Euskararen egunean, akabo Euskaraldia?

euskaraldia

Abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin batera, bete du epe “ofiziala” Euskaraldiak. Laster etorriko dira denon artean egin dugun ariketa sozialaren gaineko balorazioak, emaitzen azterketak, ondorioak... Norberak ere aterako ditu bereak: zer lortu duen, zer ez, uste baino erosoago ibili den ala kostatu egin zaion hartutako konpromisoa betetzea, zer neurritan lortu duen hizkuntz ohiturak aldatzea, eta norekin... Hamaika egunez ibili gara txapa zuria paparrean berrehun mila lagun inguru, baina keinu sinbolikoez harago, eta balorazioak balorazio, hau ez da abenduaren 3an amaitu. Izan ere, beste erronka bat dugu orain, aurrekoa bezain handia: hamaika egunean aldatutako hizkuntz ohiturei hemendik aurrera ere eustea. Hastea izaten da zailena, eta emana dugu lehen urratsa. Bigarrena ematea tokatzen zaigu orain. Izan ere, Amets Arzallus bertsolariak esan bezala, “Euskaraldiaren egunik garrantzitsuena hamabigarrena izango da”.

Kirola

realaRealaren ereserkia, pluralagoa eta inklusiboagoa

Taldearen ereserkia moldatu du Realak, “pluralagoa eta inklusiboagoa” izan dadin. Aurrerantzean, “Aurrera mutilak!” eta “Aupa mutilak!” abestu ordez, “Aurrera Reala!” eta “Aupa Reala!” kantatuko dute realzaleek. “Reala ahots askoren batura da, eta, klubaren iritziz, ereserkiak ahots horiek guztiak ordezkatu beharko lituzke” azaldu du talde txuri-urdinak ohar batean. Gainera, “emakumeen taldeek ere babesten dute Realaren armarria, eta harmailetan gero eta emakume gehiago dago. Horregatik, Aurrera mutilak!’ beharrean ‘Aurrera Reala’ esateko unea da; izan ere, Reala denok osatzen dugu, Realekoak izateagatik eta kluba defendatzeagatik harro gauden gizon-emakumeok”. Horrenbestez, Ricardo Sabadiek 1970ean sorturiko ereserkiari aldaketa txikiak egin dizkiote hitzetan. Gainera, abesteko errazagoa izan dadin, ereserkiaren doinuari ere moldaketak egin dizkiote, eta bertsio trankilagoa sortu dute. Bertsio berria Realaren webgunean (www.realsociedad.eus) dago entzungai. Orain, zaleenak dira hitza eta ahotsa: Realak Anoetan jokatzen duen bakoitzean ereserkia abesteko eskatu die zaleei klubak.

Ingurumena

jaguarraOrnodunen populazioa % 60 gutxitu da munduan 1970etik

Bioaniztasuna oso azkar ari da murrizten munduan. Halaxe salatu du WWF Naturaren Mundu Funtsa erakundeak, Planeta biziaren indizea osatzeko eginiko azterketaren ostean. Munduko ingurumenaren egoera ezagutzeko egiten du WWFk aipatu indizea, duela 20 urtetik, eta 12. azterketa du honakoa. Zehazki, 4.005 ornodun espezieren (ugaztunak, arrainak, hegaztiak, anfibioak eta narrastiak) 16.704 animalia multzo aztertu ditu. Emaitza ez da batere ona: 1970etik, % 60 murriztu da ornodunen populazioa. Kaltetuenak ur gezetako espezieak dira, % 83 gutxitu baitira. Era berean, kalterik handiena Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan antzeman dute: % 89 murriztu dira ornodun populazioak. Arrazoiei dagokienez, zaharrak berri: ekosistemen eta nekazaritzaren gehiegizko ustiapena, kutsadura, espezie inbaditzaileak, klima aldaketa... Natur baliabideen gain sekulako presioa eragiten duen gizakia, alegia. Egoera hori iraultzeko, mundu mailako akordio baten beharra nabarmendu du WWFk.

Bertsolaritza

bertsoHemezortzi bertsolari ariko dira Arabako Bertsolari Txapelketan

2019ko otsailean eta martxoan jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa, baina dagoeneko jakinak dira parte hartuko dutenen izenak. Iragan urrian jokaturiko kanporaketetan, 13 bertsolari sailkatu ziren txapelketarako: Andere Arriolabengoa, Irati Anda, Rikardo Gonzalez de Durana, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Ainhoa Comas, Beñat Garaio, Aitor Ugarte, Felipe Zelaieta, Unai Anda, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Manu Bendala. Horiei 2017ko txapelketako finalistak gehitu zaizkie, zuzenean sailkatu baitira: Oihane Perea, Manex Agirre, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Serapio Lopez. 2019ko otsailaren 2an aurkeztuko dute txapelketa, eta finala martxoaren 30ean jokatuko da, Gasteizko Printzipal Antzokian. Nork jantziko du 2017an Oihane Pereak eskuratutako txapela?

Osasuna

diarreaBeherakoak 40 haur hiltzen ditu, orduz ordu, munduan

Urtero, 842.000 pertsona hiltzen dira munduan beherakoaren eraginez. Horien artean, 361.000 bost urtetik beherako haurrak dira; hots, ordutik ordura, 40 ume. Saneamendu, garbitasun eta ur edangarririk ezaren eraginez gertatzen dira heriotza horiek, nagusiki. Alabaina, eskuak ur eta xaboiaz garbituta, heriotza horien guztien erdiak saihestuko lirateke. Halaxe jakinarazi du Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak, azaroaren 19an ospatzen den Komunaren Nazioarteko Egunaren harira. Nazio Batuen Erakundearen datuak ere gogorarazi ditu GKEak: munduko biztanleen % 60k ez dute bainugelarik etxean, eta 1.800 milioi lagun inguruk edateko ez den ura edaten dute. Baldintza horiek aldatu ezean, beherakoak gaixotasun hiltzailea izaten jarraituko du munduko herrialde askotan.