‘Lurgida’ aplikazioa, Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko

lurgida

Lurraldea errespetatuko duen turismo iraunkorragoa bultzatzeko asmoz, Lurgida aplikazio turistikoa sortu du Udalbiltzak. Euskal Herriko ondare immateriala eta historia ezagutzeko hainbat ibilbide tematiko jasotzen ditu, baita ehunka udalerriri buruzko informazioa ere: ohiturak, jaiak, interesguneak... Era berean, furgoneta eta autokarabanei “ongi etorria” egiten dieten etxaldeak ere bildu ditu, helburu bikoitzarekin: batetik, bisitariek gaua emateko lekuak ezagutzea; bestetik, etxalde horietako ekoizleei beren produktuak ezagutzera emateko parada eskaintzea. Horrela, Km O kontsumoa sustatu nahi du Udalbiltzak, eta lehen sektoreari begirako sentsibilizazioa handitu. Barne turismoa sustatzea du helburu aplikazioak, baina barne bisitarientzat ez ezik, atzerritarrentzat ere bada. Hala, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez garatu dute aplikazioa, Android eta iOS gailuetarako. Webgunea ere badu: www.lurgida.eus. Aurrerantzean, edukiak gehituko dizkiote aplikazioari, eta Agenda atala sortzea ere aurreikusi dute.


botabaGAZTEEN ARTEAN lagunarteko euskarazko esamoldeen erabilera sustatzea helburu, Botaba egitasmoa martxan da. Labayru Fundazioak antolatzen du, eta laugarren edizio honetan berritasunak dakartza. Aurrekoetan bezala, Instagram izango du euskarri, baina orain arteko bideo-lehiaketa izaera alde batera utziko du. Horren ordez, ekimen jarraitua izango da, urtearen amaierara arte iraungo duena, eta bestelako bideak baliatuko ditu Euskal Esamoldeen Unibertsoa sortzeko. Hala, jolasaren bidez ezagutaraziko dituzte esamoldeak, eduki didaktikoez gain, Instagrameko @botabaunibertsoa kontuan egunean-egunean euskal esamoldeekin lotutako erronkak proposatuta: asmakizunak, hizki-zopak, hieroglifikoak... Hilean behin, gainera, zozketak egingo dituzte parte hartzaileen artean, eta, tarteka, baita lehiaketak ere, non sari bereziak banatuko dituzten. Era berean, euskaldun ezagunen kolaborazioa izango dute.

LABURREAN

UDA hastearekin batera, prest eta abian da AIZU! aldizkariaren Facebook orria, non, aldian-aldian, aldizkariko edukien berri zabalduko den. Helbide honetan dago: https://www.facebook.com/aizu.aldizkaria.


wikibiziWIKIBIZI EUSKAL HERRIA ekimena abiatu du euskarazko Wikipediak, pandemiak baldintzatutako udan Euskal Herria ezagutzeko proposamenak bildu dituen “Euskal Herriko lehen bidaia-gida irekia”. Herriak, ibilbideak... hainbat informazioren berri ematen du, eta jendeak aukera du ekarpenak egiteko. Hain zuzen, jendearen parte hartzea bultzatzeko, hiru argazki lehiaketa egingo dituzte udan. https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiBizi helbidean ezagut daiteke egitasmoa.

gozatuEUSKARAZKO baliabide digitalak zabaltzeko, Gozatu Sarean Euskaraz bilduma osatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak: https://gozatusareaneuskaraz.eus. Jaurlaritzak berak inoiz sustatutako produktuak batzen ditu, eta, irailera bitartean, hainbat arlotako edukiak zabalduko ditu, faseka. Dagoeneko aisialdiari, kirolari eta kulturari lotutako edukiak zabaldu dituzte.

Sarea ez da errenta

Gero eta arrazoi gehiago, eta gero eta argiagoak, ikusten ditut Facebooketik korrika irten eta atzera ez begiratzeko. Facebook diodanean, Facebook bera, WhatsApp eta Instagram ere esan nahi dut. A! Eta Giphy ere bai. Duela aste gutxi batzuk iragarri zuen Zuckerbergek GIF irudi animatuak sortu eta partekatzeko plataforma ere erosi duela. Azken finean, GIFak oso bogan daude, eta ia aplikazio guztietan erabiltzen ditugu. Horrela, Giphy kontrolpean izanda, Facebooken jabeak etengabe beha dezake zer egiten dugun, bai bere aplikazioetan bai beste batzuetan.
Hori nahiko ez, eta ekainaren erdialdean bere ordainketa sistema estreinatu du Facebookek, WhatsApp bidez. Merkatari txikiei koronabirusaren osteko krisiari aurre egiten laguntzeko aitzakiaz, erabiltzaileek beren artean dirua bidali eta jasotzeko (dohainik) aukera zabaldu du (oraingoz, Brasilen bakarrik), edota WhatsApp Business erabiltzen duten saltokietan ordainketak egitekoa. Zalantza gutxi daukat sistemak arrakasta handia izango duela, orain arte Facebook, WhatsApp eta Instagramek arrakasta izateko adierazitako argudio berei helduta: “Hara, bai erosoa!”, “Hara, bai polita!”, “Hara, mundu guztiak erabiltzen du!”.
Baina Facebook ez da, inola ere, muturra gure diru-zorroan sartzen saiatzen ari den bakarra. Squarek, Twitterren atzean dagoen inbertsio funtsak, ordainketak online egiteko Verse delako enpresa erosi berri du. Espainia aldean sortutako enpresak zabalkunde handia du Europan, eta, erosleek azaldu dutenez, bikainki osatzen du ordainketa elektronikoa mundu osoan egin ahal izateko eratzen ari den mapa. Jakina eta aspaldikoa da Google, Samsung, Apple eta beste teknologia enpresa handi batzuk ere fitxak mugitzen ari direla finantza munduan sartzeko. Ordainketak kudeatu, maileguak eman,  eta, kasu batzuetan, beren moneta sortu ere sortu nahi dute, erabilerraztasun eta nonahikotasunaren izenean.
Imajinatzen duzue zer izango liratekeen bankuak mailegu bat emateko orduan gure nomina eta bankuko kontua ez ezik, gure interakzio sozialak, salerosketak, iritziak, elkarrizketa publiko eta pribatuak ere miatu ahal izango balituzte? Bada, orain pentsa hurrengo mailegua bankuari ez eta Facebooki eskatu behar izatea...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/fblibra
Facebook Libra, Facebookek bere moneta sortzeko saiakera, Gorka Juliok ederki azalduta. Zorionez, badirudi jokaldia ez zaiola oso ondo atera... oraingoz.

https://labur.eus/paypal
PayPal ordainketa sistemaren gaineko jakingarriak, Consumer aldizkarian.

https://labur.eus/kripto
Aitor Zanduetaren azalpenak Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

AEKren webgunean euskaraz ikasi eta bizitzeko baliabideen bilduma

klikatuz

Konfinamenduan, sareak izan dira askorentzat euskara lantzeko eta euskaraz jarduteko bide nagusia. Orain ere, konfinamendua malgutu arren, hala izaten jarraitzen dute. Izan ere, nahiz eta inoiz ez izan nahikoa, baliabide ugari daude sarean euskara ikasteko eta gure hizkuntzan bizi eta gozatzeko. Bada, AEK-k tresna horien bilduma egin du, eta www.aek.eus gunean paratu, hiru atal nagusitan banaturik: Euskara ikasteko tresnak; Praktikatu eta euskaraz bizitzeko baliabideak; eta Familia arloko baliabideak eta tresnak. Hiztegiak, aplikazioak, joko eta jolasak, hedabideak... bitarteko ugari, erabiliak izateko zain.


pandemiaKORONABIRUSAREN pandemiak sortutako krisiari buruzko hausnarketak plazaratzeko asmoz, Pandemia eta gu (www.pandemiaetagu.eus) izeneko plataforma sortu du pentsalari talde batek. Hainbat sektoretakoak, hogei lagun baino gehiago batu ditu: Ramon Zallo, Maite Ubiria, Iñaki Dorronsoro, Laura Mintegi, Eneko Bidegain, Garbiñe Biurrun... Pandemia euskal gizartean eragiten ari den ondorioei buruzko kezkatik abiatutako egitasmoa da, eta helburu zehatza du: “Gure herriarekiko interesaren alde dauden pertsonen ikuspegietatik eta lanbide askotatik behatzea egoera berri eta ustekabekoa”, Iñaki Uriarte arkitektoak, proiektuaren sustatzaileetako batek, azaldu duenez. Hala, sortu den mundua ulertzen saiatzeko eta sortuko denari buruz gogoeta egiteko baliatuko dute plataforma. Nabarmentzekoa da plataformaren logoa, apirilaren 22an hil zen Jose Luis Zumeta artistak egindako irudia baita. Hots, Zumetak egindako azken lanetariko bat, edo azkena, agian.

 

 

 

LABURREAN

INTERNETEN Nazioarteko Egunaren (maiatzak 17) karietara, ni.eus e-posta zerbitzua aurkeztu zuen PuntuEUS Fundazioak: pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko .eus e-posta zerbitzua, PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresak lankidetzan garatua. Zerbitzuari buruzko xehetasun guztiak Joxe Rojasek jaso ditu bere txokoan, aldameneko orrialdean.

itzultzaileaELHUYARREK Itzultzailea.eus itzultzaile automatiko eleaniztunaren webgunea eta aplikazioa berritu ditu. Aplikazioari dagokionez, irudietako testuak itzultzeko aukera eskaintzen du orain, modu sinplean. Webgunean, berriz, doako zerbitzuak ugaritu dituzte. Besteak beste, erregistratzen direnek dokumentu formatudunak ere itzuli ahal izango dituzte, dohainik; gehienez, 1.000 hitzera bitarteko hiru dokumentu. Ordaintzeko moduei dagokienez, lanak unean-unean ordaintzeko aukera ezarri dute.


potterESCAPE ROOM edo ihes-gela tankerako jokoen zaleek badute sarean euskaraz jokatzeko aukera, Harry Potterren unibertsoan oinarritutako Hogwartseko Escape Room digitalaren bitartez. Berez, AEBetako liburuzain batek, Sydney Krawiecek, sortu du, baina haren baimena jaso ostean, Donostiako Egia kultur etxeko liburutegiaren arduradun Ruben Vidal Arangurenek jarri du euskarazko bertsioa erabiltzaileen eskura. Osasun larrialdiarengatik aurrez aurreko escape room-ak itxita segitzen duten garaiotan, taldeka edo bakarka jokatzeko aukera ematen du ihes-gelen aldaera digitalak: https://labur.eus/MNMI2.

Kilometro zeroko posta elektronikoa

Gure lan bizitzaren eta bizitza pertsonalaren zati gero eta handiagoa zerbitzu digitalen bidez garatzen dugun honetan, inoiz baino beharrezkoagoa bilakatzen ari da batzuek burujabetza digitala izendatzen dutena. Alegia, erabiltzen ditugun zerbitzu digitalak ‘geureak’ izatea, ahalik eta gertukoenak, eta ez multinazional erraldoienak. Kilometro zeroko teknologia ere esan geniezaioke.
Azken boladan, beti kexaka natorkizue, baina gaurkoan, behingoagatik, pozik egoteko arrazoiak emango dizkizuet. Zorte handia daukagu euskaldunok, PuntuEUS Fundazioa gure zerbitzura dugulako. Interneteko domeinuak kudeatzeaz gain, beste gauza asko ere egiten ditu; tartean, sorpresa atseginak eman, noizean behin.
Maiatzaren 17an, Interneten Eguna ospatzeko, opari zoragarri batekin etorri zitzaizkigun fundaziokoak: ni.eus posta zerbitzua. Googleren Gmail ezagunaren antzeko zerbitzua da, nork bere posta elektronikoa izateko, baina alde nabarmenak ditu. Hauxe handiena: ez ditu gure mezuak arakatzen zer publizitate helarazi behar digun erabakitzeko, hau da, benetan zaintzen ditu erabiltzaileon segurtasuna eta pribatutasuna.
Bihotzez gomendatu nahi dizuet zerbitzua probatzea eta, gustatzen bazaizue, behintzat, gaur egun erabiltzen duzuen Gmail, Hotmail, Yahoo edo dena delakoa harekin ordezkatzea. Sarritan kexatzen gara multinazional horiekin dagoen arazorik handiena bestelako aukerarik eza dela. Bada, behin aukera txukuna izanda, Euskal Herrikoa eta euskaraz sortua... probatu beharko, ezta?
Ni.eus dohainik erabil daiteke, mezuak gordetzeko leku mugatuarekin eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. estiloko helbide batekin, edo, bestela, hilean kopuru txiki bat ordainduta, leku gehiago eta norberak nahi duen PuntuEus domeinuarekin; adibidez, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ”. Bai, bada diru apurtxoa, baina gogoratu ustez doakoak diren Gmail eta halakoetan erruz ordaintzen dela zerbitzua, zeure eta zure mezuen hartzaileen gaineko informazio piloarekin.
Burujabetza digitala lortzeko pauso txiki bezain garrantzitsua da ni.eus zerbitzu berria, kilometro zeroko teknologia erabiltzen hasteko aukera paregabea. Tomateekin bezala, beharbada apur bat gehiago kostatuko zaigu supermerkatukoak ez eta baserrikoak erostea, batez ere ohitura aldatu beharra dagoelako... baina, aizue, zapore eta kalitate aldetik ez dago batzuk eta besteak konparatzerik, ezta?

Loturak, estekak, linkak

https://ni.eus
Euskarazko posta zerbitzu berriaren webgunea.
https://domeinuak.eus
PuntuEus Fundazioaren webgunea. Fundazioak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk topatuko dituzu bertan, hala nola labur.eus URL laburtzailea edo artxiboak partekatzeko tori.eus.
https://labur.eus/euskalerria
Ni.eus berriak aurrekari bat izan zuen mende hasieran: euskalerria.org. Doako posta zerbitzu hark 2013an itxi zituen ateak, garai batean 80.000 erabiltzaile ere izan ondoren.

Udaltop jardunaldia online egingo dute

udaltop

Ezohiko moduan bada ere, maiatzaren 14an Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren hamabigarren edizioa egingo da. Hasiera batean, bi egunean egitekoa zen, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, beti bezala. Haatik, egungo osasun larrialdiak eraginda, online eta egun bakarrean egingo dute. Aurtengoan, Udaltop etxetik: ireki leiho bat munduari lelopean, eremu sozioekonomikoa izango dute hizpide, eta lan mundua euskalduntzeko beharraz jardungo dira. Bertan Osasuna Fundazioak hartuko du parte, bere euskara planaren berri emateko, non aholkulari duen AEKren Ahize Hizkuntza Aholkularitza zerbitzua. Guztira, bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta hainbat testigantza labur eskainiko dituzte. Jardunaldia www.udaltop.eus webgunean jarraitu ahal izango da, aldez aurretik izena emanez gero; doakoa da, eta maiatzaren 8ra arteko epea dago horretarako, arestian aipatu atarian.


eusplayBIDEO JOKOAK euskarara itzultzeko kanala sortu dute, YouTuben, Game Erauntsia bideo jokozaleen euskal komunitateak eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak: Eusplay. Bideo laburren bitartez (hamar, oraingoz), hainbat gai jorratzen dituzte: bideo jokoetako euskal terminologia, euskaratutako bideo jokoak, euskaratzeko dauden erronkak... Hau da, bideo jokoak euskaratzeko ez ezik, euskaraz jokatzeko bideak eta baliabideak ere bildu dituzte. Guztiak YouTubeko Eusplay kanalean ikus daitezke. Nagusiki gazteentzat izan arren, helduen artean ere bideo jokozale asko dago; beraz, zaletasuna euskaraz garatzen hasteko parada izango dute askok Eusplay kanalari esker.

LABURREAN

Ipuina.eus atarian, han-hemenka barreiatuak zeuden ipuinak bildu eta irakurleen eskura jartzea xede duen horretan, narrazio gehiago ipini dituzte eskuragai. Guztira, 34 kontakizun gehitu dizkiote Susa argitaletxearen eta Koldo Izagirre idazlearen ekimenez sortutako guneari. XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak dira gehienak. Horrela, 69 egileren 92 ipuin daude orain bertan. Etxean egon beharra dugun garai honetan, eskaintza ederra.

HEGO EUSKAL HERRIAN haurrak kalera ateratzeko ezarri duten neurriaren harira, tresna baliagarria sareratu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak: norbere bizitokitik kilometro bateko eremuan dagoen esparrua erakusteko mapa interaktiboa. Nahikoa da Gaindegiaren webgunera jotzea (www.gaindegia.eus) eta maparen gainean bizitokia aukeratzea. COVID-19ren pandemiak eragindako larrialdi egoeran indarrean diren arau, gomendio eta, oro har, egunerokoari eragiten dioten kontu ia gehienak egunetik egunera aldatzen direla kontuan hartuta, baliabide praktikoa da benetan.

eguneanASTE SANTUKO oporren ostean, bueltan da Egunean Behin galde-erantzunen jokoa, Codesyntax enpresak garatu duena eta dagoeneko milaka euskaldun jokatzeko irrikan dituena. Apirilaren 27an hasi zen jokoaren 4. denboraldia, eta uztailera arte iraungo du. Zuotako asko jada ariko zarete jokoan, baina izango da, oraindik ere, despistaturen bat... Zeren zain zaudete aplikazioa zuen sakelakoetan deskargatzeko?