Zapi gorriak, esku gorriak

eskugorriak

Uztaila, sanferminen atarian gaude. Jaia, festa, poza, prestaketa lanak... izan beharko genituzke hizpide. Haatik, zoritxarrez, duela bi urteko sanferminetan jazotako erasoa gogoan, La Manada dugu ahotan. Izan ere, erasoak eragindako haserreari epaiarena batu zitzaion; eta orain, erasotzaileei behin-behineko askatasuna eman izanarena. Hala, protesta oso jendetsuak egiten ari dira kalean, sumina ikaragarria baita. Nolanahi ere, horrek ez luke estali behar azken urteotan Iruñeko Udalak eta mugimendu feministak elkarlanean egindako ahalegina. Sentsibilizazio kanpainak eta eraso sexistei aurre egiteko estrategiak eredugarriak izan dira, eta jendartearen babes aktiboa lortu dute, ozenki aldarrikatu baitu ez duela emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Aurten, aurreko lan hori sendotu nahi izan dute, eta lehentasun osoa eskaini dizkiote prebentzioari, arretari eta babesari. Gainera, deia luzatu diete emakumeei “festako gune guztietan eta askatasun osoz parte har dezaten”. Beldurrik gabe, aske. Sanferminetan ez ezik, herri guztietan eta une oro.

Jendartea

gerraArmak garraiatzeari utzi diote Bilboko Portuan

Azken hiru hilean ez da arma bidalketarik egin Saudi Arabiara Bilboko Portutik. Hala jakinarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Azaldu duenez, orain Santanderreko (Espainia) portutik egiten dira. “Presio sozialaren eraginezeten dituzte bidalketak, plataformaren ustez, zeina iaz hasi zen arma bidalketen jarraipena egiten; zehazki, Saudi Arabiako Bahri ontzi enpresaren ontziena. Plataformaren hitzetan,  “ia hilero” hartzen zituzten armak Bilboko Portuan. Iazko martxoaren 13tik dugu arma garraioaren berri. Egun hartan, Ignacio Robles suhiltzaileak armak kargatzeko lanetan parte hartzeari uko egin zion. Gertakari hark, afera ezagutzera emateaz gain, eztabaida eragin zuen. Ordutik, protesta ugari egin dituzte hainbat taldek: Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak berak,mugimendu feministak eta Greenpeace erakundeak. Oraingoz arma garraioa etenda bada ere, “adi” jarraituko duela esan du plataformak.

Nafarroa

Bertsolaritza, Kultur Intereseko Ondasun

Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun  izendatu du, ondare materiagabekoaren kategorian. Izendapenari esker, babes handiagoa jasoko du Nafarroan, bai bizirik mantentzeko laguntza ere. Urte asko joan dira izendapena lortzeko. Izan ere, lehen eskaria 2011ko martxoaren 25ean egin zion Nafarroako Parlamentuak, aho batez, Nafarroako Gobernuari. Ondoren, prozesua izoztuta egon zen hainbat urtez, harik eta, 2016an, Nafarroako Bertsozale Elkarteak berriz heldu zion arte gaiari. Azkenean, Nafarroako Gobernuak aurtengo ekainean onartu du izendapena. Besteak beste, nabarmendu du bertsolaritza oso errotuta dagoela, komunitatearen babesa duela eta transmisio lan garrantzitsua egiten ari dela. Ondare materiagabearen arloan, Nafarroak onartutako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena. Aurreko bostak hauek izan ziren: Lantzeko inauteriak, Ituren eta Zubietako inauteriak, Hiru Behien Zerga, Luzaideko Bolantak eta Cortesko makil dantza.

Londres

metroEskupekoak txartelarekin eman ahal izango zaizkie metroko musikariei

Eskudirutan, noski, eta txartelaren bitartez. Halaxe eman ahal izango zaizkie sosak Londresko metroan kantuan aritzen diren musikariei. Metroko erabiltzaileek eskudirua gero eta gutxiago erabiltzen dutela kontuan hartuta, aukera hori zabaldu berri du Londresko Udalak. Horretarako, iZettle Reader izeneko gailua ipini dute metroko artisten eskura. Finean, txartel bidezko ordainketak jasotzeko eta kudeatzeko aukera ematen die gailuak, baita Apple Pay eta Google Pay plataformen bidez ere. Oraingoz, metroko musikari gutxi batzuekin ari dira lehen probak egiten. Ondo bidean, Londresko metroan jarduteko baimena duten musikari guztiek erabili ahal izango dute, datozen hilotan. Badirudi kontua ondo doala; izan ere, BBC kateak jasotako testigantzen arabera, musikariek nabaritu omen dute eskupekoak jasotzeko modu berriaren eragina, onerako. Dena den, musikarien trebeziak izango du zerikusirik, ezta?

Iraunkortasuna

intxaurIntxaur oskolak, janzteko

Sagardotegietan jaten diren intxaurren oskolak berrerabiliko ditu Ternua arropa markak. Zehazki, oskolekin tindu naturala sortuko dute, ondoren kamisetak eta kirol jertseak koloreztatzeko. Arropok, gainera, birziklatutako botilekin sorturiko poliesterrarekin egingo dituzte, baita erabiltzen ez diren janzkien kotoiarekin ere. Hortaz, produktua % 100 iraunkorra izanen da. Lurrekolore izeneko proiektuaren baitan baliatuko dituzte intxaur oskolak. Ternua markarekin batera, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia aritu dira elkarlanean. Egitasmoa begi onez ikusita, sagardogileek intxaur oskolak jasotzeko konpromisoa hartu zuten; hala, Aste Santutik aurrera, Petritegi, Saizar, Iparragirre eta Aburuza sagardotegietan bildu dituzte, guztira 300 bat kilo. Horiekin, 10.000 jantzitarako tindua sortuko du Ternuak. Sortze prozesuan ere ahalik eta gehien zainduko dute ingurumena. Esaterako, gai kimikorik ez dute erabiliko, eta petrolio eta ur oso gutxi. Ternuak aurreikusi duenez, datorren urteko otsailean merkaturatuko dituzte kamiseta eta kirol jertseak, 34 eta 74 euro bitartean, hurrenez hurren. Etorkizunean bestelako janzkiak sortzeko aukera ere ez dute baztertu.