Salbazio miliak

mayday

Kostatu zaie, baina lortu egin dute: Change.org gunean bildutako 165.257 sinaduraren bultzadaz beharrezko baimen guztiak eskuratuta, Aita Mari itsasontzia laster batean da Mediterraneo aldera abiatzekoa, prestakuntza lan guztiak bukatutakoan. Ez da makala Pasaiatik aterako diren 16-18 boluntarioen erronka: errefuxiatu bat bera gehiago ez hiltzea Mediterraneo itsasoan. Aita Mari atontzen duten bitartean, gainera, beste kanpaina bat dute martxan: itsas milien salmenta. Kalkulatu dute Aita Mariren lanak, itsasoan, miliako 34 euroko kostua duela, eta ez dute nahi “txalupa bat bera ere itsasoan galtzea miliaren bat patruilatu ez izanagatik. 34 euroko kopuru hori salbaziora hurbiltzea edo betiko galtzea izan daiteke euren burua itsasora halabeharrez botatzen duten pertsonentzat”. Lagundu gura duenak nahi beste milia eros ditzake www.smh.eus webgunean, argazkiko irudiak bezalakoak errepika ez daitezen etorkizunean. Azkenean, beti bezala, herriak salbatuko du herria.

Gazteak

euskarabenturaEuskal Herrian barrena ibiliko da aurten ere EuskarAbentura

Iazko udan estreinakoz eta arrakastaz burutu ostean, aurtengo uztailean berriz egingo dute EuskarAbentura, euskal hiztun gazteak aktibatzea helburu duen ekimena. Zehazki, lau xede nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabileran eragitea, munduko gazte euskaldunen sarea sortzea, Euskal Herriari buruzko ezagutzan sakontzea eta balio positiboak lantzea. Horretarako, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dute 120 lagunek. 2002. eta 2003. urteetan jaio eta euskaraz dakien edozein gaztek har dezake parte. Hori bai, abenturan parte hartzeko, motibazio gutun bat eta bakarkako lan bat aurkeztu beharko dituzte, bigarrena antolatzaileek ezarritako hiru gaietako bati buruz: Maite ditut maite gure bazterrak; Joan-etorriak: migrazioen testigantzak eta Errimak eta erritmoak. Izena emateko epea martxoaren 10ean amaituko da. Lan onenen egileek izango dute bigarren EuskarAbenturan parte hartzeko aukera. Xehetasun guztiak www.euskarabentura.eus atarian jaso dituzte.

Italia

sufestakSoinua eragiten duten su artifizialak, debekatuak

Petardoak, txapliguak... ospakizunetan piroteknia erabiltzea ohitura hedatua da munduko hainbat herrialdetan. Italiako Collecchio herrian, ordea, muga jarri diete halakoei. Erabiltzekotan, herritarrek soinurik gabeko piroteknia erabili beharko dute. Koloretsuak nahi adina, baina betiere isilak. Legez arautu dute jarduna, su artifizialen eta antzekoen burrunbak animaliengan izan dezakeen eragina saihesteko. Izan ere, gehiegizko harrabotsak kalte eragiten dio animalia askori, batik bat entzumena oso garatua dutenei. Esaterako, txakur, katu eta hegaztiei. Estresa, takikardia, beldurra, nahasmendua... ugariak dira suziri eta antzekoen eztanden ondorio kaltegarriak. Gabonetan ipini zuten indarrean araua. Animaliek eskertuko zuten, baita pertsonek ere: askok eta askok ez dute batere gustuko petardo eta suzirien zalaparta. Alde horretatik, bitxia da arauaren jatorria, animalien ongizatea baitu xede, ez gizakiona, nahiz eta horretan eragin.

Diaspora

diasporaValentziako euskal etxeen gutun lehiaketa martxan da

Zabalik da Diasporaren Gutunen Literatur Lehiaketa, Euskaltzaleok eta Laurak Bat Valentziako euskal etxeek euskara sustatzeko antolaturiko lehiaketa. Seigarren aldia du aurtengoa, eta, ohi bezala, bi kategoria izango ditu: euskara ikasten ari direnena eta euskaraz normaltasun osoz aritzen direnena. Bi kategorietan librea da landu beharrekoa gaia, euskaraz idatzita badago, jakina. Gainera, batuan ez ezik, beste edozein euskalkitan ere aurkeztu ahal izango dira idazkiak. Urtarrilaren 20ra arte bidal daitezke lanak, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora edota Euskaltzaleok eta Laurak Bat euskal etxeetara igorrita. Kategoria bakoitzeko irabazleek euskarazko liburu eta ikus-entzunezkoen sorta bana jasoko dute. Argibide gehiago www.euskaltzaleok.net eta euskaletxeavalencia.com atarietan.

Kantuak

freddie‘Bohemian Rhapsody’, egun gehien entzuten den XX. mendeko kantua

Queen musika taldearen arrastoa izugarria dela esatea ez da gauza berria. Freddy Mercuryk eta enparauek utzitako ondarea ez da nolanahikoa, makina bat kantu arrakastatsuren sortzaile izan baitira. Bada, horietako bat, Bohemian Rhapsody ezaguna, munduan entzunena da. Bai, behintzat, XX. mendean sortutako kantuak aintzat hartuz gero, bai eta Internet bidezko entzunaldi eta ikustaldiak ere. Halaxe jakinarazi du Universal Music Group konpainiak. Sarean musika eskaintzen duten zerbitzu nagusiak aztertu ditu konpainiak azken asteotan. Hots, Spotify, Apple Music eta Deezer, eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen duten plataformak ere bai, YouTube, kasu. Azterketaren arabera, kantua eta bideoa 1.600 milioi aldiz zabaldu ziren sarean iazko abenduaren erdialdera arte. Horrela, rock klasikoko inoiz gehien zabalduriko kantu ere bihurtu da. Besteak beste, Nirvanaren Smells Like Teen Spirit edota Guns N’ Roses’en Sweet Child O’Mine gainditu ditu Queenek 1975ean sortutako abestiak. Hori bai, testuingurua kontuan hartu behar da: taldearen konpainia da Universal Music Company, eta azkenaldian sustapen kanpaina handia egin du. Batez ere, Queenen ibilbideari buruzko Bohemian Rhapsody filmaren estreinaldiaren harira. Nork jakin: beharbada, datorren urtean, gauza bera esan ahal izango dugu 21. Korrikaren Klika Korrika 2019 abestiaren gainean, ikusita zer-nolako oihartzuna izaten ari den aurkeztu zutenetik...