Ikasturte amaierak baditu milaka aurpegi... eta irribarre

bilborockastigarragaEkaina. Ikasturte amaiera. Iragan berri den ikasturteari errepasoa eginez gero, oroitzapen onak izanen dira nagusi, bizipen ugariren topaleku baita euskaltegia. Hala, ikasturteko azken egunak horiek guztiak eta beste ospatzekoak izan ohi dira. Aurten ere, urtero lez, horixe erakutsi digute AEK-ko ikasle eta irakasleek, ikasturtea behar den moduan finitzeko Euskal Herriko hainbat eta hainbat euskaltegitan buruturiko jai eta bestelako ospakizunei erreparatzen badiegu, behitzat. Horren adibide dira orrialde honetan ikus daitezkeen irudiak. Jakina, izandako guztiak ezin orrialde bakarrean bildu, baina izan bitez erakusgarri: urteroko tradizioari eutsita, Bilboko AEK-ko ikasle eta berbalagunek Bilborock aretoan eginiko ikasturte amaierako jaia; Astigarrako AEK-k Hitzkide programako (euskaltegitik kanpo euskararen erabilera bultzatzeko) partaideak omentzeko egindako festa, trikitilari, bideo, bertso, afari eta guzti; VSF-Herrien Bidezko Elikadura elkarteak eta AEKren Praktika Zerbitzuak antolatuta, elikadura burujabetza xede duten esperientziak ezagutu eta jai giroan euskaraz bizitzeko parada eskaini zuen Urduñako Berbalagunen Topaketa; Santurtzitik Sestaora, bertsolari, trikitilari eta orotariko mozorroak lagun, hainbat mintzalagun, piraten antzera, itsasontzi gainean bildu zituen berb@bordaje dibertigarria... Barre adina hitzordu, finean.
Irribarreak eta algarak eskaini zituzten, halaber, Donostiako Irrintzi AEKn eta Goierriko Goiztiri AEKn eginiko sari-banaketek. Donostian, esaterako, Irrintzik antolaturiko II. Euslogan lehiaketako sari-banaketa egin zuten: eusloganeuskaltegiko Lucia eta Libero ikasleek eskuratu zuten labeldun produktuz beteriko saskia, bertoko produktuak sustatzeko asmaturiko leloari esker: Nahi baduzu gozatu, hemengo produktuak dastatu! Ordizian ere umore ona dastatu zuten XXIII. Txiste eta Pasadizo Lehiaketako sari-banaketan. Barrena kultur etxean egindako jaian, Mintzalagunen ikasturte amaierako jaiarekin uztartuta, antzerki emanaldia eta mokadutxoa3 izan zuten bertaratutakoek. Eta, jakina, euren sariak jaso zituzten irabazleek: Idoia Lizarraldek lehen saria, Nagore Etxezarretak bigarrena eta Ordiziako iluntzeko B1 taldeko ikasleek hirugarrena. Hiru txiste irabazleak ezin hemen sartu, baina bat, behintzat, jasoko dugu. Laburrena, bigarren saria jaso zuena:
Nolanahi ere, txisteak irakurtzeko gogoz geratu bazarete, ez kezkatu: 2008tik 2013ra bitarteko txiste saridunak liburuxka batean bildu dituzte Goiztiriko kideek (http://goiztiri.-blogspot.com). Hortaz, heldu barreari, heldu euskarari eta hurrengo ikasturtera arte!




AEKren III. Didaktika Topaketa, probetxuzkoa

didakAEKren III. Didaktika Topaketa, probetxuzkoa

AEK-ko didaktika arduradun Benito Fizek balorazio ona egin du ekainaren 7an Donostiako apaiztegian egin zen Didaktika Topaketaren III. edizioaren inguruan.
80 AEKidek hartu zuten parte bertan (22 didaktikari tartean), “lanerako motibatuta eta ilusioz”, Fizen hitzetan: “AEKn jende asko ari gara lanean, eta leku desberdinetan; hortaz, 80 lagun batu ahal izatea, irakasle lanaz hitz egiteko, aukera ona da eta jendeak eskertu egiten du. Are gehiago, Donostiako seminariotik itsasora begira jarri eta konpainia onean egoteko parada badago”. Hala, Fizek erakundearentzako seinale ontzat du “AEK-ko irakasleek gauzak ikasi, landu eta jorratzeko gogoa” edukitzea. Esperientziak konpartitu zituzten bertan bildutakoek: “Esperientzien berri eman, entzun, komentatu, proposatu...”.
Hiru zatitan egituratu zen Topaketa. Lehenengoan, alde batetik, 37 lagunek Deustuko Unibertsitateko Jone Goirigoltzarriren hitzaldia entzun zuten, Euskaldun berrien auto-pertzepzioa: hiztun legitimoa naiz? izenburua duena. Garatzen ari diren ikerketaren berri eman zuen, aztertzen ari baitira euskaldun berriek euren burua nola ikusten duten euskaldunen artean eta euskaldun modura. Fizen iritziz, “hausnarketa piztu zuen irakasleen artean, ikasleei euskaldun berri edo euskaldun izaterako jauzi hori ematen zelan lagundu pentsatzeko”. Bestetik, 43 lagunek hartu zuten parte Eba Arratibelek prestatu eta  Asier Arroitak eskainitako tailerrean. Kontu teknikoak landu zituzten bertan, ikasleei aurkezten zaien materialaren itxuraren eta diseinuaren gainekoak.
Bestalde, lau bilgune proposatu ziren Topaketaren bigarren zatirako, gai edo arlo baten inguruan interesa duen jendeari bere kezkak, balorazioak eta proposamenak adierazteko aukera emateko, taldeka.
Autoikaskuntzari dagokionez, tutoretzak, mintzasaioak eta ikaslearentzako materialak nola antolatu eta ikasleekin nola jokatu aztertu zuten taldean; gehienek baliagarria iritzi zioten esperientziak konpartitzeari.
Azterketen taldean, HABEren azterketak, EGA edo bestelako proben bueltan lan egiten duten irakasleek eta aztertzaileek hartu zuten parte. Hainbat gauzaren artean, azterketek eta probek eskolan eta ikasleengan gero eta eragin handiagoa dutela azpimarratu zen.
Beste talde batean, irakasleek eskola programatzeko eta materialak bilatzeko eta antolatzeko dituzten arazoez jardun zuten, eta, hala, zantzu eta aholku interesgarriak eman zizkieten materiala egiten dutenei.
Ikaslea eta taldeari buruzko gaia lantzeko bilgunean, berriz, hainbat kontu jorratu zituzten: taldeen osaketa, ikasleen eta irakasleen jarrera eta portaera, harremanak, asistentzia...
Azkenik, hirugarren zatian, mintzodromoan, ez zen gai berririk jorratu, baina goizean saio eta talde desberdinetan ibili zen jendea talde txikietan batu zen, entzundakoen eta esandakoen berri elkarri emateko. Hori bai, kafe baten bueltan. Nola hobeto?