Proiektu bat auzitan

maravillas

Trumoi eta tximistarik gabe, giro ekaiztsua izan da abuztuan Iruñean. Alde Zaharreko Maravillas gaztetxearen husteak ekarri du ekaitza.  Elkarrizketarako eta adostasunerako deiak alde bietatik egin badira ere, giroa arras nahasi du aferak, gaztetxearen aldekoen eta Nafarroako Gobernuaren artean ez ezik, baita Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdien artean ere. Hamalau urte igaro dira Alde Zaharreko Euskal Jai Gaztetxea bota zutenetik, eta ordukoak ere askoren gogoan izango dira, zenbait arlotan (politikoa eta instituzionala, esaterako) testuingurua oso desberdina izan arren. Nolanahi ere, auziak berriz ere puri-purian jarri ditu oinarrizko hainbat kontu: gune autogestionatuen garrantzia eta beharra, jabetza publikoaren izaera eta erabilera, jarduera komunitarioen rola gizartean... Lerrook argia ikusten dutenerako, baliteke egoera aldatua izatea. Hori bai, ekaitzak utziko duena ezin jakin, nahiz eta asko eta asko ondorioen beldur izan. Are gehiago hauteskundeak gertu direla jakinda. Udazkeneko hego haizeak argituko ahal du zerua!

Hizkuntza

zumaiaEuskaltzaindiak 682 forma gehitu dizkio bere Hiztegiari

Udarekin batera, bere Hiztegiaren bertsio elektronikoa eguneratu du Euskaltzaindiak. Orotara, 682 formarekin osatu dute hiztegia: 517 sarrera eta 165 azpisarrera. Gainera, beste 381 sarrera zuzendu eta osatu ditu. Sarrera berrien artean dira, besteak beste, ahobatezkotasun, beganismo, bidegorri, blog, blogari, brigadista, burka, buxatu, desizoztu, ehorztetxe, endekapen, etxegabetu, flysch, gay, gospel, hasieratu, iktus, ilegalizazio, imajinario, jasangarritasun, jihadista edo pexmerga. Azpisarreren artean dira, berriz, debuta egin, eskola(-)jazarpen, genero(-)indarkeria, herri(-)galdeketa eta beste. Gehituriko forma horiekin, 38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera ditu guztira hiztegiak. Euskaltzaindiaren Hiztegia arauemailea da, eta 2016ko urritik dago sarean, www.euskaltzaindia.eus atarian.

Zinema

oscarFilm arrakastatsuenak ere jasoko du Oscar saria aurrerantzean

Film onena, zuzendari onena, aktore onenak... orain arteko 24 kategoria sarituei beste bat gehituko die Hollywoodeko akademiak. Hala, aurrerantzean, filmik arrakastatsuenak ere Oscar saria jasoko du. Hau da, zinema aretoetan diru gehien biltzen duten pelikulek berezko kategoria izango dute. Azken urteotan, Oscar sarien banaketa ekitaldiak gero eta ikusle gutxiago izan ditu. Joera hori iraultzeko, hainbat neurri iragarri ditu Hollywoodeko akademiak. Hala, aipatu saria sortzeaz gain, sari banaketen gala arinagoa egingo dute. Azkarragoa, alegia, telebistaren erritmora egokituta. Hori lortzeko, sari teknikoenak, hain ezagunak ez direnak, ez dituzte zuzenean emango galaren telebistako emanaldian, iragarkietarako tarteetan baizik. Era berean, 2020tik aurrera, sari banaketa galaren data bizpahiru aste aurreratuko dute. Erabakiak, nola ez, hautsak harrotu ditu, eta kritika ugari eragin, hala sektorean nola zinemazaleen artean. Besteak beste, negozioa besterik ez lehenestea egotzi diote akademiari, eta ikusgarritasun handiagoa behar duten lanak are ezkutuago uztea.

Hizkuntz eskubideak

Nafarroa osoan euskara behingoz ofiziala izan dadila eskatuko dute urriaren 27an

Nafarrek lurralde osoan euskaraz bizitzeko duten eskubidea aldarrikatuko du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, datorren urriaren 27an, Iruñean. Hots, euskara Nafarroa osoan behingoz ofiziala izan dadila eskatuko du Kontseiluak Iruñeko karriketan, mobilizazio jendetsua antolatuta. Horretarako, Euskararen Lege berriaren beharra aldarrikatuko dute, alegia, zonifikazioaren bitartez euskal hiztunen eskubideak urratzen dituen legea baztertu, eta nafarren hizkuntz eskubideak bermatuko dituen lege berria egiteko premia, “aldaketaren legealdia” deiturikoa amaitu baino lehen. Kontseiluak azaldu duen moduan, soilik horrela etengo da hizkuntz eskubideen urteetako urraketa, eta horrela bakarrik bermatuko da nafarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea. Horrenbestez, legealdi honetan ere, beste zenbaitetan egin den moduan, Euskararen Lege berriaren eskaria helaraziko die Kontseiluak Gobernuari eta alderdi politikoei, herritarren laguntzaz.

Gipuzkoa

kilometroakUrretxu eta Zumarraga batuko ditu Kilometroak jaiak

Urriaren 7an egingo da 2018ko Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen aldeko jai erraldoia. Urretxu-Zumarraga Ikastolak hirugarrenez antolatuta, Urretxun eta Zumarragan egingo da. Zubiak batuz leloari jarraiki, bi herriak batuko ditu 5,9 kilometroko ibilbideak. Elkarren arteko zubiak batuta, bakoitzaren indarrak biderkatu nahi dituzte antolatzaileek, bi herriak ibilbide eta norabide bakarrean bat eginda. Euskarara iristeko bidea, beste hainbat baliorekin batera: parekidetasuna, aniztasuna, auzolana, harremana, elkarrekiko errespetua... Balio horiek guztiak sendotzea izango du helburu aurtengo jaiak, bi herrien arteko zubi lana egiten duen Urretxu-Zumarraga Ikastolari esker. Informazio guztia www.kilometroak.eus atarian eskura daiteke, ekimenari laguntzeko moduak barne.