Giza eskubideak

wargameBideo jokoek  Genevako Ituna kontuan har dezatela eskatu du Gurutze Gorriak

Benetako gerretan gutxitan edo ia inoiz betetzen ez dena fikzioan, behintzat, bete dadila nahi du Gurutze Gorriak. Alegia, gerrari buruzko bideo jokoetan Genevako (Suitza) Ituna errespeta dadila. 1864tik 1949ra bitartean (ondoren beste zenbait protokolo ere gehitu zaizkio) nazioarteko hainbat herrialdek sinaturiko hitzarmenaren helburua da gerretan gehiegikeriak saihestu eta giza eskubideak ahalik eta gehien errespetatzea. Alabaina, historiak erakutsi duenez, gerran izaten diren aldeek apenas hartzen dituzte kontuan Genevako Itunaren arauak. Etikak eta jokabide gizatiarrak leku gutxi izaten dute sarraskiak nagusi direnean. Hala eta guztiz ere, Genevako Ituna fikziora eraman nahi du Gurutze Gorriak, eta, horretarako, gerra jokoak ekoizten dituzten bideo joko enpresekin lanean hasi da, euren jokoetan arau horiek kontuan har daitezen. Gurutze Gorriaren arabera, benetako guda lekuetan gizateriaren kontrako krimen izango liratekeen jokamoldeak saritzen dituzte bideo joko askok. Esaterako, zibilen aurkako erasoak edota torturaren erabilera. Eta halakorik ez du nahi Gurutze Gorriak. Horregatik, hainbat enpresarekin jarri da harremanetan; orain, enpresen erantzunaren zain dira, baina zenbaitek dagoeneko aldeko jarrera erakutsi dute. Gizateriak mendeetan izandako martxa ikusita, ziurrenik errazagoa izango da Genevako Ituna fikzioan betearaztea errealitatean baino, tamalez.

Himalaia

yetiYetia, hartza ote?

Kondaira eta istorio askoren iturri izan da yetia, ustez Himalaia mendikatean bizi den izaki misteriotsua. Erdi gizakia dela, animalia dela, erasokorra, lagunkoia... makina bat hipotesi eta xelebrekeria esan izan dira yetiari buruz, baina ezer zehatzik ez, eta zentzuzkoak ere gutxi. Misterioaren eremu lausoan egon ohi da yetia, eta, ondorioz, sinesgarritasun gutxi izaten dute hari buruzko esanek. Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikerlari talde batek, baina, yetiaren misterioa argitu omen du. Himalaian topatutako ile arrasto batzuk aztertu ostean, Norvegiako antzinako hartz zuri batekin baliokidetasuna dutela ikusi dute. Hala, ikertzaileen ustez, egun yetitzat jotzen dena Himalaiako goi lurretan bizi den hartz arrearen azpiespezie  bat izan daiteke. Nolabaiteko hibridoa litzateke, ez duena hartz arrunten antzera jokatzen. Horrek azalduko luke, ikertzaileen aburuz, yetiari buruz hainbeste kondaira sortu izana. Nolanahi ere, azterketaren sinesgarritasuna zalantzan ipin daiteke, bi ile lagin baino ez dituztelako erabili. Bata, duela 40 urte ehiztari batek Himalaiako mendebaldean ehizaturiko izaki batena da, eta bestea, duela hamar urte zinegile talde batek banbuzko baso batean aurkiturikoa. Norberak erabaki dezala. Gainera, benetakoa ala alegiazkoa izan, ez al da hobea izaki gaixoa bakean uztea?

Gastronomia

pintxoEuskal Herriko pintxorik onena, Hondarribiko Gran Sol tabernakoa

2010ean egin legez, Hondarribiko Gran Sol tabernako Bixente eta Mikel Muñoz anaiek irabazi dute Euskal Herriko VIII. Pintxo Txapelketa. Foie grasarekin eta pikillo piperrekin, eta soja saltsa eta modena ozpinez lagundutako bakailao ketuzko pintxoarekin eskuratu dute txapela, finalean beste bederatzi sukaldarirekin lehiatu ostean. Beste sari bat ere eskuratu dute lehiaketa berean Muñoz anaiek, aurten lehenengo aldiz osatu den herritarren epaimahai batek ere beraiena jo baitzuen pintxo onentzat. Lehiaketa nagusira itzulita, bigarren saria Irungo Gaztelumendi-Antxon tabernako Angela Basabe, Felix Manso eta Xabier Izagirrek eskuratu dute, eta hirugarrena, berriz, Remy Escale eta Pascal Etxeberriak, Donibane Lohizuneko Zoko Moko tabernakoek. Epaimahaiak jakinarazi duenez, ez da erabaki erraza izan, “pintxo guztien maila bikaina izan delako”. Bikaintasun hori bertatik bertara ezagutu nahi duenak, badaki nora jo.

Komunikazioa

Aiurrik jarduna etengo du hilabetez

Beterri-Aiztondo eskualdeko informazioa lantzen duen Aiurri agerkariak lan etenaldia egingo du urriaren 21etik azaroaren 20ra, egoera ekonomikoak hala behartuta. Horrenbestez, Aiurri hamabostekari, astekari eta web-gunearen (www.aiurri.com) jarduna bertan behera geldituko da hilabetez, eta bertako langileei erregulazio espedientea ezarriko zaie. Sosekin lotura zuzena du erabakiak. Erakundeen diru-laguntzak, publizitatea eta harpidedunak dira Aiurriren jardunaren hiru oinarriak, baina krisi ekonomikoa tarteko, eta beste hainbat hedabideri gertatzen ari zaien moduan, diru-laguntzek eta publizitateak behera egin dute. Aiurriren kasuan, gainera, Tolosaldeko Ataria egitasmoak ere (atal honetan bertan jaso dugu horren berri) kalte egin omen die: “Eskualdeko hainbat Udalek (Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul, Aduna eta Zizurkil tartean) Tolosaldeko Komunikazio Taldearen eskaintzarekin bat egin dute, kasu gehienetan gure kalterako. Haiei eskainitako diru laguntzek gureak gutxitzea ekarri baitute kasu batzuetan”. Oraingoz, hilabeteko etenaldia egingo dute Aiurrin, baina lanean jarraitzeko asmo sendoa agertu dute. Gainera, eskualdeko udalen aldetik “hitz baikorrak” jaso dituztela jakinarazi dute, eta “aurrera begira ere mantendu egin nahi dutela”. Ea hala den, eta ia 20 urtez Beterri-Aiztondoren berri ematen aritu den agerkaria berriro ere abian jartzen den abenduan.

Euskara

gurutzatuHitz gurutzatuak, txapeldun bila

Eleek, lehiak eta jolasak bat egingo dute azaroaren 23an Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketan. Luma hitz-jokoen aldizkariak antolatutako txapelketa Irungo Ola sagardotegian jokatuko da. Ohi bezala, bitan banatuko da txapelketa eguna. Goiza lehiari eskainiko zaio eta bazkalondoan, aldiz, sari banaketa egingo da animazioa lagun (bertsolariak, txaranga, trikitilariak...). Lehiari dagokionez, bi kanporaketa jokatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hamasei onenak igaroko dira finalaurrekora, eta horien artean lauk bakarrik jokatuko dute final handia, jendaurrean eta agerian. Fase guztietan hiztegia erabiltzeko aukera izango dute lehiakideek. Irabazleak txapela, 350 euroko saria eta oroigarria eskuratuko ditu. Lehen hamasei sailkatuek ere saria izango dute, eta partaide guztiek oroigarri bana jasoko dute. Horiek guztiak, baina, bazkalostean egingo dituzte. Izan ere, lehiaren ondoren umore onari tarte egiteko bazkaria eta bazkalondo girotua izango baita. Txapelketan eta bazkarian parte hartzeko 25 euro ordaindu behar dira, eta hainbat bide erabil daitezke izena emateko: Luma aldizkariaren bitartez, www.xedera.com helbidera jota, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita edota aldizkariko erredakzioarekin harremanetan jarrita. Aurten, gainera, izen-ematea, bazkarirako txartelik gabe, doan lortzeko aukera izango da, Luma aldizkariaren azken alean martxan den lehiaketan erantzun zuzena asmatuta. Hori bai, azaroaren 20an bukatuko da izena emateko epea, hortaz, erne ibili!