'Galde debalde?' atala Telegramen

AIZU! aldizkariaren Galde debalde?atalaren edukiak asteazkenero argitaratzen dira AEKren Telegram kanalean: telegram.me/AEKeus

Galde debalde? Zalantzak argitzeko, AEK-k txoko hori eskaintzen du hilero AIZU! aldizkariaren 'Ez da hain fazila' erdiko gehigarriaren barruan. Asteazkenero, horko lagin bat ekartzen dugu gure telegram kanalera.

GALDERA: Bikotekideak eta biok beti izaten dugu eztabaida bera erosketa-zerrenda egiteko orduan, neuk beti esaten baitut “okelik gabe gaude”. Berak dioenez, “okelarik gabe” da zuzena. Hala al da? Lagundu, mesedez, zoratzen ari naiz-eta!

Bada, sentitzen dugu, baina borroka hori galduta daukazu! Izan ere, berba okela baita; alegia, -a itsatsia darama. Beraz, deklinatzeko orduan ezin zaionez azkeneko hizki hori kendu, “okelarik gabe” zaudetela esan beharko diozu aurrerantzean. Bestetik, halako zalantzarik edukiz gero, beti daukazue hiztegira jotzea (Hiztegi Batura, esaterako), berbak -a itsatsia daraman egiaztatzeko. Horrela, azkarrago konponduko dituzue zeuen hizkuntz gatazkatxoak! Beste kontu bat da euskalki batzuek (gipuzkerak, bereziki) -a itsatsiak gal­tzeko duten joera bizia (gauz bat, hainbat pertsonen, industri handia...). Hori, baina, dialektologia da.

Erresumaren ilunsentia

liburu kritikaMila Salterain
Txalaparta, 2014

1190. urtea. Bizkaia, Nafarroa, Durangaldea, Gaztela, Aragoi, Poitiers, mairuak, Akitania. Zaldiak, arkume erreak, bidegurutzeak, ezkontzak, ezpatak, irina, ermitak, bideak. Serorak, tenienteak, sasikoak, alabak, semeak, zelatariak, handikiak, olagizonak, ­etxandreak, auzokoak, apaizak.
Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Haro familiaren laguntzarekin Nafarroako Antso VI. erregeari Bizkaia kendu zionetik urte gutxira hasi da nobela koral hau, hainbat pertsonaiaren barruak aldi berean agertu zaizkigulako da-eta honakoa nobela korala. Garai hartako Durangaldeko bizi-antolamenduaren berri izango du liburuaren orrialdeetan murgiltzeko aukera duenak, eta, bi erresumen arteko muga izan zenez hura, bertako azpikeria politikoak ezagutuko ditu.
Handikien gose aseezinarekin batera, herritarren eguneroko gorabeherak islatu dira eleberrian; Latrone tenientearen eta Antso Azkarraren bizi-grinez gain, maitasunaren eta maitasunik ezaren arteko talkak erakutsi dira, bai eta bor­txaketen, indarkeriaren, halabeharrezko ezkontzen eta gosearen ondorio larriak ere.
Hala, Durangaldeko toponimia aberats jada galduan galduko gara geu ere, berakatz zopa eta txerriki erreak usainduko ditugu, eta hiztegi zabala ikasteko aukera izango dugu.
Sar gaitezen, bada, erresumaren ilunsentian, egunsentian nondik gatozen gogora dezagun.
Alaitz Andreu

XXXX azaroko AIZU!-n...

Azaroko AIZU!-n XXX elkarrizketatuko dugu. Zer galdetuko zenioke???

index.php?option=com_contact&view=contact&id=1