Konpromisoaren Klika

konpromisoa

Azkenaldian, euskalgintzak elkarlanerako esparru berriak eratu ditu, baina ez da nahikoa, euskararen alde egote hutsak ez duelako ekarriko normalizazioa: beharrezkoa izango da normalizazioaren ikuspegia gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatzea, konpromiso kolektiboak hartuta. Hori dela eta, AEK-k eta Korrikak “esanetatik konpromisoetara jauzi egitea” eskatuta, hainbat arlotako 30 gizarte eragilek euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak sinatu dituzte jendaurrean, Aro berriari, klika ekimenaren baitan; besteak beste, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, unibertsitateek, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Save the Children erakundeak. Ekimena abian da oraindik, konpromisoak eragile gehiagok hartuko dituztelakoan; horretarako, atal berezia paratu da Korrika.eus webgunean. Jar gaitezen, bada, bidean, ameskeriak baino ez ziruditenak egia bihur daitezen.

Paris

parisCrémieux kaleko bizilagunak, erretratuetan ateratzeaz kokoteraino

Parisen gehien bisitatzen diren lekuen artean dago Crémieux kalea. Pastel-koloretako viktoriar estiloko etxez beteriko kalea da, soilik oinezkoentzakoa, eta auzotarrek ipinitako landare eta lorez hornitua. Xarmadun kalea, turistentzat zinez erakargarria: Parisko leku gutxitan ateratzen dira kale honetan baino argazki gehiago. Gainera, sare sozialen erabiltzaileen artean ere oso ezaguna da, batik bat Instagramen. Ondorioz, bizilagunek etengabe jasan behar izaten dute argazkirik originalena atera nahian bertaratzen den orotariko fauna: instagramer-ak, influencer-ak... Bada, dagoeneko nazka-nazka eginda daude, eguneroko bizimodua erabat baldintzatzen dielako: zaratak edonoiz, jendea  etxeetako atarietan argazkian ateratzeko paratzen... Askotan, gainera, ez dute edonola posatzen: koreografiak egiten dituzte, jauziak, musikaz laguntzen dituzte argazkiak... Kalea estua denez, auzotarrak halakoak saihesten ibili behar dira eguna joan eta eguna etorri. Hori dela eta, eskaera egin diote Parisko Udalari kalea itxi dezan, haien pribatutasuna babeste aldera; hori bai, jendetza gehien pilatzen den egunetan ixtea nahi dute, hau da, asteburuetan. Era berean, gauetan ere itxita egotea nahi dute, zaratarik ez sortzeko. Ikusi beharko da eskakizuna zertan geratzen den, Udalak oraindik ez baitu erabakirik hartu. Bitartean, bisitarien jarrera desegokiak salatzeko, Club Crémieux izeneko kontua sortu dute Instagramen. Parisera joatekotan bazarete, hor duzue nola ez jokatu erakusten duen makina bat adibide.

Zoriontasuna

finlandiaMunduan ez da Finlandia baino herrialde zoriontsuagorik

Bigarren urtez jarraian, Finlandia izendatu dute munduko herrialderik zoriontsuena. Halaxe ebatzi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, bere urteroko World Happines Report txostenean. Hainbat aldagai aztertuta osatzen du txostena NBEk: biztanleen bizi itxaropena, hezkuntza, ustelkeria, gizarte politikak... Horiek guztiak aintzat hartuta, 156 herrialdeko zerrenda egiten dute. Bada, 2019ko zerrendan, 2018koan bezala, Finlandia da lehenengoa. Jarraian datoz, hurrenkera honetan, Danimarka, Norvegia, Islandia, Herbehereak, Suitza, Suedia, Zeelanda Berria, Kanada eta Austria. Zerrendako azken postuan, aldiz, Hego Sudan ageri da, eta azken-aurrenekoan, berriz, Afrika Erdiko Errepublika, Afganistanen atzetik.

Komikiak

marvelMarvel argitaletxeko superheroien agerpen bateratuak ezagutu nahi?

Spider-Man, Hulk, Black Widow, Wolverine, Captain Marvel, Silver Surfer... Marvel argitaletxeko superheroien zale direnek pozik hartuko dute Angel Abad (Atxeta, 1978) garatzaileak sorturiko aplikazioa: Marvel Match, Marvel etxeko pertsonaien agerpen bateratuak bilatzeko tresna. Hots, bi superheroi elkarrekin zein komikitan azaldu diren jakiteko bilatzailea da. Berriki sareratu du Abadek Marvel Match (https://marvelmatch.com/). Berez, aplikazioa da, baina sarean ipini du oraingoz. Aiaraldea.eus hedabidean egindako elkarrizketa batean dioenez, Abad ez da superheroien aparteko zalea. Debian eta Ubuntu garatzailea da, eta web programazioa ikasi behar zuenez, bilatzailea egitea erabaki zuen, bere aisialdian. Software librean egin duenez, “nahi duenak hobetu egin dezake”. Erabilera oso sinplea du: bilatzailean topatu nahi diren bi pertsonaien izenak jarri behar dira, eta berehala agertuko da zein komikitan agertu izan diren elkarrekin. Oraingoz, Marvelen superheroiak bakarrik bilatzen ditu, baina zabaltzeko asmoa du. Hau da, “komikiak ez ezik, telebista saioak eta filmak ere agertzea”.

Hedabideak

hekimenDirulaguntzen eredu berria adostu dute erakundeek eta euskarazko hedabideek

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko eredu berria adostu eta aurkeztu dute. Lau erakundeek eredu bateratua izango dute. Hedabideen jarduna egonkortzea xede, orain arteko irizpideak aldatu egingo dituzte. Hala, laguntzak esleitzeko baliatzen zen puntuazio sistemaren ordez, kostuen zati bat, % 30, estaliko dute laguntzek. Egonkortasuna bermatzeko ahaleginean, hiru urterako laguntzak (2019, 2020 eta 2021) ebatziko dituzte aurten. Guztira, 10,5 milioi erabiliko dituzte erakundeek, orain artean baino 3 milioi gehiago. Berrogeita hamar hedabide baino gehiago (tartean da AIZU!) batzen dituen Hekimenek positibotzat jo du egindako urratsa. Hekimeneko koordinatzaile Igor Astibiaren hitzetan, “oro har, eredu berriak aurrerapauso garrantzitsua ekarriko duela uste dugu”. Izan ere, sektorearen zenbait eskari historiko aintzat hartu ditu eredu berriak, hala nola sektorearen izaera estrategikoa aitortzea, egonkortasuna bermatzeko baliabide gehiagoren beharra eta kostuen azterketan oinarritutako laguntzak izatea. Nolanahi ere, sektoreak erronka gehiago badituela nabarmendu du Hekimenek, eta horiei erantzuteko elkarlana “funtsezkoa” izango dela, akordio hau lortzeko gertatu den moduan.