“Pasioz eta ahaleginez egiten den guztia erraza da”

cidKarlos Cid Abasolo
(Madril, Espainia, 1963)

Gaztetan euskara bere kabuz ikasten hasi zenetik, euskararekiko pasioak bizi du Cid Abasolo. Urteak daramatza Madrilen euskara irakasten eta euskal kultura sustatzen; euskaraz bizi da. Besteak beste, txekieratik euskarara zenbait lan itzuli ditu, eta Euskadi Irratiko tertulietan parte hartzen du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Txiripaz. Txikitan eta gaztetan, Portugalete herri ezin erdaldunagoan pasatzen nituen oporrak, urtero, baina kasualitatez bizkaiera ikasteko liburuxka batekin egin nuen topo, eta nire kasa landu nuen. Gero, Madrilera itzuli, eta bertako Euskal Etxeko euskara eskoletan eman nuen izena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Urte asko igaro dira ikasten hasi nintzenetik, eta, adinagatik memoria huts egiten hasi zaidanez, ezinezkoa zait erabaki horren zergatia gogoratzea. Hori galdetzen didaten bakoitzean, erantzun ezberdina ematen dut. Oraingo honetan erantzungo dizut euskara ikasten hasi nintzela herri euskaldun bateko neska xarmagarri batekin maitemindu nintzelako, baina gera dadila gure artean gezurra dela, kar-kar!
Nolako prozesua izan duzu?
Madrilgo Euskal Etxean lau urte eman nituen euskara eskolak jasotzen, astean bitan, egun bakar batez ere huts egin gabe. Ikasteko prozesu horrek, baina, bi ardatz izan zituen: bigarren ikasturtea bukatuta, Atxondoko barnetegi batean hamabostaldi batez egotea, eta hirugarren ikasturtea bukatuta, Orozkoko Ibarra auzoko baserri batean hilabete ematea.
 Zer izan da zailena zuretzat?
Nire ustez, munduko edozein hizkuntza ikasten duenarentzat entzuten duena ulertzea da zailena. Izan ere, liburuetan ikasten den hizkuntza moldea urruti samar dago ahozko moldetik.
Eta errazena?
Oro har, oso erraza gertatu zitzaidan euskara ikastea, eta horrek badu azalpen bat: euskarak sorgindu egin ninduen, pasioz ikasi nuen. Eta euskara irakasten hasi nintzenean ere pasio bera nuen, halaxe segitzen dut gaur egun. Pasioz (eta ahaleginez, noski) egiten den guztia da erraza. Gaur egun, ordea, iruditzen zait euskaltegietara joaten diren ikasle asko arrazoi instrumentalengatik (hau da, lanpostu bat lortzeko) ari direla ikasten. Hori guztiz errespetagarria da, jakina, baina adi: hizkuntza bat arrazoi instrumental hutsengatik egokiro ikastea (eta berdin dio zein hizkuntzaz ari garen) oso-oso zaila da. Beraz, hona hemen aholku bat: euskara lanerako behar duzuelako ikasten ari bazarete, erants iezaiozue betebeharrari pasioa, eta, EGA gainditzeaz gain, zoriontsuagoak izango zarete.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai. Arrazolako barnetegian, adibidez, Hiztegia 2000ko hainbat hitz ikasten nituen buruz egunero, eta ikaskideek “hiztegi ibiltaria” deitzen zidaten.
Erabiltzen al duzu?
Egunero, Madrilen bizi arren. Etxean, alabarekin; lanean, berriz, Madrilgo Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea naiz, Euskadi Irratiko tertuliakidea, literatura itzultzailea (txekieratik euskarara itzultzen dut), eta, azken boladan, poeta ere bai: irakur ezazue Keinu konplizeak nire liburua, ea zer deritzozuen.
Trikimailuren bat?
Euskara irakasleak galdetzen badizue “Zenbat urte ditu Mikelek?”, zuek “hogei” erantzuten badiozue, eta errieta egiten badizue “Mikelek hogei urte ditu” ez erantzuteagatik, izan zaitezte intsumisoak irakasle horrekin, baita “zeniezazkidaketen” eta halako erantzunak dituzten ariketekin ere. Euskara uste baino askoz errazagoa da!

“Ardura eta motibazioa behar dira; bestela, ezinezkoa da”

sanzDaniel Sanz Cordero
(Madril, Espainia, 1978)

2004an Iruñera bizitzera etorri eta berehala hasi zen euskara ikasten. Ikasi zuen, besteak beste AEKn, eta egun D ereduko irakasle da Sanz. Euskaraz bizi dela agerikoa da: Dena zekien gizona liburua (autoedizioa, 2019)
argitaratu berri du, eta Egurre musika taldean ere euskaraz abesten du.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lagunengatik zaletu nintzela esaten ahal da, euskaldunak ezagutzen nituelako. Hernaniko, Donostiako... lagunak nituen. Hala, maiz etortzen ginen Euskal Herrira. Euskaldunek gustuko izaten duzue euskararen eta Euskal Herriaren ingurukoak jorratzea, batez ere madrildarrokin edo kanpotarrokin. Nik ere galdera asko egiten nizkien, ea nola esaten zen hau eta bestea, eta haiek gustura azaltzen zizkidaten. Gainera, euskara hizkuntza zaharra izatea, gutxitua, erasopean... erakarri egiten ninduen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Iruñera etorri nintzenean, ez nuen ulertzen Euskal Herria euskararik gabe. Euskal Herriko nire lagun guztiak euskaldunak ziren. Ezagun nituen Euskal Herria eta euskara kontzeptuak, eta uste nuen batak bestea gabe ez zutela zentzu handirik. Hortaz, hona etorri nintzenean pentsatu nuen lehenbiziko gauza izan zen ikasi egin behar nuela, dudarik gabe; edo, bederen, ahalegina egingo nuela. Halere, zalantzak banituen, gai izango ote nintzen ikasteko eta, baina ez nuen ulertzen hemen bizitzea euskara ikasteko ahaleginik egin gabe.
Nolako prozesua izan duzu?
Meteorikoa: hiru urtean, hasiera mailatik C1era. Nahiko azkarra izan zen.
Zer izan da zailena zuretzat?
Bereziki zaila... ezer ez. Agian, hasieran, oso zabala iruditzen zitzaidan. Aditz laguntzaileen kontua ere bai, baina memoriagatik; hau da, hainbeste laguntzaile egotea. Oso ongi ulertzen nituen, baina denak berehala ez jakiteak egundoko antsietatea eragiten zidan. Orduan, konpultsiboki memorizatzen nituen: nezake, zenezakete... Denborarekin, utzi diot hori egiteari, baina hasieran banuen laguntzaileekiko antsietatea.

Eta errazena?
Jendearen laguntza. Ni oso-oso astuna izan nintzen, milaka galdera jaurtitzen nizkion entzun nahi zidan orori, eta jendearen pazientzia izugarria izan zen. Erdaldunek, euskaraz nekez egiten zutenek eta ahaztuta zutenek ere, mundu guztiak egin zuen niri laguntzeko ahalegina. Oso goxoa egin zitzaidan hori. Jende asko pazientzia handiarekin, oso polita izan zen. Nabarmentzeko modukoa.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai. Igual, ni neu, euskara ikasten hasi nintzenean: sei hilabete besterik ez neramanean euskaltegian, Iruñean barrena euskara trakets baino traketsagoa egiten ibiltzen nintzen, baina euskaraz mundu guztiarekin. Madrilgo martetar bat hemen, Iruñean, zenitzake, neritzoke eta halakoak botatzen. Bada, jendearen harridura aurpegiak... Oso nabarmena izaten zen.
Erabiltzen al duzu?
Lanerako erabiltzen dut, D ereduko funtzionarioa bainaiz. Bizitza pribatuan, alabarekin euskaraz egiten dut, eta, era berean, lagun euskaldunez inguratuta bizi naiz. Iruñean, ez naiz euskaraz bizi, baina euskaraz dakien ororekin euskaraz egiten dut beti. Bakar batek ere ez dit ihes egiten!
Trikimailuren bat?
Benetako ilusioa eta ardura. Jendeak nahi izaten ditu ogerlekoak pezeta truke, baina ikasi beharra dago, eta, horretarako, benetako ilusioa eta motibazioa behar dira. Ardura eta motibazioa: "Ikasi egin nahi dut, eta behar beste jarriko dut nire aldetik". Bestela, ezinezkoa da. Arinaiztar-ak ez ditut batere gustuko, beti esaten diet: “Ekin serio!”

 

“Nahia da kontua: ikasi nahi baduzu, edozer da posible”

justineJustine Quincarlet
 (Roazhon, Rennes, 1988)

Sortzez bretoia, gaztetan Euskal Herrira etorri eta euskararekin maitemindu zen Quincarlet. Hala, Euskal Herrian euskaraz bizitzea izan zuen helburu. 2013tik, Baionan bizi da, euskaraz bizi ere, eta euskara eskolak ere ematen ditu, borondatez.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Duela 17 urte edo, Euskal Herrira etorri nintzen oporretan gurasoekin, eta hizkuntzarekin maitemindu nintzen. Herriarekin eta, batez ere, hizkuntzarekin. Bat-bateko zerbait izan zen. Ez dakit nola azaldu... identitate hori hain indartsu sentitzea eta hizkuntza partekatzea, horixe zen niretzat politena. Horregatik, bigarrenez itzuli ginenean, gurasoei esan nien hemen bizi eta euskara ikasi nahi nuela, eta kito.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Niretzat, hori zen garrantzitsuena. Ez zitzaidan burutik pasatzen ere hemen euskara jakin gabe bizitzea, niretzat dena zelako euskara. Banekien euskara jakin ezean esentzia galduko nuela.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehenik, Bretainian hasi nintzen ikasten, Bakarka metodoarekin. Assimil metodoarekin ere hasi nintzen, baina, batez ere, Internet bidez ikasi nuen: egunero-egunero irratia entzunez, kantuak... Nagusiki kantuak, asko gustatzen zaidalako kantatzea. Gainera, ikasketak utzi nituen, eta denbora gehiago nuenez, hori egiten nuen egunero. Ondoren, duela 6 urte, Euskal Herrira etorri nintzen, helburu berarekin: lana aurkitu eta hemen bizi baino lehen, lehen-lehenik euskara ikastea. Udan etorri nintzen, eta lehen ikastaldia Miarritzen egin nuen, bi astez. Esperientzia zoragarria izan zen. Zeren lehendik banekien euskara ulertzen nuela, banekien banekiela, baina ez nintzen hitz egitera ausartzen. Hortik aurrera, izugarria izan zen: askatasun handiagoa sentitu nuen, hitz egiteko gai nintzelako; horrek ez zuen preziorik. Hori bizi eta gero ezin nuen pentsatu ere egin Bretainiara itzultzea. Ez zen posible, eta erabaki nuen hemen gelditzea, nahiz eta lanik ez izan. Zorionez, nahiko azkar aurkitu nuen lana. Ondoren, Baionako Gau Eskolan hasi nintzen ikasten. Bi edo hiru urte egin nituen han.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskal Herrira etorri baino lehen, hitz egitea. Euskal Herrian banituen lagun batzuk, baina ez zen erraza mintzatzea; Bretainian, bakarrik nintzen, eta ezin nuen inorekin harremanetan hasi... Hori izan zen zailena.
Eta errazena?
Euskal Herrian nintzenean, parte hartzea. Hau da, asteburuz asteburu, euskaraz zerbait antolatzen zen bakoitzean, haraxe joaten nintzen: bertso saioak, Herri Urrats, bestaren bat...
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Bai, noski. Oroitzen naiz behin Zarautzera joan nintzela bertsoak entzutera. Garai hartan, nire maila oso apala zen. Saioa non zen ez nekien, eta jende batzuei galdegin nien. Haiek nondik nentorren galdetu, eta nik erantzun nien euskara ikasten ari nintzela eta bertsoak entzutera nindoala. Haiek zera esan zidaten: “Zaila da! Belarrietarako ona, baina bururako nekagarria!”. Bada, egia zen, kar-kar!
Erabiltzen al duzu?
Bai. Nire eguneroko hizkuntza da, eta hori zen, eta da, nire helburua: Euskal Herrian eta euskaraz bizitzea.
Trikimailuren bat?
Dena da nahiaren kontua. Ikasi nahi baduzu, edozer da posible. Hau da, edozer baliatzen ahal duzu euskara ikasteko. Euskal Herrian izan gabe ere, badezakezu, hala nahi duzulako.

“Berbalagun taldean, lotsa barik eta akatsak ahaztuta hitz egiten dugu, lasai”

monikaAitabitxiak Maite izena jarri nahi izan zion, baina epaitegian Maria Teresa besterik ez zioten onartu. Orduan, Mónica. Halere, Jimenezek beti idatzi izan du Monika, txikitan euskara ikasteko aukerarik eduki ez arren. Orain, Bilboko Santutxu AEK euskaltegian dabil, mintzataldean, baita Berbalagunen ere.

Monika Jimenez
(Bilbo, 1973)

Nolatan iritsi zinen euskarara?
DNAn daramat euskaldun izaera, eta behin eta berriz saiatu nintzen ikasten, nerabezarotik, baina utzi egin behar izaten nuen, lanagatik eta. Duela hamar bat urte hasi nintzen serio, hiru seme-alaba ditudalako.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasiera oso polita izan zen, dena zelako berria, baina gramatika sartzean konplikatu egin zen kontua. Ez nuen aurreratzen, sentsazioa nuen hizkuntz eskakizunei begira ikasten ari ginela, baina nik hizkuntzak maite ditut: ingelesez badakit, frantsesez ere bai apur bat... Duela bost bat urte erabaki nuen ikastaro arruntak utzi eta mintzataldean eta Berbalagunen sartzea. Ordutik, zoragarria izan da, gozatu egiten dut euskaraz. Antolatzen diren txango guztiak aprobetxatzen ditugu, museorako bisitak... edozein ekintza.
Eta zelan mintzapraktikarekin?
Mintzataldean eta Berbalagunen, denetariko jendea ezagutzen da, lanbide askotakoa; hala, gauza askori buruz hitz egiten dugu, eta hizkuntza maila aberasteko aukera dugu. Astean birritan joaten naiz mintzataldera, bost ordu astean. Barikuetan, berbalagunekin geratzen naiz kafea hartzeko, bospasei lagun, ordu eta erdi inguru. Lasaitasun handiz hitz egiten dugu, lepotik zama guztia kenduta, lotsarik gabe eta akatsak ahaztuta.
Zer izan da zailena zuretzat?
Ergatibo maitea! Izan da, eta da! Ez dakit zenbat K jan ditudan dagoeneko, kar-kar!
Une barregarriak ere izango ziren...
Eskoletan barre asko egiten dugu. Liburua irakurtzen dugunean, adibidez, atalez atal komentatzen dugu, ahoz, eta bakoitzak nahi duguna ulertzen dugu. Irakurri dugun azkena Eulien bazka izan da.
Erabiltzen duzu euskara?
Bai, umeen eskolako irakasleekin euskaraz hitz egiten dut askotan. Horrez gain, guraso elkartean nago, eta gurasoen erdiak euskaldunak direnez, euskaraz hitz egiten didate. Gero eta gehiago erabiltzen dut kalean. Euskaraldiari esker, badakigu nor den nor, eta egiten dugu ahalegina euskaraz komunikatzeko. Etxean, umeekin ere bai, noski.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Zerbait egiteko agintzen diedanean, asko erabiltzen dut umeekin Geroa, alferraren leloa atsotitza. Haiek ere buruz ikasi dute, kar-kar!
Trikimailuren bat?
Marrazki bizidunak ikustea umeekin! Etxean, Goazen! telesaila ikusten dugu ostiralero, familia osoak, nahiz eta senarrak gutxi hitz egin euskaraz. Primeran datorkigu, asko ikasten da.
Eta hemendik aurrera?
Hizkuntza bat, praktikatzen ez baduzu, ahaztu egiten da. Beraz, jarraituko dut, hizkuntza bat ikasteko inguru osoan murgildu behar delako, baita kulturan ere.

“Irakurtzea da hitzak eta egiturak ikasteko modurik atseginena”

ladronLehenik euskaltegian eta ondoren bere kasa ikasi zuen euskara Ladron Aranak. Euskaraz idaztea zuen helburu, gustuko zituen generoak lantzeko, eta lortu zuen. Egun, irakurleen artean harrera ona izan duen lan mordoxka du argitaratuta idazle nafarrak.

Alberto Ladron Arana
(Iruñea, 1967)

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Etxean inork ez zekien euskaraz, familiako azken euskalduna gure aitona izan zen, baina sekula ez zigun euskaraz hitz egin. Hemeretzi urterekin AEKn hasi nintzen arte, hitz solte batzuk baino ez nituen ezagutzen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Garai hartan (80ko hamarkadaz ari naiz), adiskide asko hasi ziren euskara ikasten, eta neu ere animatu nintzen. Giro berezia zegoen Iruñean, ematen zuen mundu guztiak nahi zuela euskaraz ikasi, gau eskoletako gelak gainezka zeuden, ilusio handia zegoen.
Nolako prozesua izan duzu?
Hiru urtez ikasi nuen euskaltegian, irakasle ikasketak egin bitartean. Psikologia ikasten hasi nintzenean, baina, utzi egin behar izan nuen, astirik ez nuelako. Gero, lanean hasitakoan, neure kasa ekin nion ikasteari: hiztegi bat eta gramatika liburu bat erosi, eta su eta gar hasi nintzen ikasten. Aldi berean, euskarazko nobelak irakurtzen nituen, eta testuan aurkitzen nituen hitzak eta egiturak kaier batean idatzi eta buruz ikasten nituen. Prozesu hura lauzpabost urtez luzatu zen. Egun, lanak ditut sinesteko halakorik egin nuela, nire kasa eta laguntzarik gabe.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskaltegian erabiltzen zen metodoak buruhausteak eman zizkidan. Nik gauza konkretuak ditut gustuko, arau zehatzak eta salbuespen garbiak. Baina euskaltegian erabilerari ematen zitzaion lehentasuna, eta ez zuten oso gustuko arauetan sakontzea; hala, ni nahiko galduta ibiltzen nintzen. Gramatika liburu batekin ikasten hasi nintzenean, ordea, zalantza guztiak argitu ahal izan nituen.
Eta errazena?
Ilusioari eustea. Nik garbi neukan euskaraz idatzi nahi nuela. Garai hartan euskal literaturan ez zeuden gauzak egin nahi nituen, seguru nengoen ni bezalako irakurleak egonen zirela, bestelako estilo eta istorioen zain. Banekien horretarako ezinbestekoa nuela euskara ongi jakitea.
Une barregarriak ere izango zenituen...
Euskaltegia utzitakoan, 30eko hamarkadako gramatika liburu bat aurkitu nuen nonbait, eta gogoz ikasten hasi nintzen. Baina ez nekien bizkaierazko liburu bat zela; gainera, garai hartan, aditzak, deklinabideak, egiturak eta abarrak ez ziren euskara batuan erabiltzen direnak bezalakoak. Azkenean, ikasten lagundu baino, liburu alu hark gehiago nahasi zizkidan ideiak.
Erabiltzen al duzu?
Lanean, batez ere. Unibertsitateko informazio gune batean aritzen naiz, eta jende askok hitz egiten digu euskaraz.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Gustuko tokian aldaparik ez.
Trikimailuren bat?
Nobela entretenigarri bat irakurri bitartean, ohartu gabe ikasiko duzu. Deus ez ulertzeko beldurrak bazaude, hartu gaztelaniaz irakurri zenuen nobela bat: istorioa ezagun duzunez, ez duzu haria galduko. Etxean edo autoan irratia entzutea ere oso lagungarria da: hasieran, hitz bakar batzuk besterik ez duzu ulertuko, baina, denboraz, gero eta gehiago ulertzen duzula ohartuko zara.