Euskaraz jolasteko aukera AEK-ko Gurasolagunentzat

familiaEuskaraz jolasteko aukera AEK-ko Gurasolagunentzat

AEKren Praktika Zerbitzuak eta Urtxintxa Eskolak Familian euskaraz jolasean egitasmoa elkarlanean abiatu dute familian euskararen transmisioan eragiteko. Martxoa eta abendua bitartean gutxienez 20 aldiz eskainiko da tailerra. Urtxintxa Eskolak prestatuta. Egitasmo honen bidez, AEK-ko Gurasolagun taldeetako familiak (gurasoak eta umeak) elkarrekin jarriko dituzte euskaraz olgetan.
Helburua da jasotzaileek euskaraz jolasteko baliabideak eskuratzea egunerokotasunean erabiltzeko, eta familia barneko eta familien arteko euskarazko harremana indartzea. Baita herri eta hirietan euskara kalera ateratzea ere.
Ordu eta erdiko saio ludikoak izango dira, hizkuntza gozamenaren bidez eta presiorik gabe lantzeko. Denetariko jolasak probatuko dituzte: esku-jolasak, bikoteka edo taldeka egitekoak, kulunkatzeko jolasak, korrukoak, konfiantza-jolasak, kooperatiboak, betikoak (sokadantza, goma, zibak...), abestiak eta dantzak...

Nafarroako AEK eta IKAren euskaltegiak, aurrera

nafarroaNafarroako AEK eta IKAren euskaltegiak, aurrera

Martxoaren 12an izango da hurrengo elkarretaratzea, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Nafarroako AEK eta IKAren euskaltegiek deituta. Otsailaren 19an hasi ondoren, mobilizazio iraunkorra jarri dute abian, Gobernuak gutxienez zuzeneko eskaera bati erantzun arte: martxoaren 31 baino lehen diru-laguntzen deialdia indarrean jartzea, maiatzerako, beranduenez, euskaltegiei dagokien partida beraien esku egon dadin. Izan ere, Nafarroako Gobernuko 2013 zein 2014ko aurrekontuetan euskaltegietako partidak ebatzi arren, 2012ko urritik Euskarabideak ez du inolako dirurik banatu euskaltegien artean.
Bestalde, agerraldiak erabiliko dituzte euskaltegiek egiten duten lana publikoki erakusteko. Berrogei urte daramatzate milaka herritar helduren euskalduntze prozesua aurrera eramaten, Nafarroa osoan zerbitzu publikoa eskaintzen. Eta une honetan, Nafarroako 70 auzo eta herritan ari dira lanean, “administrazioak betetzen ez duen eginkizuna bermatzen”.

Esaera Zaharren XXI. Txapelketa Sopelan

esaerakEsaera Zaharren XXI. Txapelketa Sopelan

Hil honen bukaeran, martxoaren 29an, egingo dute Sopelan dagoeneko tradizio handia duen esaera zaharren txapelketa. Parte hartu nahi dutenek 2-4 kideko taldeak osatu eta martxoaren 24a baino lehen eman beharko dute izena. Talde bakoitzak 10 € ordaindu behar ditu inskripzio gisa; eta bazkarirako, 20 € pertsonako.
Ohi bezala, txapelketak bi saio izango ditu. Goizeko hamaiketan hasiko dira herrian zehar egingo diren kanporaketak; eta arratsaldeko finala Ander Deuna ikastolan jokatuko da. Parte-hartzaileek Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta bertsolariek botatako bertsoak baliatu beharko dituzte, ikasita edukiko dituzten 100en artean, zein aipatzen atsotitz duten asmatzeko. AEKren www.aek.org webgunean daude ikusgai esaera zahar horiek.
Izena Sopelako Lauaxeta AEKn eman behar da, telefonoz deituta (618 574 445 / 695 774 015) edo posta elektronikoz
(E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. / E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ). Komeni da animatzea, sariak politak baitira: talde irabazlearentzat, asteburuko egonaldia landetxe batean lau pertsonentzat; eta bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatutako talde bakoitzak lau lagunentzako afaria irabaziko du.