Jendartea

Krisi ekonomikoa dela-eta, suizidioek gora egin dute

krisiErresuma Batuan eginiko ikerketa baten arabera, azken urteotako krisi ekonomikoaren eraginez 10.000 lagunek baino gehiagok egin dute euren buruaz beste Europan, AEBetan eta Kanadan. Oxfordeko Unibertsitateak eta Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolak egin dute ikerketa 24 herrialdetako datuak aztertuz. Emaitzek erakutsi dutenez, krisia hasi zenetik nabarmen igo dira suizidioak herrialde gehienetan. Europan, esaterako, 2007ra arte suizidio kopuruak beheranzko joera izan zuen. Baina 2007tik 2009ra, % 6,5 igo ziren, eta portzentaje berari eutsi zioten 2011ra bitartean. Kanadan ere, antzeko: 2007ra bitarte beheranzko joera izan arren, 2008an aurreko urtean baino 240 suizidio gehiago izan ziren. AEBetan ez zen beheranzko joerarik, baina, krisia hastearekin batera, asko hazi zen bere buruaz beste egin zutenen kopurua: ikerketaren arabera, 4.750 heriotza gehiago izan ziren. Ikerlarien aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak: lanik gabe geratzea, etxea galtzea eta zorrak izatea. Nolanahi ere, joera horri aurre egin ahal zaiola uste dute ikertzaileek, baldin eta arriskuan dagoen jendearen aldeko neurriak hartzen badira. Horren erakusle, hiru herrialde: Suedia, Finlandia eta Austria. Herrialde horietan suizidio kopuruak bere horretan mantendu baitira krisiak iraun bitartean.

Giza eskubideak

50 milioitik gora errefuxiatu daude munduan

refuxGerren eta giza eskubideen urraketen ondorioak geroz eta larriagoak dira munduan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, iaz 51,2 milioi iheslari zeuden munduan. II. Mundu Gerra amaitu zenetik, lehen aldiz igaro da 50 milioi errefuxiatuen kopurua. UNHCR-k emandako datuen arabera, azken urteotan nabarmen egin du gora iheslari kopuruak: 2012tik 2013ra, sei milioi lagunek egin behar izan zuten ihes euren jatorrizko herrialdeetatik. Iaz, aldiz, 10,7 milioi pertsonak. Gerrak ez ezik, amaitu gabeko gatazkak ere badira horren erantzule. Hala, azken urtean, gerra tarteko, 2,5 milioi lagunek egin dute ihes Afganistanetik; Siriatik, berriz, 2,4 milioik; eta Pakistanetik, 1,1 milioi pertsonak. Errefuxiatu gehienak herrialde barneko iheslariak izan dira, 33,3 milioi, zehazki. Kopuruak ezagutaraztearekin batera, herrialde aberastuen eta Europako Batasuneko kideen ardura nabarmendu du UNHCR-k. Izan ere, garapen bidean diren herrialdeek jasotzen dituzte iheslari gehien: errefuxiatuen % 86, hain juxtu. Herrialde aberatsek, ordea, iheslarien % 14 besterik ez. Ondorioz, herrialde aberastuek, eta bereziki Europak, beren erantzukizuna onartu beharra dute, UNHCRen iritziz.

Komunikazioa

Ipar Euskal Herrian, hedabide berria sortzeko egitasmoa abiarazi dute

Ondo bidean, Ipar Euskal Herrian hedabide berria izanen da datorren udazkenean. Iazko abenduan itxitako Euskal Herriko Kazetako langile talde bat hedabide berria sortzeko asmotan baitabil. Dagoeneko lehen urratsak ematen ari da egitasmoa, proiektuaren berri ematen ari baitira Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, jendartearen sostengua lortzeko asmoz. Internet eta papera izango ditu euskarri hedabide berriak eta, Euskal Herriaren izaera aintzat hartuta, lurralde osoko informazioa eskainiko du. Proiektua ezagutarazteko lehen hazia erein dute dagoeneko, hedabideberria.info webgunea sareratuta. Horrez gain, uztailaren 10era bitarte hainbat informazio bilkura eginen dituzte. Hurrengo hitzorduak honakoak izango dira: uztailaren 4an Baionan eta Mugerren, 5ean Bardozen eta Maulen, 7an Izuran, eta 10ean Donapaleun. Arestian aipaturiko webgunean eskura daitezke hedabide berriaren xehetasun guztiak.

Hizkuntzak

Galesaren alde ere, korrika!

AEK-k antolatzen duen Korrikaren eredua pixkanaka zabaltzen ari da munduko hainbat hizkuntza gutxituen artean. Hala, iragan ekainaren 20an, beste “Korrika” bat gehitu zitzaien euskararen, katalanaren, galizieraren, bretoiaren eta Irlandako gaelikoaren alde egiten diren lasterketei: galesaren aldeko Korrika, Ras yr Iaith (http://rasyriaith.org). Oztopo dezenteri aurre egin behar izan diete Ras yr Iaith-en antolatzaileek, baina, traben gainetik, euren hizkuntzaren aldeko lasterketa egin ahal izan zuten. Hori bai, Korrikaren aldean, berezitasun nabarmenak ditu Galeseko lasterketak. Hasteko eta behin, egun bakarrean burutu zuten. Goizean goiz Machynlleth hiriko parlamentutik abiatuta, arratsean Cardiganen amaitu zuten, 22 kilometroko ibilbidean 9 hiritatik pasa ostean. Lehen edizio honen ondoren, galesaren aldeko lasterketa bi urtetik behin antolatzeko asmoa dute antolatzaileek; hortaz, 2016ra arte itxaron beharko dugu hurrengo hitzordura arte. Hura iritsi bitartean, izan bedi aurtengoa 750.000 hiztun inguru dituen hizkuntza gutxitua suspertzeko lagungarri!

Txekia

pragaUstelkeria, turistentzako amu

Bisitari ugari jaso ohi ditu urtero Txekiak, nazioarteko turismoaren norako ezagunenetakoa baita. Haatik, Corrupttour izeneko agentziak ezohiko bisitaldiak eskaintzen dizkie turistei: Pragako eraikin ikusgarri eta auzo ederren ordez, herrialdeko ustelkeria kasu nabarmenen berri emateko txangoak egiten dituzte. Hots, gehiegizko kostua izan duten herrilan eta eraikinak, modu susmagarrian aberastu diren pertsona eta politikarien etxe arranditsuak eta beste erakusten dizkiete. Finean, sozialismotik kapitalismora igarotzean ustelkeriak, faboritismoak eta nepotismoak eragindako gehiegikerien adibide diren lekuak, hainbat motatako bisitaldiak eskainita. Izan ere, asko dute ikusteko. Azken urteotan, ustelkeria kasu mordoa azaleratu dute zenbait epaile, hedabide eta norbanakok. Gainera, Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak ustelkeria aintzat hartuta munduko herrialdeekin urtero egin ohi duen zerrendan ere, okerrera egin du Txekiak pixkanaka: 2006an 46. postuan bazegoen ere, 2013an 57.era jaitsi zen. Dena dela, ustelkeria turistak erakartzeko biska egokia bada, ez dago zertan Txekiaraino joan halako bisitaldiak egiteko, adibide nahikoa eta sobera badira-eta askoz gertuago…