Martxoaren 8an, grebara!

m8

Joan den urteko irailean iragarri zuten. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin zuen deialdia 2019ko martxoaren 8rako: heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu guztiek (emakumeak, bollerak eta transak) egiteko 24 orduko greba, zaintza lanetan, lanpostuetan eta kontsumoan. Pentsiodunak eta ikasleak ahaztu gabe. Aurten, zaintzaren gatazka jarri nahi dute erdigunean. Hala, etxeko eta zaintza lanetan nahiz soldatapean edo dohainik dabiltzanekin aliantzak sortu eta indartu nahi dira, askotan ezkutuan geratzen diren lanak azaleratzeaz batera. Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa aldarrikatzen du mugimendu feministak; beste gizarte itun bat, finean. Iaz bezala, greban parte hartzeko hainbat modu proposatu dira, baina kontsumo greba deituta, eguneroko normaltasuna ere aztoratu nahi da, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Iazko martxoaren 8a ez zen egun bateko aparra izan. Haren oihartzuna denborarekin isildu egingo zela uste izan zutenak oker zebiltzan. Aurtengo martxoaren 8a izango da horren erakusle.

Migratzaileak

maydaySei pertsona hil ziren Mediterraneoan, egunero, 2018an

Europara iritsi nahian zetozen 2.275 pertsona hil edo desagertu ziren iaz Mediterraneo itsasoan. Hots, batez beste, sei hildako edo desagertu egunean. Hala jakinarazi du ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak, Itsasaldi etsiak izeneko txostenean. Iazko datuak 2017koekin alderatuta, heriotza kopurua murriztu egin da: 2018an 2.275 hildako zenbatu zituzten; eta 2017an, 3.139. Hori bai, Mediterraneoa zeharkatzen saiatu zirenen kopurua ere txikiagoa izan zen iaz. Hala, 2018an 139.300 lagun izan ziren; eta 2017an, 172.324. Bestelako datuak ere jaso ditu txostenak. Esaterako, migratzaileek denbora gehiago pasatzen dutela itsasoan, ezaguna den egoera tamalgarrian: ontzi kaskarretan jendez gainezka, askotan urik eta janaririk gabe. Horiek horrela, migrazioaren aferari dagokionez, Europak erakutsi duen akordiorik eza salatu du ACNUR-ek, erreskate lanetan atzerapenak eragiten dituelako. Horregatik, eskualdeko herrialdeei eskatu die premiazko neurriak hartzeko: erreskate lanetarako gaitasuna handitzea, migratzaileak porturatzeko leku gehiago egokitzea, harrera herrietan migratzaileei babes handiagoa  ematea edota giza trafikatzaileen kontrako neurriak gogortzea, besteren artean.

Komunikazioa

garaHiru milioi euroko zorra ordainaraziko diote ‘Gara’-ri, ‘Egin’ auziagatik

Gara egunkariak milioi erdi euro ordaindu beharko dio Gizarte Segurantzari sei hilean behin, datozen hiru urteotan, Egin egunkariaren zorra kitatzeko. 1998ko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin egunkaria eta irratia itxiarazi zituen, ETArekin lotura zutelakoan. Handik sei hilera, 1999ko urtarrilean, sortu zen Gara, Eginek utzitako hutsunea betetzeko. Baltasar Garzon epaileak, baina, Eginek zuen 4,7 milioiko zorra Gararen gain utzi zuen, enpresen arteko jarraitutasun ideologikoa argudiatuta. Ordutik, zor horrek erabat baldintzatu eta oztopatu du Gararen jarduna. 2009an, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Eginen itxiera baliogabea izan zela. Halere, zorra kitatzeko ardura ez zioten kendu Garari. Orain, Gizarte Segurantzarekin akordioa lortu du Garak, eta hiru urtean ordaindu beharko ditu hiru milioi euro. Horrek are gehiago zaildu du Gararen egoera, baina aurrera jarraitzeko asmo sendoa agertu dute egunkariaren arduradunek. Garak egoera salatu du, erabaki politikoen ondorioa dela nabarmenduta. Era berean, adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkako eraso honen aurrean, babesa eskatu du, egunkaria egoera latzean baitago. Hala, 10.000 harpidedun lortzeko kanpaina ipini du abian, bestela oso zaila izango zaiolako hain epe estuan dirutza hori ordaintzea.

Futbola

realaRealak berriz egokitu du bere ereserkia

2018aren hondarrean, taldearen ereserkia moldatu zuen Realak, pluralagoa eta inklusiboagoa izan zedin. Horretarako, 432. AIZU!n jaso genuenez, ereserkiaren hitzetan zenbait aldaketa egin zituen talde txuri-urdinak: “Aurrera mutilak!” eta “Aupa mutilak!” esaldien ordez, “Aurrera Reala!” eta “Aupa Reala!” ezarri zituen. Era berean, hitzak doinura egokitzeko, Ricardo Sabadiek 1970ean sorturiko doinua ere zertxobait moteldu zuen. Aldaketak harrera ona izan zuen. Bai, behintzat, hitzei dagokienez. Doinu motelagoak, ordea, kexak eragin zituen, abesteko zailagoa zelakoan. Hori dela eta, ereserkia berriro moldatu du Realak: hitzak bere horretan utzi, eta doinu azkarragoa ipini diote. Hala, jatorrizkoaren antz handiagoa du azken bertsioak, nahiz eta ez izan berdina. Doinu egokitu berria duen ereserkia otsailaren 2an abestu zuten lehenengoz zaleek, Realak Anoetan Athleticen kontra jokatu zuen derbian. Emaitza ikusita (Reala gailendu zen), azken bertsioaren estreinaldiak oroitzapen gozoa utziko zien...

Osasuna

hamakaKulunkatuta, lo hobea

Sehaskan, kulunkan. Haur txikiak halaxe lokarrarazi ohi dira eskuarki. Bada, helduentzat ere onuragarria izan daiteke: Genevako Unibertsitateak (Suitza) egindako ikerketa baten arabera, loak kulunka leunean hartzeak nabarmen hobetzen du helduen loaldia; zehazki, lo sakonagoa eragiten du. Hiru egunez, hemezortzi boluntarioren loa aztertu zuten ikertzaileek. Lehenengoan, kulunkarik gabe hartu zuten lo boluntarioek. Bigarrenean, kulunka suabea eragiten zuen ohe berezi batean, Azkenik, hirugarrenean, kulunkarik gabe. Emaitzetan egiaztatu zutenez, bigarren gauean azkarrago hartu zuten lo boluntarioek, lo sakoneko tartea luzeagoa izan zuten, eta gauean gutxiagotan esnatu ziren. Gainera, boluntarioen memorian ere eragina zuela ikusi zuten. Izan ere, lotara joan aurretik, gauero zenbait hitz memorizatu behar izan zituzten boluntarioek, eta, bigarren gauaren ostean, bezperan ikasitakoak hobeto gogoratu zituzten beste bi gauetan baino. Ikertzaileen ustez, gizakion sistema bestibularra estimulatzen dute mugimendu erritmikoek, hots, orekari eta espazio orientazioari eragiten dien sistema. Hori bai, kulunkak arina eta lasaia izan behar du, ez zorabiatzeko modukoa. Helduentzako sehaskak egiten hasi beharko?