Euskara

tolosaTolosan egingo da lehen Udalerri Euskaldunen Eguna

Udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten rol garrantzitsua lau haizetara zabaltzeko xedez, lehenengoz egingo da Tolosan ekainaren 14an Udalerri Euskaldunen Eguna. Udalerri Euskaldunen Egunak orain arte UEMA Eguna izenez ezaguturiko ospakizuna ordeztuko du. Izan ere, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak erabakia hartu du, izena ez ezik, UEMA Egunaren izaera ere aldatzeko, herri euskaldunen arteko elkarlana zabaldu nahian. Herri euskaldunak euskararen normalizaziorako ezinbesteko elementu diren heinean, berauek sendotzeko helburua izango du aipatu egun bereziak. Horretarako, udalerriak bihurtuko dira protagonista. Halaber, herri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoari erantzuteko elkarlan zabalagoa egituratu beharra ere aldarrikatuko dute. Aurkezpenaren egunean Maren Belastegi UEMAren lehendakariak aipatu zuen moduan, “goi administrazioa, udalak, euskalgintza, eragile sozialak, herritarrak... guztien ekarpena izango da behar-beharrezkoa euskararen normalizaziorako”. Horrenbestez, ekainaren 14an, hainbat ekitaldi izango dira Tolosan. Dena den, aurretik ere, zenbait hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte Tolosan zein Villabonan. Informazio gehiago www.uema.org gunean.

UEU

ueu42. ekitaldian, 42 ikastaro

Udako Euskal Unibertsitateak prest du 42. Udako Ikastaroen aurtengo eskaintza. #saretu lelopean, 42 ikastaro antolatu ditu. Horietatik 26 Eibarren izango dira, UEUren Ikastetxe Nagusian; 8 Baionan, AEKren egoitzan; eta beste 8ak Iruñean, Jaso ikastolan. Hiru formatuko ikastaroak izango dira: espezializatuak, dibulgaziokoak eta garapen pertsonalekoak. Batzuetan zein besteetan parte hartu nahi dutenek hainbat laguntza eskuratzeko aukera izango dute. Besteak beste, ikasle, langabe eta erretiratuek beherapenak lor ditzakete matrikulan, eta zenbait erakunderen laguntzak eskuratzeko aukera ere bada. Bai laguntza horien berri jasotzeko, bai 42 ikastaroen edukia zehaztasun osoz ezagutzeko, bai ikastaroetan izena emateko, www.ueu.org webgunera jo besterik ez dago.

Gizakia

oinezOinez ibiltzeak sormena areagotzen du

Sormena landu behar bada, hobe oinez egitea eserita baino. Hau da, gizakiok sortzaileagoak gara oinez gabiltzanean, jesarrita gaudenean baino. Hala ondorioztatu dute Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) eta Santa Clarako Unibertsitateko (AEB) hainbat adituk, 40 laguni zenbait proba egin ostean. Zehazki, probak egin zituztenen % 81ek, gutxienez, sormen handiagoa erakutsi zuten oinez ibiltzeko zinta baten gainean. Are, beste bi probetan, portzentajeak % 88ra eta % 100era igo ziren, beti ere eserita egindako probekin alderatuz gero. Probak sinpleak izan ziren: lagun bakoitzari hainbat objektu arrunt (ileak kentzeko pintzak, botoi bat, panpina baten begia...) eman zizkioten, eta objektuei bestelako erabilerak emateko eskatu. Horretarako, zortzi minutuko tartea izan zuten. Lau jarrita zeuden, eta beste lau oinez zebiltzan. Hiru proben ostean, aldea nabarmena izan zen, arestian aipatu bezala, oinez sormen handiagoa azaldu zutelako ia denek. Jakina, probak zalantza ugari piz ditzake. Esaterako, boluntario bakoitzaren izaerak eragin handia izan baitezake. Hori saihesteko, eserita eginiko probak errepikatu zizkieten, baina sormenak ez zuen hobekuntzarik izan. Era berean, “erantzun sortzaileak” zein izan daitezkeen erabakitzeak eztabaida eragin dezake, aukerak ugariak izan baitaitezke. Ikerlariek azaldu dutenez, “erantzun egoki eta originalak” hartu zituzten sortzailetzat. Horiek guztiak aintzat hartuta eta emaitzak aztertu ostean, bi arrazoi nagusi aipatu dituzte ikerlariek oinez ibiltzearen ondorio “sortzaileak” azaltzeko. Batetik, oinez ibiltzean boluntarioek gehiago hitz egiten zutela. Bestetik, ideiak errazago lotzen zituztela “ibiltariek”. Gainera, ikertzaileek jakinarazi dutenez, behin ibiltzeari utzita ere, oinez ibiltzeak sormenean izandako eraginak iraun egiten omen du. Serio hartu beharreko ikerketa ote ala sedentarismoaren aurkako kanpaina ezkutua? Tipi-tapa hasi beharko, erantzunaren bila...

Unibertsitatea

harvardZintzo jokatuko dutela promestu beharko dute Harvardeko ikasleek

Datorren ikasturtetik aurrera, Harvardeko Unibertsitate entzutetsuko (Cambridge, Massachusetts, AEB) ikasleek promes berezia egin beharko dute jendaurrean. Zehazki, azterketetan eta bestelako lanetan tranparik ez dutela egingo hitzeman beharko dute. Alegia, zin egin beharko dute ez dutela azterketarik kopiatuko, eta zintzotasun osoz jardungo dutela. Hala, Unibertsitateak ezarritako ohorezko kodea bete beharko dute ikasleek. Harvardeko Unibertsitatean lehen aldiz ezarriko dute halako neurria, baina AEBetako beste zenbait unibertsitatetan aspalditik dira indarrean. Harvardeko arduradunek, aldiz, orain hartu dute erabakia, 2012an gertaturiko eskandalu bat tarteko. Izan ere, 2013an 60 ikasle zigortu zituzten Harvarden, aurreko ikasturte amaierako azterketa batean tranpa egin zutelakoan. Antza, ikasgai bateko azken azterketan, 125 ikasletik 60k oso erantzun antzekoak idatzi zituzten. Gertakaria ikertu eta ikasleak azpijokoan ibili zirela frogatu zuten. Eta, jakina, hain ospe handiko unibertsitatean gertatu zenez, oihartzun handia izan zuen eskandaluak. Orain, ikasleei promes eginarazita, halakoak saihestuko direla uste dute Harvardeko arduradunek  (antza, promesak askotan haizeak eramaten dituela ahaztu dute). Datorren ikasturtetik aurrera ikusiko da Harvardeko ikasleak hitzekoak diren ala ez. Zaila dirudi.

Bertsolaritza

bertsoTxapelketa Nagusiko uzta liburu eta diskoan jaso Dute

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak emandakoak bildu eta kaleratu ditu Bertsozale Elkarteak. Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 izenburupean, txapelketako bertsoak, kronikak, argazkiak eta adituen iritziak jaso ditu liburuan;  diskoan, berriz, liburuko bertsoak daude entzungai, mp3 formatuan. Bertsozale Elkarteak ezarritako irizpideei jarraiki, bertsolari guztien bertsoak ipini dituzte, ariketa eta saio guztietakoak. Saio bakoitzeko 10-11 bertsoaldi eta finala oso-osorik bildu dituzte liburuan eta diskoan. Era berean, Mintzola Fundazioan lanean ari diren hainbat ikerlariren iritziak ere jaso dituzte. Besteren artean, Xabier Paia, Teresa Del Valle, EHUko IXA taldea eta Jone Miren Hernandezenak. Halaber, Xabier Sukiak, Gorka Azkaratek, Joserra Gartziak, Arkaitz Goikoetxeak eta Andoni Egañak bertsogintza ikuspegia aztertu dute; eta Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik txapelketan erabilitako doinuen azterketa egin dute. Hala, sei doinu berri identifikatu eta doinutegian txertatu dituzte. Liburua ohiko liburu-dendetan dago salgai, 20 euroan. www.lanku.com gunean ere eskura daiteke.