Euskara

kilometroakUrriaren 5ean, Kilometroak Orion

Tolosako Laskurain ikastolaren lekukoari segida emanez, Orioko Herri Ikastolaren antolakuntzapean egingo da 2014ko Kilometroak urriaren 5ean. Oriok bigarren aldiz jasoko du Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, duela 10 urte ere ospatu baitzuten Kilometroak jaia. Orduko hartan, zarauztarrekin batera antolatu zuten. Aurten, aldiz, Orioko Herri Ikastolako kideak eta oriotarrak izango dira antolatzaileak. Jaiak hainbat helburu izango ditu: batetik, DBHko eraikinaren hipoteka estaltzea, aurrerantzean hezkuntza arloan inbertitzen hasi ahal izateko; horrekin batera, hezkuntza komunitatearen eta herritarren partaidetza eta elkarlana sustatzea, eta jaia ahalik eta modurik jasangarrienean antolatzea; halaber, Kilometroak-en “esentziara” itzuli nahi dutenez, ibilbidea indartuko dute, jaiaren egunean kultur eskaintza ibiltaria sendotuta. Hala, urriaren 5ean Oriora hurbiltzen direnek egitarau zabala izango dute eskura, zirkuituan zehar prestaturiko guneetan ez ezik, ibilbidean bertan ere. Hori bai, dela guneetan, dela ibilbidean, Erria txikota! oihua ere makina bat aldiz entzungo dute, Orion eta kostaldeko herri arrantzaleetan erabiltzen den esaera izango baita aurtengo jaiaren leloa. Arrantzaleek itsasora abiatu aurretik lehorrean denari laguntza eskatzeko erabiltzen dute esaera, txikota (itsasontzia kaira lotzeko erabiltzen den soka lodia) mutilotik (soka lotzeko portuko burdin zatia) askatzeko egiten duten oihua. Herri hizkeraren baitako esaera hori lelo gisa baliatuz, auzolanari erreferentzia egiteaz gain, hizkuntza ondareari eta transmisioari ere keinu egin nahi izan diote antolatzaileek.

Teknologia

robotHezur-haragizko ikusleen ordez, errobotak


Ezohiko ikusleak izango ditu aurki Hego Koreako Hanwha Eagles (Hanwha-ko arranoak) beisbol taldeak: errobotak. Taldearen zelaiko zenbait harmailatan errobotak paratzea erabaki dute taldeko arduradunek. Hori bai, errobotok ere etxeko taldearen jarraitzaileak izango dira. Izan ere, zelaira joan ezin diren jarraitzaileek Internet bidez gobernatu ahal izango dituzte. Hala, benetako zaleen antzera, errobotek ere abestu eta oihu egin ahal izango dute. Baita “olatua” deritzona egin ere. Hori gutxi ez eta makinen begitartean jarraitzaileen aurpegia ipintzeko aukera ere izango dute. Azken urteotan ez dabil sasoi onean Hanwha Eagles taldea, porrot ugari jasaten ari baita. Horrenbestez, harmailak berpizteko asmoz erabaki dute jarraitzaile bereziok jartzea, taldeari bultzada emango diotelakoan. Taldearen emaitzek hobera egingo ote duten jakiterik ez dago, baina, zalantzarik gabe, neurriak ondorio on bat izango du, behintzat: hezur-haragizko jarraitzaileekin gerta litekeena saihestuko dute, errobotek ez baitute inoiz zelaia inbadituko.

Palestina

Gazarekiko elkartasunez, Askatasunaren Ontzidia3 berriz itsasoratuko da

Israelek Gazako Zerrendaren4 aurka eginiko erasoaldia dela eta, Askatasunaren Ontzidiaren Koalizioak oldarraldiari modu baketsu eta solidarioan erantzutea erabaki du. Hala, 2010 eta 2011n antolaturiko ontzidien antzera, 2014 amaitu baino lehen Gazara itsasoz ailegatzen saiatuko dira. Nazioartean ahalik eta atxikimendu gehien lortzen saiatuko dira lehenik, eta, ondoren, Israelek Gazari ezarritako blokeoa gainditzeko xedez, Palestinarantz abiatuko da ontzidia. Data zehatzik ez dute jakinarazi, baina, esan bezala, 2014an burutu nahi dute ekimena. Gainera, ontzidia abiatu aitzin, elkartasun ekitaldiak antolatuko dituzte munduko hainbat herrialdetako portuetan. Uda honetako oldarraldia salatzeaz gain, Gazaren blokeoa bertan behera uzteko eskatuko du ekimenak. Helburu hori lortzeko, gainera, iaz abian ipinitako Gaza's Ark kanpainari segida ematen saiatuko dira. Aipatu kanpainaren baitan, arrantza ontzi bat berritu zuten, ondoren Gazan bertan ekoitzitako produktuekin (arropak, nekazaritza-produktuak...) bete eta munduko hainbat herrialdetako erosleei helarazteko. Helburua beteko ote duten ezin jakin, ordea. Batetik, Israelgo itsas armadak ez dielako Gazara ailegatzen utzi aurreko ekimenei. Bestetik, iragan uztailean arrantza ontzi berritua (Gazako Arka izenekoa) bonbardatu zuelako Israelgo armadak. Iritsi ala ez, nazioarteko elkartasunaren erakusgarri eta bideratzaile izango da Askatasunaren Ontzidia izeneko ekimen zibila.

Euskara

oinezZangoza, euskaraz esan eta izateko prest

Hitzordu garrantzitsua izango da Zangozan urriaren 19an, egun horretan egingo baita Nafarroa Oinez jaia. Zangozako ikastolak antolatua, Esan, izan, Zangozan lelopean garatuko da. 1978an sortu zenetik, Zangozako ikastolak hirugarren aldiz antolatuko du Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Aurretik, 1987an eta 1998an antolatu zuten Nafarroa Oinez zangozarrek. Hain juxtu, aurtengo jaiaren helburuek lotura izanen dute lehendik antolaturikoekin. Izan ere, aurreko Nafarroa Oinezekin hasitako eraikina ordaintzeko eskatutako mailegua desagerrarazi nahi dute orain. Horri esker, Zangozako ikastolak bizi duen egoera ekonomiko kaskarrari buelta eman eta proiektua iraunaraztea dute xede. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina egokitu nahi dute, bere eraginkortasun energetikoa hobetze aldera. Era berean, hezkuntza kalitatea hobetzeko egin beharreko inbertsioei ere aurre egin nahi diete. Ekitaldi mordoa lagun (www.nafarroaoinez.net gunean ikus daitezke xehetasun guztiak), horiek guztiak izanen dituzte helburu nagusi urriaren 19an Zangozan, euskaldun eta euskaltzale orori zabalduriko jai erraldoian.

Musika

elektrotxarangaEuskal Herriko elektrotxarangen topagune izango da Bermeo

Musikak eta jai giroak beteko dituzte Bermeoko kale eta enparantzak irailaren 6an, Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Topaketari esker. Bermeoko txosnek eta Gasteizko Ttek kultur elkarteak antolaturiko jaialdian, Euskal Herriko hainbat elektrotxaranga batuko dira. Oraingoz, Gasteizko Ttek!, Azpeitiko Skandalue, Mendaroko Motxaila, Portugaleteko Txarangazo eta Bilboko Orkresta elektrotxarangen parte hartzea ziurtatu dute antolatzaileek, baina ez dute baztertu azken orduan gonbidatu gehiago izatea. Topaketa eguerdian hasiko da, parte hartzaileei harrera eginez. Jarraian, eta herri bazkariaren atari, poteoa egingo dute Orkresta elektrotxaranga lagun dutela. Arratsaldean, “txaranga kirolen” ostean, eguneko hitzordu nagusia egingo da: 19:00etatik aurrera, elektrotxarangak kalez kale abiatuko dira eta, bakoitzak bere bidea eginez, herriko hainbat plazatan joko dute. Ondoren, denak txosnetan batu eta aldi berean abesti bera joko dute, topaketari amaiera ikusgarria emateko. Hori bai, festa giroa ez da orduan amaituko, gauean kontzertua izango baita Tximino taldearen eskutik. Udako jai andana ostean festarako gogo edota indarrik duenak, beraz, badaki nora jo irailaren 6an.