Once Upon a Time in… Hollywood

hollywood

Zuzendaria: Quentin Tarantino. Gidoia: Quentin Tarantino. Aktoreak: Leonardo DiCaprio, Brad Pitt, Margot Robbie, Emile Hirsch, Margaret Qualley. AEB, 2019.

Istorioa: Hollywood, 1969. Rick Dalton, telebistako western sail bateko izarra izandakoa, gainbeheran doakion ibilbideari aurre egin nahian dabil, Cliff Booth bere ordezko eta lagun mina bidaide duela. Bitartean, Roman Polanski zuzendariarekin ezkondu berri den Sharon Tate etorkizun handiko aktorea Daltonen bizilagun bihurtuko da.
Historia: AEBetako historiako garai zehatz bati heldu dio Tarantinok: batetik, Hollywood klasikoaren amaiera; bestetik, 60ko hamarraldian puri-purian ziren eta mundua eraldatzea amesten zuten mugimenduen (batez ere, hippyak protagonista izan zituenak) bat-bateko itzaltzea, Charles Mansonek eta haren akolitoek Sharon Tate hiltzean odolez gorpuztu zutena. Hori guztiori, zuzendariak zinemari dion maitasuna une oro eta argiro erakutsita.
Onena: Tarantinoren zinema, bere horretan; eta, beharbada, zailduago. Une hobeak eta apalagoak ditu, baina lanak gozamena eskaintzen die ikusleei, hasieratik bukaerara.
Txarrena: Tarantinok esan izan du 10 film zuzendu ostean utziko diola pelikulak egiteari. Bada, honako hau bederatzigarrena du. Jango ahal du hitza!
Eñaut Mitxelena

Toy Story 4

toystory

Zuzendaria: Josh Cooley. Gidoia: Andrew Stanton, Stephany Folsom. Animazioa. AEB, 2019.

Istorioa: Woody jostailuzko cowboyak argi izan du beti bere betebeharra: jabe duen haurra zaintzea, hura edozein izanda ere. Egun, Bonnie izeneko neskato bat da Woodyren eta haren lagun jostailuen jabea. Bonniek eskuz egindako Forky jostailua gehituko zaio taldeari, eta, hura babesteko gorabeherak tarteko, munduak jostailu bati zenbat aukera eskaintzen dizkion ikasiko du Woodyk.
Tetralogia: John Lasseterrek zuzendua, 1995ean estreinatu zuten Toy Story, Pixar animazio estudioaren estreinako film luzea. Ordutik, lan gogoangarri bezain ederrak eman dizkigu estudioak, tartean Toy Storyren bigarren eta hirugarren zatiak. 2010ean Toy Story 3 estreinatu ostean, bazirudien Woodyren eta enparauen abenturak hortxe amaituko zirela. Alta, trilogia tetralogia bilakatu da... zorionez, aurrekoen mailari eusten baitio honek ere.
Onena: Forma aldetik, aparta da, ikusgarria. Gainera, Woody, Buzz Lightyear, Rex, Potato jaun-andreak... jostailu kuadrillak sasoi onean jarraitzen du, beti bezain bizi eta dibertigarri. Konpromisoa, kidetasuna, sakrifizioa... gai ezagun eta unibertsalak lantzen ditu filmak, ahoan irribarrea marrazten digun bitartean. Ustez haurrentzako lana da, baina helduontzat ere gozagarri.
Eñaut Mitxelena

Doubles vies

dobles

Zuzendaria: Olivier Assayas. Gidoia: Olivier Assayas. Aktoreak: Guillaume Canet, Juliette Binoche, Vincent Macaigne, Nora Hamzawi, Christa Theret. Frantzia, 2018.

Istorioa: Parisko argitaletxe bateko editorea da Alain. Leonard, idazlea. Selena, Alainen emaztea, lanean ez atzera ez aurrera dagoela uste duen aktorea. Valerie, Leonarden bikotekidea, politikari baten aholkulari lanpetua. Haien arteko harremanei erreparatuta, protagonisten kezkak eta korapiloak azaleratuko dira: helduaroaren krisia, mundu digitalaren eragina...
Onena: Etxean, lanean, tabernan, ohean... etengabeko hizketan aritzen dira protagonistak, gaur egungo gizartean puri-purian diren gaiak aletzen, ezezaguna den etorkizunaren itzalpean. Teknologiek iraulitako (edo iraultzen ari diren) munduan, aldaketak dakartzan zalantzak, galderak, ziurtasun edota sasiziurtasunak mahai gainean jarriko dituzte, gai jasoek eta portaera lurtarrek bat egiten duten bidean, liburugintzaren arloan hasi eta norbanako bakoitzaren baitan murgildu arte. Egiak eta gezurrak, gezurrak eta egiak; finean, hitzak, hitzak eta hitzak, ikuslea galderez bete eta erantzunak bilatzera bultzatuko dutenak. Aspertzen ez duten hitz-aspertuak, modu atseginean emanak, komedia arinaren estalkipean eta aktore taldearen lan egokiak lagunduta, Assayas zailduaren eskutik.
Eñaut Mitxelena

The Sisters Brothers

sisters

Zuzendaria: Jacques Audiard. Gidoia: Jacques Audiard, Thomas Bidegain. Aktoreak: Joaquin Phoenix, John C. Reilly, Jake Gyllenhaal, Riz Ahmed. Frantzia- AEB- Espainia- Errumania, 2018.

Istorioa: XIX. mendearen erdialdean, AEBetako Mendebalde urrunean, Eli eta Charlie Sisters anaiak soldatapeko hiltzaileak dira. Eraginkorrak dira; halere, Elik zalantzak ditu bere “lanaren” inguruan. Charlie, aldiz, hiltzaile petoa da, eskrupulurik gabea. Komodoro esaten dioten handikiaren esanetara aritzen dira, eta hark lan bat aginduko die.
Onena: Tiroketak, paisaia zabalak (zenbait Urbasan errodatuak), urrearen sukarra, mundu basaren eta zibilizatuaren arteko talka... generoaren ohiko ezaugarriak ditu filmak, baina western klasikoen kutsutik harago joan da Audiard, topiko asko alde batera utzita. Protagonista nagusiak horren erakusle: pertsonaia arketipikoak diruditenak biluzi egiten dizkigu, haien gatazka, desio, mamu eta bestelakoak, finean, haien gizatasuna, modu ederrean agerian utzita. Aktoreen lanak ere zerikusia du horretan, batez ere  John C. Reillyrenak.
Txarrena: Westerna aspaldi hil zenaren ustea. Hilotza izateko, ederki dabil trostan AEBetako zinema genero bereizgarriena, oraingoan europar batek Europan egindako lan bikainari esker. Tantaka bada ere, jarrai dezala itoginaren jarioak, halako maila badu, bederen.
Eñaut Mitxelena

The Mule

mule

Zuzendaria: Clint Eastwood. Gidoia: Nick Schenk (Sam Dolnicken artikulu batean oinarrituta). Aktoreak: Clint Eastwood, Bradley Cooper, Dianne Wiest, Michael Peña, Taissa Farmiga. AEB, 2018.

Istorioa: Earl Stone ia 90 urteko lorezainaren negozioak porrot egin du. Negozioa galduta, eskaintza ustez erraza jasoko du: bere autoa gidatu besterik ez, dirua irabazteko. Ezer jakin gabe, mexikar narkotrafikatzaileen kartel baterako hasiko da lanean, kokaina garraiatzen. Benetako kasu batean oinarritua dago.
Zuzendaria: Gran Torino (2008) egin zuenetik, film batean aldi berean zuzendari eta aktore aritu gabea zen Eastwood, bitartean filmak zuzentzen eta ekoizten jarraitu duen arren, eta batean aktore lana egin zuen. 88 urte ditu Eastwoodek, eta nekez irudika dezakegu zuzendari eta aktore protagonistaren lanak berriro batera hartzen maisulan gogoangarrien egile orain arte nekaezina.
Onena: Gran Torino dakar gogora The Mule-k, nahiz eta aldeak izan; ez du Gran Torino-ren mailarik, inolaz ere. Kulpa, erredentzioa, familia... Eastwooden filmografian ohikoak diren gaiak dakarzkigute Stone zaharraren ibiliek, Hollywoodeko azken klasikotzat jotzen den egilearen eskarmentuarekin. Soseguz, iaio, eraginkor.
Txarrena: Ez du kale egiten, baina ez da apartekoa.
Eñaut Mitxelena