatz hondakin baino gehiago eta irudiak grabatzeko erabilitako silexezko zenbait pieza. Horrek erakusten du, aurkikuntza egin dutenen ustez, arte galeria ez ezik, arte lantegia ere bazela Atxurra. Topatutakoaren berri orain jakin bada ere, 2015eko irailaren 25ean aurkitu zituzten irudiak Diego Garate arkeologoak eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bati esker, zeinaren helburua den Jose Miguel Barandiaranek bere garaian ikertutako haitzuloak berriz aztertzea. Izan ere, Barandiaranek ikertu zuen aurrenekoz Atxurra, baina ez zuen deus topatu. Orain, teknologia berriak erabilita kausitu dituzte horma irudiak, leizeko sarreratik 230 eta 330 metrora dauden hormetan.

Ikastolak

taupTaupaka dator aurtengo Ibilaldia

2018ko Ibilaldia maiatzaren 27an egingo dute, Santurtzin, Taup! lelopean, bihotzaren taupaden erritmoan, bizirik eta martxan. Bizkaiko ikastolen aldeko jaiak 40. edizioa beteko du urteon, eta Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko du. Hiru helburu nagusi izango ditu aurtengoak. Hasteko, euskarari dagokionez, “ikastola izatea Santurtzitik euskara ponpatuko duen bihotza”. Bigarrenik, parte hartzea sustatzea eta “gure proiektuarekiko ilusioa” bermatzea. Azkenik, diru sarrerak lortzea “aurreikusitako proiektua elikatuko duen azpiegitura aurrerakoia eratzeko”. Taup eta taup, gora bihotzak euskararen alde!

Gizartea

farolaKale-argiak, zarataren zaindari

Gauetan tabernetako terrazetan jendeak sortzen duen zarata saihesteko, irtenbide bitxia abiarazi dute Sant Cugat del Vallés (Katalunia) herrian: kale-argiek soinua neurtuko dute, eta, horren arabera, argi gehiago edo gutxiago emango. Bartzelona plazako kale-argiekin egingo dute proba, oraingoz. Hogeita lau kale-argi daude plazan, eta lauri sentsore adimendunak ipini dizkiete. Sentsoreek kaleko soinua neurtzen dute. Udal ordenantzek ezarritako dezibel kopurua gaindituz gero, farolen argitasuna % 80 apalduko da, minutu batez. Gainera, dirdira egingo dute, terrazetako jendea ohartarazteko, bai gehiegizko harrabotsa neurtuko duen farolak bai ingurukoek. Aurrera begira, beste funtzio bat gehituko diete farolei: zarata sortzen ari den tabernako jabeari ohartarazpena bidaliko diote. Hala, jabeak une horretan bertan esan ahal izango die bezeroei baxuago hitz egiteko. Egitasmo pilotua izanik, oraingoz plaza bakarrean izango da martxan. Bezero, tabernari eta bizilagunen arteko elkarbizitza hobetzeko balio badu, herriko leku gehiagotara zabalduko dute.

Bitxikeria

piratakPiraten jostailuzko ontziak mugarik ez

Eskozian itsasoratu eta, urtebeteren buruan, Guyanako uretan (Hego Amerikan) agertu. Bidaia harrigarri hori egin du Playmobil jostailu marka ezaguneko itsasontzi pirata batek. Eskoziako bi mutikok, zortzi eta bost urteko Ollie eta Harry Ferguson anaiek, askatu zuten, duela urtebete, Peterhead herrian, Ipar itsasoan. Gurasoen laguntzarekin, egokitzapen batzuk egin zizkioten ontziari, hobeto flota zezan. GPS transmisore bat ere erantsi zioten, une oro non dabilen jakiteko. Baita mezu bat ere, jendearen laguntza eskatzeko: “Ontzia topatzen baduzu, utzi berriro uretan, mesedez”. Bada, piraten abentura ez da amaitu. Urtebete ostean, Guyana parean ikusi dute, Bahametaranzko bidean. Bide luzean, jostailuzko piratek ez dute laguntza faltarik izan. Eskoziatik Danimarkara iritsi zen; han, familia batek aurkitu eta berriz uretaratu zuen. Danimarkatik Suediara, eta Suediatik Norvegiara, ontzia topatu zuen jendearen laguntzarekin. Norvegiako itsasontzi batek Mauritania parera eraman zuen, Ozeano Atlantikoan askatzeko. Ur handiei beldurrik ez, antza, piratek, Atlantikoa zeharkatu baitute, eta orain Guyana inguruan daude. Ikusi beharko non agertzen den hurrengoan. Badakizue: hondartzan zaretela piraten ontzi bat ikusten baduzue, ez izutu! Hartu eta itsasoratu berriro. Ahal dela, lehenengo kargatu GPSaren bateria, bidaiaren berri izaten jarrai dezagun.