Azkena

egunkaria

Egunkariaren Alde elkarteak esker ona
 adierazteko eginiko ekitaldia, urriaren 17an, Martin Ugalde parkean

Egunkaria auziak askotan bete ditu AIZU!-ren orrialdeak. Hamaika urte dira euskarazko kazetaren eta, bidenabar, euskararen aurkako bidegabekeria burutu zela. Ordutik igarotako une garra­tzak, baina, amaitu dira: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzi ekonomikoa itxi du. Amesgaiztoa behin betiko bukatuta, azken zortzi auzipetuak libre. Albiste pozgarria, baina gazi-gozoa, barkamen eskerik ez delako izan eta egindako kaltea ezin delako erreparatu: auzia behin-betiko itxi den moduan, betiko itxi zuten 2003ko otsailean Euskaldunon Egunkaria.  Zorionez, hari Berria kazetak eman zion segida. Azken hori ere hizpide izan da egunotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzetan 210.000 € gutxiago jaso dituelako. Kazetaren garapena zailtzeaz gain, agerian geratu da euskarazko herri ekimeneko hedabide orori eragiten dion afera: sektorearen garapen egokia ziurtatzeko laguntzen sistema hobetu beharra. Hots, urteroko laguntzak baino, finantzaketa egonkorrak ziurtatuko dituen epe luzerako hitzarmenen beharra, eta, era berean, euskarazko produktuak kontsumitzeko gaitasuna zein gogoa izango duten pertsonen kopurua igotzeko politika zein dinamiken sustapena. Hauspoa behar baitu sektoreak, baina hauspo luzea.

Ingurumena

sugeaMunduko faunaren erdia desagertu da azken 40 urteotan

Duela 40 urtetik egundaino, lurrean bizi diren animalia basatien kopurua erdira gutxitu da. Hala jakinarazi du WWF gobernuz kanpoko erakundeak Planeta Bizia izeneko txostenean. Zehazki, 1970etik, % 52 egin du behera arrain, hegazti, ugaztun, anfibio eta narrastien kopuruak. Horietako asko, Latinoamerikako eremu tropikalean desagertu dira: eskualde horietan, % 83koa da beherakada. Guztira, 3.000 espezie ingururen 10.000 bat animalia-populazio aztertu dituzte txostenean, eta lehendik egindakoetan baino datu larriagoak bildu dituzte. Esaterako, 2012an aurkezturiko txostenean azaldu zutenez, 1970etik 2008ra bitartean % 28koa izan zen animalia basatien kopuruaren beherakada. Oro har animalien desagertzea asko handitu bada ere, zenbait espeziek beherakada nabarmenagoa jasan dute. Adibidez, ur gezetakoak % 76 gutxitu dira. Lurreko eta itsasoko espezieek, aldiz, % 39 egin dute behera. Desagertze horien arrazoiak ugariak dira: espezieen ustiapena, ehiza eta arrantza, lurraren eta uraren degradazioa, habitaten galera... baita klima-aldaketa ere. Hori bai, hainbat zio izan arren, denek dute oinarri berbera: gizakia eta bere jarduna.

Bitxikeria

txakurraHegazkinean galdutako objektuak topatzeko, txakurra onena

Gizakiaren lagunik onena omen da txakurra. Baita hegazkin bidaiariena ere, KLM hegazkin konpainiak abian jarritako ekimenari erreparatuz gero, bederen. Izan ere, Amsterdameko Schiphol aireportuan, txakur bat baliatzen hasi da konpainia hegazkinetan galdutako objektuak berreskuratzeko. Eta, antza denez, emaitzak arras onak izaten ari dira: galdutako gauzen % 80 baino gehiago denbora gutxian topatu dituzte. Lost&Found izeneko zerbitzu pilotuari dagokio arrakasta, hegazkinetan agertzen diren objektu galduak euren jabeei ahalik eta azkarren itzul­tzeko asmoz sortua. Besteak beste, Sherlock izeneko txakurra baliatzen dute zerbitzu horretan. Galduriko objektua usaindu eta aireportuan bertan abiatu ohi da txakurra jabearen bila, aireportutik irten baino lehen topatzeko asmoz. Nolanahi ere, gainontzeko taldekideen lanak ere badu zerikusia: bidaiarien datuak (eserleku-zenbakia, telefono-zenbakia, sare sozialetan topa daitezkeen datuak...) kontuan hartuta, objektuen jabeak aireportuan lehenbailehen aurkitzen saiatzen dira. Hortaz, hain emaitza onen meritua ez da Sherlockena bakarrik.

Komikia

getxoXabiroi’ aldizkaria omenduko dute Getxoko Komiki Azokan

Azaroaren 21etik 23ra bitartean, hitzordu garrantzitsua izango dute komikizaleek, egun horietan egingo baita Getxoko XIII. Komiki Azoka. Ohi denez, eskaintza oparoa topatuko dute Areetako geltokian kokaturiko karpara jotzen dutenek: komikigintzari loturiko produktuen salmenta postuak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, sinadura ekitaldiak… Euskarazko komikigintzak, gainera, protagonismo berezia izango du aurten, azokak Xabiroi aldizkaria omenduko duen heinean. Ikastolen Elkarteak argitaratzen du Xabiroi, eta euskal komikigintzaren erakusle garrantzitsuenetarikoa delako omenduko dute. 2005ean hasi ziren Xabiroi argitaratzen eta, lau hiletik behin, euskarazko istorioak helarazten dizkie euskal gazteei. Ez nolanahiko istorioak, gainera, kolaboratzaile sare nabarmena baitu. Marrazkilarien artean, esaterako, Dani Fanok, Patxi Huarte Zaldieroak, Antton Olariagak, Iñaki G. Holgadok, Asisko Urmenetak eta beste hainbatek hartzen dute parte. Gidoilarien artean ere izen aski ezagunak topa daitezke: Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Eider Rodriguez, Arantxa Iturbe… Xabiroi aldizkariaz gain, Jordi Bernet egile kataluniarra ere omenduko dute aurtengo ekitaldian. Xehetasun guztiak, baita astebete lehenago (azaroaren 15 eta 16an) egingo den Manga Azokarenak ere, http://www.salondelcomicdegetxo.net gunean ezagutu ahal dira.

Telesailak

twin‘Twin Peaks’ bueltan da

Egun kultuzkotzat jotzen den Twin Peaks telesaila itzuli egingo da 2016an. Halaxe jakinarazi du Showtime telebista kateak. Bederatzi kapitulu berri izango dira eta jatorrizko sortzaileek egingo dituzte. Hots, David Lynch eta Mark Frostek sortuko dituzte gidoi berriak, eta Lynchek berak zuzenduko ditu. XX. mendeko azken hamarraldian, sekulako arrakasta izan zuen Twin Peaks telesailak. 1990 eta 1991 urteetan eskainia, harrera paregabea izan zuen. Twin Peaks izeneko fikziozko herriko gorabeherak zituen hizpide, herritar baten (Laura Palmer) hilketa abiapuntu. 2016an ikusi ahal izango diren kapituluek jarraipena emango diete ordu hartako gertakariei. Hori bai, gaur egunean kokatuko dituzte gertakizunak. Hortaz, eta aktore lanetan zeintzuk arituko diren zehaztu ez badute ere, jatorrizko kapituluetan lan egin zuten berberak izango direla aurreikus daiteke. Dena dela, hori guztiori jakiteko, 2016ra arte itxaron beharko da.

Artikulu gehiago...

  1. Euskara
  2. Ondarea
  3. EHZ
  4. Nafarroa