Giza eskubideak

uraEgunero, 1.400 haur hiltzen dira edateko ur faltagatik

Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak datu gordinak ezagutarazi ditu. Hala, Unicefek eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) eginiko kalkuluen arabera, munduan, 2013an, 768 milioi lagunek ez zuten edateko ura lortzeko modurik. Horren ondorioz, milaka haur hiltzen dira urtero, gehienak txiroak. Horrenbestez, Unicefek salatu duenez, egunero bost urtetik beherako 1.400 haur hiltzen dira edateko uraren eta saneamendu sare egokien faltak eragindako gaixotasunengatik. Hamar herrialdetan aurkitzen dira ur iturri egokirik ez duten populazioaren bi herenak: Txinan (108 milioi), Indian (99 milioi), Nigerian (63 milioi), Etiopian (43 milioi), Indonesian (39 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoan (37 milioi), Bangladeshen (26 milioi), Tanzanian (22 milioi), Kenyan (16 milioi) eta Pakistanen (16 milioi). Mundu baketsuago, oparoago eta bidezkoagoa lortzeko Nazio Batuek ezarritako Milurteko Garapen Helburuek uraren afera ere aipatzen dute. Ildo horretan, 2010ean xedeetako bat lortu zen: munduko biztanleen % 89k edateko ura lortzeko aukera egokiak izatea. Halaber, urte berean, edateko uraren eskuragarritasuna eta saneamendu sarea egokiak izatea giza eskubidea dela adierazi zuen. Haatik, beste hainbat giza eskubideren antzera, urruti dago erabat betetzetik. Unicefeko nazioarteko ur programez arduratzen den Sanjay Wijesekerak esan duen moduan, “haur, emakume eta gizon guztiek edateko ura lortzeko sarbideak eta saneamendu azpiegiturak lortu arte, munduak ez luke atsedenik hartu behar, giza eskubidea delako”. Hala bedi!

Nazioartea

karibeEsklabotzagatik ordaina nahi dute Karibeko herrialdeek

Eskualdearen egungo egoera ekonomiko eta sozial kaskarraren jatorria delakoan, kolonizazio garaiko esklabotzarengatik ordaina eskatuko diete Karibeko herrialdeek Europako bost herrialderi. Zehazki, Caricom Karibeko Estatuen Batasunak bost kolonizatzaile ohiri egingo die eskaera: Erresuma Batuari, Espainiari, Frantziari, Herbehereei eta Portugali. Berez, bost herrialde horien aurkako auzibidea hastea iaz erabaki zuten Caricomeko kideek, baina martxoan eman dute urratsik sendoena. Hala, hamar puntuko agiria onartu dute, eta, berau oinarri, ekainean hasiko dituzte negoziazioak kolonizatzaile ohiekin. Caricomen akordioak hainbat eskaera jaso ditu, besteak beste: barkamen eskaera publikoa egitea, Karibeko herrialdeek dituzten zorrak bertan behera uztea edota Europako herrialdeek Karibearen garapenerako inbertsioak egitea. Printzipioz, ekaineko negoziazioetan landuko dute gaia kolonizatzaile ohiekin, eta ondoren egingo dute Caricomeko herrialdeek euren eskari formala. Horretarako, dagoeneko hasi dira lanean nazioarteko auzitegietan ordezkatuko dituen abokatu enpresa batekin. Ikusi beharko da zertan geratzen den Karibeko herrialdeen eskaria, eta, batez ere, zein izango den kolonizatzaile ohien erantzuna. Egindako kaltea konponezina bada ere, hiru mendez esklaboen kontura lotsagabeki eta modu anker eta bihotz-gabean aberastu ziren herrialdeek zuzenduko al dute iraganean eginikoa?

Erresuma Batua

urtxintxaKatagorri grisari jazarpen gehiagorik ez

Urte askoz katagorri grisaren (Sciurus carolinensis) aurka borrokan aritu ostean, amore eman dute Erresuma Batuko agintariek: aurrerantzean ez dute urtxintxa grisaren kontra egingo. Berez, Erresuma Batuan espezie inbaditzailea da katagorri grisa. XIX. mendean ekarri zuten AEBetatik eta, ordutik, izugarri zabaldu da, bertako katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) kaltetan. Izan ere, lehiakide gogorra baita urtxintxa grisa: katagorri arruntek ez bezala, lurrean topaturiko elikagaiak ere jaten dituzte, eta ezkurrak digeritzeko gai dira. Hori gutxi balitz, urtxintxa arruntentzat hilgarria den birusa ere kutsatzen diete. Hori dela eta, batzuen populazioak gora egin ahala, besteenak nabarmen egin du behera azken hamarraldiotan: azken kalkuluen arabera, 30.000 urtxintxa arrunt inguru bizi dira Erresuma Batuan, eta ia 3 milioi katagorri gris. Egoera horri aurre egin nahian, aspaldi hasi ziren neurriak hartzen agintari britainiarrak. Hala,1937an onarturiko lege baten ondorioz, britainiar oro urtxintxa grisen presentzia salatzera behartuta dago, euren lurretan halakorik ikusiz gero. Era berean, beste zenbait legeren arabera, harrapaturiko katagorri grisak askatzen dituztenek isunak eta zigorrak jaso ditzakete. Haatik, neurri horiek guztiek ez dute ezertarako balio izan, urtxintxa grisak ugaritzen jarraitu baitu. Ondorioz, haien kontrako borroka ez dela bideragarria erabaki eta bertan behera utzi dute agintariek.

EHE

ehe‘Euskaraz Bizi’ Egunak jaia eta Aldarrikapena eramango ditu Gasteizera

“Euskaldun eta euskaltzale oro euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko apustuan sakontzeko”, egitarau zabaleko eguna burutuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek Gasteizen apirilaren 5ean, V. Euskaraz Bizi Egunean. Egun osoz, Ez gara espaloitik jaitsiko! leloa ardatz, hainbat ekitaldi izango dira Gasteizko hirigunean, hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean garaturiko lanari esker. 11:00etan, Porrotx pailazoak emango dio hasiera egunari, Matxete plazan txupinazoa botata.  14:30ean, herri bazkari erraldoia eginen dute Landatxon, animazio eta guzti. Arratsaldean, nazio manifestazioa egingo dute Gasteizko kaleetan barrena, 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Azkenik, 20:00etatik aurrera, Dantza Plaza, Tximeleta eta Gose taldeek kontzertua eskainiko dute Landatxon. Nolanahi ere, ekitaldi horiez gain, beste hainbat jarduera eta ekintza izango dira egun osoan: kale animazioa, herri kirol erakustaldiak, artisauen azoka, haurrentzako jolas eta tailerrak, erakusketak, eskalada topaketak, akelarrea... Denak ere mezu argia ezagutarazteko xedearen bueltan:  “Norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugula Euskaraz Bizi Eguna”. Zentzu horretan, iazko edizioko leloari (Ez zaitez espaloitik jaitsi!) jarraipena eman nahi izan diote aurten, Ez gara espaloitik jaitsiko! bihurtuta. Hala, apirilaren 5ean, Gasteizeko espaloiak izango dira aldarri horren lekuko.

Kultura

irudimenaAstindu irudimena!

Laugarrenez, Irudimena! lehiaketa antolatu dute Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Azkue Fundazioak, euskaldunon artean sormena bultzatzeko asmoz. Horretarako, antolatzaileek ondoko erronka paratu diete parte-hartzaileei: Euskal Herriko Soinu Mapa egitasmotik (www.soinumapa.net) ateratako bederatzi soinuen artean bat aukeratu eta, soinu hori oinarri, sormen lan bat osatzea. Lan hori hiru motakoa izan daiteke: euskarazko testua (edozein generotakoa), soinu berria (edozein motatakoa) edota irudia (argazkia, marrazkia...). Lehiaketa martxoan abiarazi zuten, eta maiatzaren 16ra arteko epea izango da lanak aurkezteko. Jasotako lan guztien artean, sei lan sarituko dituzte guztira. Hau da, kategoria bakoitzeko bina lanek jasoko dute saria. Lanak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera bidali behar dira, edota www.irudimena.com webguneak eskaintzen duen bidea jarraituta igorri antolatzaileei. Hain zuzen ere, gune horretan ageri dira lehiaketari buruzko xehetasun guztiak.