Tarantino

tarantinoKasketaren ondoren, berriz ere lanean

Iragan urtarrilean jakinarazi zuenez, Quentin Tarantino zinema zuzendariak bertan behera utzi zuen bere hurrengo filma, The Hateful Eight izeneko western-a, zuzentzeko asmoa. Norbaitek filmaren gidoia ezkutuan plazaratu zuela-eta haserre, uko egin zion egitasmoari. Alabaina, berriki jakin denez, Tarantinok aurrera jarraitu du filma egiteko lanean. Hala, iragan apirilean bere aurreko filmetan parte hartu izan duten hainbat aktorerekin (Samuel L. Jackson, Tim Roth, Michael Madsen...) bildu zen zuzendaria zenbait egunez, gidoia irakurri eta lantzeko. Gainera, Tarantinok berak iragarri zuenez, filma egiteko lanek aurrera darraite. Zuzendariaren hitzetan, urtarrilean filtraturiko gidoia lehen zirriborroa besterik ez zen, “eta, gutxienez, beste bi bertsio izango dira”. Nolanahi ere, filma pantaila handira ailegatutakoan inor gutxi akordatuko da gidoiaren lehen, bigarren edota enegarren zirriborroaz... baldin eta zuzendariaren beste kasketaldi batek ez badu egitasmoa berriro ere zapuzten!

Zinema

gooniesThe Goonies filmak ondorena izango du

80ko hamarkadan gaztetxoak eta ez hain gaztetxoak zirenek ondo gogoan izango dute The Goonies filma (Richard Donner, 1985). Gaztetxo talde batek piraten altxor baten bila bizitako abenturak kontatzen zituen filmak, eta sekulako arrakasta izan zuen, baita arrasto nabarmena utzi ere, kultuko pelikulatzat jotzen baitute askok eta askok. Bada, duela gutxi filmaren zuzendari Richard Donnerrek jakinarazi duenez, filmaren ondorena prestatzen ari da, lehen lanean ekoizle eta gidoilari izan zen Steven Spielbergekin batera. Ez da filmari jarraipena emateko egin den lehen saiakera. Donnerrek berak aitortu duenez, Spielbergekin askotan saiatu izan da bigarren zatia prestatzen. Haatik, beti ematen zuten amore, jatorrizko lanaren mailara heltzea ezinezkoa zitzaielakoan. Oraingoan, baina, serio ekin diote filmaren bigarren zatiari. Hala dio, behintzat, Donnerrek TMZ atarian sareratutako elkarrizketa labur batean. Hori bai, bestelako xehetasunik ez du jakinarazi. Dena dela, jatorrizko laneko aktore taldeak parte hartuko omen du filmean, Goonien abenturak biziberritzeko prest agertu izan baitira askotan. Nola agertuko diren beste kontu bat izango da, ez dira izango-eta gaztetxo plantak egiteko moduan...

Musika

gagaOzzy Osbourne eta Lady Gaga, abestean gutxien ulertzen zaien musikariak

Belarri aski fina behar da Ozzy Osbourne, Lady Gaga, Jimi Hendrix edota Princen abestiak ulertzeko. Hala pentsatu beharko, bederen, Blinkbox Music musika plataformak 2.000 erabiltzaileri egindako inkestari erreparatuz gero. Kantatzean gutxien ulertzen zaien musikariei buruz itaundu diete erabiltzaile horiei guztiei, eta, besteak beste, arestian aipatu musikariak ageri dira “ulertezinen” zerrendan. Guztien buru, Ozzy Osbourne: erabiltzaileen % 28k aipatu dute musikari britainiarra. Jarraian datoz Lady Gaga (% 22), Shaggy (% 22), Sean Paul (% 14), Jay Z (%14), Rihanna (% 14), Miley Cyrus (% 13), Jimi Hendrix (% 10), Prince (% 9) eta Bob Dylan (% 8). Musikariei buruz ez ezik, gaizki ulertzen diren kantuen letrei buruz ere galdetu diete erabiltzaileei. Kasu honetan, ABBA taldearen Dancing queen abestiak lortu du lehen postua, erantzunen % 22 jasota. Ondoren, beste kantu hauek osatu dute zerrenda: Queenen We will rock you (% 18), Bon Joviren Living on a prayer , Madonnaren Like a virgin, The Monkeesen I'm a believer, Johnny Nashen I can see clearly now, Rihannaren We found love, Jimi Hendrixen Purple haze, Spice Girlsen Wannabe eta Starshipen We built this city (% 8). Jakina, inkesta entzule anglosaxoien artean egin denez, ingelesezko musika da jaun eta jabe emaitzetan. Alta, euskaldunon artean egingo bagenu, zeintzuk izango lirateke aukeratuak?

Euskara

Euskararen argi-ilunak azaleratu ditu V. Mapa Soziolinguistikoak

Eusko Jaurlaritzak berriki aurkeztu ditu bost urtetik behin egin ohi duen mapa soziolinguistikoaren emaitzak, eta agerian geratu dira horiek eragindako gazi-gozoak. Izan ere, 2011ko datuak aintzat hartzen dituen V. Mapa Soziologikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak izandako bilakaera ona izan da arlo batzuetan, baina ez beste batzuetan. Hala, esaterako, euskararen ezagutza mailak gora egin du azken urteotan EAEn: egun, herritarren % 36,4k ongi dakite euskaraz; duela 30 urte, portzentajea % 22koa zen. Gainera, euskaraz batere ez zekitenen kopuruak ere nabarmen egin du behera: egun, % 44 dira erdaldun hutsak; duela 30 urte,herritarren 2/3 ziren. Gazteen artean ere gorakada nabarmena antzeman dute. 20 urtetik beherakoen artean, % 70 baino gehiago dira euskaldunak, eta 30 urte atzera, berriz, % 20ra ere ez ziren iristen. Bestalde, euskaldunen % 57,8 euskaldun zaharrak dira eta gainontzekoak (% 42,2) euskaldun berriak. Erabilerari dagokionez, ordea, datuak ezkorragoak dira. 1991tik 15 urtetik gorako herritarren euskararen erabilerak 7 puntu gora egin badu ere, igoera hori eremu formalean gertatu da, batez ere. Hots, lan munduan, erakundeetan, osasun zerbitzuetan eta abarrean. Eremu ez formalean, aldiz, behera egin du: 1991n, % 21,8k erabiltzen zuten etxean euskara gaztelania adina, edo gehiago, baina 2011n % 20,8ra jaitsi zen. Beraz, ezagutzan gora egin den arren, horrek ez du zuzeneko eraginik izan etxeko erabileran. Gainera, ikerketaren arabera, jatorrizko elebidunen eta euskaldun berrien artean gero eta gehiagok erabiltzen dute euskara etxean, euskaldun zaharrek ez bezala. Azken horien artean, euskararen etxeko erabilerak behera egin du. Bistakoa denez,  badaukagu zer landu...

Animaliak

oreinakGerra Hotzaren garaiko mugak errespetatzen dituzte oreinek

Herrialde kapitalisten eta komunisten arteko Gerra Hotza deritzona aspaldi amaitu bazen ere, Alemaniako eta Txekiar Errepublikako zenbait eremutako oreinek oraindik ere garai hartako mugak errespetatzen dituzte. Hala ondorioztatu dute herrialde horietako hainbat ikerlarik bi herrialdeen arteko mugako eskualdeetan bizi diren oreinen portaera aztertu ostean. Zazpi urtez, mugaren alde bateko eta besteko 300 orein ingururen mugimenduak behatu dituzte ikerlariek, animaliei ipinitako GPS gailuen bidez. Emaitzetan ikusi dutenez, alde bateko zein besteko oreinak ez dira elkarrekin nahasten, ez dutelako zeharkatzen bi herrialdeen arteko muga. Gerra Hotzak iraun zuen bitartean, bi herrialdeen arteko muga oso zaindua izan zen. Soldadu eta polizien zaintzak ez ezik, elektrifikaturiko hiru hesik ere bereizten zituen bi herrialdeak. Zientzialarien ustez, garai hartan ikasitako jokabidea mantentzen dute egun oreinek. Alegia, orein kumeek euren amengandik ikasten dute muga eremu horretara ez gerturatzen. Berez, zonalde horretan bizi diren egungo oreinek ez dute Gerra Hotza ezagutu, ezta, beraz, bi herrialdeen arteko muga zeharkatzeko oztoporik ere. Haatik, Gerra Hotzaren garaian oreinek ikasitakoa belaunaldiz belaunaldi iragan da eta oraindik ere uzkur ageri dira bere garaian hain muga zaindua izandako esparrua zeharkatzeko.